Memoria Demokratikoaren Legea eta zigorgabetasuna
Memoria Demokratikoaren Legea eta zigorgabetasuna –
Hasieratik esan behar da, eta hori zalantza asko izan gabe, lege honek ez diela ematen, ezta urrundik ere, frankismoaren erregimen kriminalak egin zituen mota guztietako delituei behar eta merezi duten erantzuna. Aurreko egoerarekin alderatuta, hau da, Memoria Historikoaren Legepean zegoen egoeraren aldean, lege berri honek aurrerapen batzuk ekartzen dituela ukatu ezin bada ere, eskakizun historiko eta oinarrizko batzuk bete gabe geldituko dira.
Horien artean, eta lehenik eta behin, zigorgabetasunarena. Frankismoaren biktimek biktima ez izaten jarraituko dute lege berri honekin ere. Legeak biktima kontsideratu izan balitu, biktima horiek justizia eta erreparazioa izateko eskubidea izango lukete, baina hori ezinezkoa da 1977ko Amnistia Legea bertan behera utzi gabe. Eta, noski, legeak biktima errealak, ez erretorikoak, izendatzen ez baditu, borreroak ere ez ditu izendatzen. Mugimendu memorialistan, ez Euskal Herrian bakarrik, baita Estatu osoan ere, frankismoaren biktimek lehen zuten «bigarren mailako» estatusarekin, berdin jarraituko dute lege berri honen atzetik. Lege honen beste akats batzuk izendatzearren: Eliza katolikoaren rola frankismoaren garaian legetik guztiz at gelditzen da. Legeak tribunal frankisten «ilegaltasuna eta legitimotasunik eza» adierazten du, bai, baina gero ikusi beharko da neurri horien irismena. Legeak onartzen du «konfiskatutako ondasunen ordaina jasotzeko» eskubidea baina, hori bai, Estatuak ez duela inongo erantzukizun ekonomikorik hartuko gogorarazten digu, modu horretan aurreko neurriaren irismena guztiz edo ia guztiz mugatuz. Adibidez, Alemaniak, Bigarren Mundu Gerraren ondoren, neurri ekonomiko batzuk (ez nahikoak, dudarik gabe) eragin zituen III. Reichean esklabotzan lan egin zutenen (batez ere, juduak) alde, baina Memoria Demokratikoaren Legeak garbi uzten du hau: «Legeak aurreikusten dituen erreparazio neurriek ez dute ez Estatu, ez edozein administrazio publiko, ez norberaren aldetik inongo eskubide ekonomikorik ekarriko».
Alderdi positiboen artean, DNA Bankuarena, fitxategien irisgarritasun hobetua, desagertuen eta erailen gorpuzkien bilaketaren aldeko neurri batzuk agertzen dira, eta hori ezin da ukatu. Ezin dira ukatu sinbologiaren inguruko aldaketa batzuk ere, hala nola kriminal frankisten desobiratzeak, frankismo garaian erregimeneko pertsonaiak izandako batzuei emandako noblezia tituluak kentzea, etab.
Batzuek, Memoria Historikoaren alorrean aritzen diren batzuen iritzian lege berri honen eragina eta esanahia laburbiltzeko asmotan, «biktimen apartheid»-az hitz egiten dute: «Estatuari interesatzen zaizkionak (ETArenak) eta besteak, bigarren mailakoak (frankismoarenak)». Ahots kritiko horiek zera esaten dute: «Lege berri honekin (aurrekoarekin bezala) ‘eliteei, borreroei eta horien ondorengoei enbarazu ez egitea’ bilatzen da» eta, are gehiago, «lege berri honekin frankistek jasango duten zigor handiena noblezia titulu batzuen galera izango da». Estatu kolpetik 80 urtetik gora pasa eta gero, ez dirudi zigor handiegia denik. Guretzat ezinbestekoa da Estatuak, bere osotasunean, bere baitako botere osagai guztiek, errealitate hau onartu eta egikaritzea, erailketa eta errepresio aztarnen adierazle guztiak frogatu eta judizializatuz (nazioarteko zuzenbideak agintzen duen protokoloaren arabera), dagokionaren erantzukizunak argituz eta epaituz; eta ondorio hauengatik kaltetuak, izan banakoak edo kolektiboak, nahiz herri edo nazioak, erreparatzea: sinbolikoki, moralki, soziokulturalki, politikoki eta ekonomikoki. Hori egin ezean, Estatu honen erraiek frankismoaren parte izaten jarraitzen dute, eta, horrenbestez, honen neurrira kritikatu eta interpelatzeko eskubidea izaten jarraitzen dugu.
Testuinguru honetan eta lege berri honen harira, EAEn, azaroaren 11n egiten den Memoriaren Eguna ikusi dugu. Hemen ere «memoria» hitza erabiltzen da, baina ez Memoria Demokratikoaren Legean erabiltzen den zentzuan. Hemen, EAEn, frankismoaren indarkeria –geroago etorri zirenak baino askoz handiagoa izan zena, inolako alderaketarik gabe– ez da sartzen Memoria Egunaren kontzeptuan. Berriro, alderdi politiko batzuen (EAJ, PSOE, PP, etab.) interesa bi indarkeria (frankismoaren garaikoa alde batetik eta ETArekin etorri zirenak bestetik) motaren arteko nolabaiteko «suebaki» bat egitea dela ezin garbiago ikusten da. Interes horien arrazoiak kristala bezain gardenak dira: ETAren sorrera testuingurutik ateratzea, horrela berau deslegitimatzea errazagoa izango dela pentsatuz. Hala ere, euskal alderdi batzuen interes sektario honek ezin du errealitatea ezkutatu; hau da, frankismoa izan zela ETAren sorrera eragin zuena; eta, geroztik, Estatuaren baitako zenbait indar enkistatuk, frankismoaren helburu eta estrategia genozida sustatzen jarraitu dutela, Estatuaren eta Euskal Herriaren arteko gatazka sozio-politikoa bere horretan iraunaraziz.
Bitartean, frankismoa «memoria»-ren kontzeptutik baztertuz, frankismoaren atzetik ibili ziren indarrak eta gaur egun ere hori legitimatzeko lanean jarraitzen duten indar politikoak (PP, Vox, Cs) ez dira interpelatuak sentitzen, eta indar horiei ez zaie eskatzen ETAren indarkeriarengatik ezker abertzaleari etengabe eskatzen zaion autokritika. Ildo horretan, EAEn memoriaren kontzeptutik frankismo garaiko indarkeria baztertzeak frankismoaren memoria lausotu eta debaluatu besterik ez du egiten.