Mehatxuak mehatxu, egoitzetako grebalariek tinko eusten diote borrokari

Mehatxuak mehatxu, egoitzetako grebalariek tinko eusten diote borrokari –

Mehatxuak mehatxu, egoitzetako grebalariek tinko eusten diote borrokariAstelehenaz geroztik greban dauden Bizkaiko egoitzetako langileek atzo abiatutako 72 orduko baraualdiaren bigarren eguna dute gaurkoa, eta bertatik desalojatzeko mehatxua dute beren gain, udaltzainak hainbatetan bertaratu direlarik atzo iluntzeaz geroztik. Zaintzarekin negozioa egitea helburu duen eredu merkantilistari jarraikiz ezartzen zaizkien baldintza eskasak salatzen dihardute beharginek, eta lan horiek publiko izatea aldarrikatzen dute. LABeko koordinatzaile orokorra, Garbiñe Aranburu, aldundiaren aurreko karpara bertaratu da goizean, grebalariei babesa eta esker ona adierazteko.

“Emakume hauek beraien soldata, lan-baldintza eta ratioak hobetzeko borrokan ari dira, baina borroka hau hori baino askoz ere gehiago da. Zaintzarekin egiten den negozioa salatu eta zaintza lanak publikoak direla aldarrikatzeko borroka da”, nabarmendu du Garbiñe Aranburuk eguerdian egin den elkarretaratzean parte hartu ostean. Hala, beharginei eskertu egin die zaintzaren arazoa politizatu, sozializatu eta ikusgarri egiteko borroka honi heldu izana.

Hain zuzen ere, zaintza erdigunean jarriko duen sistema publiko eta komunitarioa aldarrikatzen du LABek, sindikatuarentzako lehentasunezko borroka delarik egungo eredua irauli eta zaintzaren bueltako arazoari irtenbidea ematea. “Zaintza sistema publiko bat aldarrikatzen dugu, eta hauteskunde kanpainaren erdian gaudelarik, agenda politikoan kokatu beharreko gaia dela deritzogu. Eta argi daukagu gaur egunera arte instituzio nagusiak gobernatu dituen EAJ-k ez duela zaintza sistema publiko bat babesten, zaintzarekin negozioa egiten jarraitu nahi duela”, salatu du Aranburuk. Bada, adierazi duenez, langileok aldaketa politiko horiek bultzatu behar ditugu.

Karpa kenduarazteko mehatxua

Aipatzekoa da atzo (asteazkena) iluntzeaz geroztik, Udaltzaingoa behin baino gehiagotan bertaratu dela grebalarien karpara, baimenak berrikusteko asmoz. Oraingoz hantxe jarraitzen dute grebalariek, eta aurreikusi bezala, ekimena larunbat eguerdira arte luzatzeko asmoa dute. Dena den, badirudi kaleratu egin nahi dituztela; beraz, gerta daitekeenaren aurrean adi egoteko deia egin diete kide eta herritarrei. Era berean, EAJk eta Aldundiak egoitzetako langileak isiliarazi nahi izatea gaitzetsi dute.

Mehatxuak mehatxu, egoitzetako grebalariek tinko eusten diote borrokari