[Nor zen?] Maurizia Aldeiturriaga

Maurizia Aldeiturriaga

«–Maurizia.

–Zer, Teodora?

–Jende askok galdetu dit ea zergatik esaten duzun “aupa Maurizia” plazan jotzen ari zaren bitartean. Eta egia esan, neuk ere ez dakit zergatik egiten duzun.

–Teodora, horrek erantzun erraza dauka ba! Neronek aupatzen ditut Leon eta Fasio, baina ni nork aupatzen nau? Leonek ezin du berbarik egin alboka jotzen duen bitartean… eta Fasio totela da! Bietako zeinek animatuko nau ni?

–Arrazoi!

–Horregatik esaten diot neure buruari… Aupa Maurizia!».

.

Goiko pasarte bitxi horrexek ematen digu Maurizia Aldeiturriaga izan zenaren izaeraren zantzua. Paia-Payatarrek (Fredik eta Xabierrek) 2008an Bizkaiko Trikitixa Elkarteak eskatuta idatzi zuten liburutik jaso dugu, “Aupa Maurizia”, pandero jotzailearen biografia pertsonala eta musikala egiten duena -oso interesgarria bigarren atal hau-. Anaia bertsolariek baino lehen, Bidegileak bildumak eskainia zion liburuxka bat arratiarrari, Agurtzane Intxaurragak idatzia. Bi lan horietatik jaso dugun hemen dakargun informazioa.

Maurizia AldeiturriagaMaurizia Aldeiturriaga Zabala 1904ko irailaren 22an jaio zen Zeberion, sei neba arrebatan gazteena, eta 1988ko maiatzaren 19an hil. Familiako eta inguruko musikariei entzunda bere kabuz ikasi zuen panderoa jotzen -amak Bilbotik ekarri zionarekin-, eta hamabi urte bete geroztik plazarik plaza jotzen hasi eta famatua egin zen oso, erromeriatan.

Baserritar saiatua ei zen, fede handikoa, arrosarioa errezatzeko ohitura zuen, eta lo gutxikoa, goizeko bost eta erdietarako kortan ei zen ja, esnea jeizten. Kartetan egitea zuen zaletasun, briskan batez ere.

Umoretsua eta arduratsua zen Maurizia, perfekzioa lortu artean etsitzen ez zuena. Plazarik plazako jardunean, esaterako, berak hartzen omen zituen enkarguak, eta bere gain gainontzeko musikariekin harremanetan jarri eta joan-etorriak antolatzea.

Jantzi tradizionala erabiltzen zuen soinean beti, edonora joateko ere -baita estudioan grabatzeko ere-. Emanaldia zuen egunetan garaiz ibiltzea gustatzen zitzaion, eta dena ematen zuen panderoaren astindu bakoitzean. Hasi aurretik, egunkari orri batzuk erre eta berotasunarekin panderoaren larrua tinkatzen zuen.

Garai hartan, auzo inguruko musika emanaldietan ohikoa izaten zen andreen parte hartzea, baina jaiegun handietako plazako emanaldietan gero eta zailagoa zen emakumezkorik ikustea. Gizarte atzerakoi hartan maila handiko pandero jole eta kantaria zen; Mauriziaren ahotsa ospetsu bihurtu zen, egiten zituen jokoengatik.

Garaiko herri musikari askok bezala, solfeorik ez jakitearen tamala ei zeukan Mauriziak, eta musika etxeko ekonomiaren laguntza zuen, inola ere ez zutabea.

“Seriotasun eta solemnetasun handia ematen zion joaldiari -idatzi du Fredi Paiak-. Erritual bat zen jende aurreko musika Mauriziarentzat. Soinularia eta albokaria berandu heltzen bazen ere, berak erromeria hasten zuen ordua heltzen zenean. Indar izugarria transmititzen zuen, presentzia garrantzitsua zuen eta horrela lortzen zuen entzulearen arreta erakartzea. Berak jotzen zuenean, jendea begira geratzen zitzaion”.

1985ean Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean berak aitortu zuen “koplak euskaraz kantatzea oraintsuko gauza” zela. 60ko hamarkadan hasi zen bera euskaraz abesten -ordura arte erdaraz kantatzen zen!-, etxean edo inguruan kopla zaharrak jasota.

Panderoa jotzen eta kopla zaharrak abesten ezagutu zuen Benantzio Bernaola Karakol, urte luzez plazako bikote ez ezik senar ere izango zuen soinu jolea -Arteagara ezkondu ziren-. Aurretik Joakin Gotirekin jo zuen plazan, Leon Bilbao albokariarekin eta Fasio soinu jolearekin gero.

.

Euskal kultur berpizkundearen totema

Ahots grabea zuen, berehala harrapatzen zaituena, basatia. Behetik kantatzen hasi eta goitik amaitzea zuen gustuko, oktaba bat igota errematea emanda; Leonen albokak bezala egiten ei zuen kantuan. Biluztu egiten zen abesteko. Seguruenera mikrofono barik abesten oso ohituta zegoelako, inolako babes edo euskarririk gabe dena ematera, beldurrik gabe.

Gaur egun Maurizia entzun eta “desafinatu egiten du” esango duenik ez da faltako, gazteak badira, batez ere; Fredi Paiak “tenperamentu zaharra” deitzen duen horretan kantatzen baitzuen, “bertakoa dela esan barik, ez daukagulako hori adierazteko daturik”. Musikari moderno guztiak liluratu zituen, ezagutzen ez zuten zerbait zen, lurraren erraietatik zetorrena eta indar izugarria transmititzen zuena. Izan ere, potentzia izan zen Mauriziaren arma nagusietako bat”.

“Ezin uka liteke, Maurizia Aldeiturriaga  da desagertzear zegoen mundua ulertzeko era baten desfribrilazioa ekarri zuen sustraien bilaketaren logotipoa”, paiatarren liburuan diotenez.

Hertzainak taldeko Josu Zabalak beraiengandik ikasi zuela dio, Maurizia eta Leonengandik. “Jende gutxik jakin du dakiena hain modu naturalean erakusten. Euskal rockarentzat Maurizia beste garai bateko punkirik punkiena zen; Sid Viciusen aurrean Maurizia erregina bat, askoz koherenteagoa bere ibilbidean”. Miresle sutsua ei zuen Fermin Muguruza ere. Horren lekuko, 1985ean Kortaturen debut lanean bere ahotsa sartu izana, “Tolosa inauteriak” kantuan.

1 Eskultura Leon eta Mauriziaren omenez (azken honen semea aurrean dela), Arteagan. 2 Poltsak, “Aupa Maurizia” leloagaz. 3 Aukeran dantza taldearen “Maurizia” ikuskizuna (afixa), panderoan oinarritua. 4 “Maurizia, Leon eta Basilio”, Elkar 1879. 5 Les Grandes Personnes tailerrak (Frantzia) egindako erraldoiak. 6 Zumaiako horman aldarrikapena “gora herria!”.

.

Mauriziaren irudia ikoniko bihurtu da egun, eta berdin erabili da Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdiko ikur gisa zein tiserta diseinuetan.

Musikari dagokionez, arestian aipatutako Kortatuz gain asko izan dira bere ahotsa sanpler bidez kantuetan txertatu dituztenak (Iker Goenagak “Txikitxuterik” lanean, Urgabek “Edan hemendik” diskoan, Esne Zopakek “Baltxakua” kantuan)… edo pandero jolea omendu duten taldeak aipamen bat egin edo kantu zein ikuskizunen bat eskainita (hemen zerrenda bat), Imuntzo eta Beloki eta Oreka TX-etik Kepa Junkera edo Goseraino.
.

Maurizia Aldeiturriaga Maurizia Aldeiturriaga Maurizia Aldeiturriaga