Matxinada eta Auzolana, kapital sozialari dagokionean elkarren artean guztiz desberdinak
Matxinada eta Auzolana, kapital sozialari dagokionean elkarren artean guztiz desberdinak –
Jose Antonio Rekondoren liburuak zer pentsaturik asko eman zidan, baita, gaur kasik hilabete bat, artikulu batzuetarako adoretu ere. Arzimendiarrieta eta berak bultzatutako kooperatismoak piztu-erakarri zuen nire interesa, oraindik ere itzali ez dena. Halarik ere, nire irakurri molde aldrebestuak, zein, Arizmendiarrietaren pentsamendua zela-eta, bidean agertutako kontuek, desbideratu naute, nonbait, Rekondoren liburuari berari propio eskaini nahi izan nion arreta eta dedikaziotik. Artikulu segida-sorta horren foroek eztabaida luze eta askotan beroak sortu zituzten, aurrez inondik ere espero ez nituenak, egia esatera. Eta foro horien baitan zenbait kontu eta gai joan ziren agertuz, pertsonalismoa zela, bat-bateko iraultza versus mailaz mailako eraldaketa progresiboa zela… eta horiek guztioriek, nahiz-eta jatorri batean Rekondoren liburuak ekarritatakotik etorri, bazetozen, pertsonalismotik euskal pertsonalistarik nagusiena dugun Karlos Santamariarengana desbideratu ninduten hasiera batean, Sanatamariak Weilengana, hurren, eta, horrela, ibili-ibilian, kasik batere konturatu gabe, adarkatu, adaskatu edota, nork jakin, are ezpalkatu ere egin nintzen orain hilabete bat Rekondoren liburuari eskaini nahi izan nion arreta patxadatsutik.
Orain, atzera eginez, uretan gora eginez-edo, berriz ere artikulu sorta horretarantz egingo dut eta, gaurko honetarako, “Matxinada auzolanaren kontra, 60ko sumendi ideologikoan” izenburukora propio-propio, ezen, berorretan aurkitu baitut gaurko honetarako atzean utziriko lekukoa.
Herri ororen baitan bere etorkizunerako gakoak daudela ondo baino hobeto zekien Arizmendiarrietak, hori aditzera ematea izan zen aipatu iragan artikulu horren zuztarra. Bide onerako, aurrebiderako ezinbesteko baldintzak, baliabideak, gakoak, herri ororen baitan daude, eskuragai, garaiko gakoak irakurtzen asmatuz gero, behinik behin. Alabaina, hori horrela ere, badago zerbait askoz garrantzitsuagoa Arizmendiarrietaren ikusian, herrien arteko aldea balioesteko orduan; herritik herrirako aldea zeratan baino ez zetzan, bere ikusian, derrigor bizi beharreko zituen zirkunstantziei, sarri askotan ez-faboragarri, zer nola, zer nolako adorez eta jarreraz ekiten zieten buru (REKONDO, J.A., Matxinada contra auzolan, cfr. 33. or.). Eta Euskal Herriak zituen aurre-baldintzei zegokienean, zein are garrantzitsuago zeritzon euskal jarrerari zegokionean ere, ezin baikorrago agertu zen hasiera-hasieratik Arizmendiarrieta.
Eta “Iturri zaharretik ur berria” edaten asmatu zuen Arizmendierrietak. Suma on-onez jardunda, ordura arteko euskal legatuak eta orduko euskal ondareak zer eskainirik asko zutela antzemateko gauza izan zen. Guztion ona, euskal gizartearen ona iristeko biderako klabeak oro esku-eskura zeuden, are itxura guztien arabera panorama guztiz-guztiz kontrako zirudien horretan ere.
Halarik ere, garai latz, ilun eta konplikatu horren aurrean, gure Euskal Herrian, Arrasaten zehazkiago kasu honetan, denek ez zuten aterabide berberaren alde egin. Izanez ere, Rekondok bere liburuan ezin argiago azaltzen duenez, herri ororen baitan daude enbor oso ezberdinetako tradizioak. Tradizio ezberdin horiek ondo bereiztea, eta denboran zehar berek zer nola obratu duten antzematen jakitea oso inportantea da. Bada, gurean ere, nabarmen bereiz daitezkeen bi baloreen paradigma erkar-aurkakotuak argi ikus zitezkeen jada 60ko urteetako sumendi ideologikotzat jo liteken giro emankor bezain nahasi horretan ere. Bi paradigma aurkakotu horien existentzia ezin da ukatu. Kontua ageri-agerikoa da, eta gertakari batzuen izatasuna hain argia denean, berorretaz jardun ahal izateko, onena, aurren-aurrena paradigma bakoitzari legokiokeen izendapen apropos bat egokitzea. Horrela egingo du Rekondok. Aukeraketa hori egiteko, buelta gehegirik inondik eman ez, eta esku-eskura dugun hitz-ondarea baliatuko du. Guztion ona eraikitzerarekin hertsiki lotutako kooperatibismoaren paradigma-markoari “Auzolana” deituko dio, berezko auzolanaren adiera arruntaren balore tradizionalak ere gaurkotzen dituelakoan. Eta, bestalde, beste paradigmari, ideolologikoki iraultzekin lotura duen horri, euskarazko “Matxinada” hitza egokituko dio, betiere ondo kontuan izanik zera eman nahi dela aditzera “matxinada” hitzaz: bidegabekeria objektibo zein subjektibo baten aurrean eragindako insurrekzioa.
Lehenengo paradigmari dagokionean, auzolanarenari dagokionean, zera nioen aurreko artikulu horretan; auzolana terminoa atergabe hartu zuen ahotan Arizmendiarrietak bere idazkietan. “Auzoa”, batetik, zein, “lana”, bestetik, ezin adierazgarriagoak ziren euskal gizartearentzat. Orduko garai horretan enpresa eredu berri horri kontu egin nahian gabiltza. Eta, egiari zor, zin-zinez auzolana besterik da, herriari lotuta, auzoari, komunitateari, ez inondik enpresa giroari. Ezin esan hortaz gauza beraz ari garenik, tronpatuko ez bagara. Dena den, argi oso uzten du kontu hori Rekondok, horretarako kooperatibismoan aditua genuen Dionisio Aranzadiren iritzia bere lerroetara eramanaz.
Bestetik, “matxinadaren paradigmaz” honako hauxe nioen; Arizmendiarrietaren asmoez guztiz beste aldean, ENAMek eta bere sigizioak euskal gizarte masa, lehenik eta behin bere ezjakinetik askatu, eta gerora iraultzaren arrakasta estadioetara gidatzeko ardura hartu nahi izan zuten beren gain. Euskaratiko hitz jator-jatorra delarik ere matxinada hitza, Rekondok ez du hala moduz-edo aukeratzen; izanez ere, aspaldiko ENAMen sigizikoek bere egiten dute, 68koen epelean abiatutako ETAk egindakoen berri emateko. Horren adierazgarri-edo, esaterako, “La Rebelión vasca” izenburupeko liburuan Ezker Abertzalearekin guztiz bat egiten duen Andoni Olariagak darabilen “Euskal Matxinada”; edota, Sorturen 2016ko eta 2021eko ponentzietan agiriki Matxinada terminoaren zenbait aipamen.
Hortaz jada esandakoa labur eta arin behin berriz ere bilduta, har dezadan esandakoaren ababiaburu eta hemendik aurrera esatear dudanaren abiagune Estornes Lasaren aitorpen trinko bezain adierazgarri honako hau:
“Bi sektore daude, bortxarena eta bakearena, atergabeko lan gogotsuan konfiantza duena, eta den-dena bat-batean eta tarteko urratsik gabe nahi duena” (ESTORNES LASA, B., Introducción al hecho moral vasco).
Bi paradigmen aurkakotasuna eman da jada gure historia garaikidean, ekitez gertatu da jada. Hori hala izan bada ere, bada kontu honetan zerbait kasik izatezko aurkakotasun hori baino biziagoa, eta zer eta legatuarengatiko borroka da.
Rekondok Euskal Heriak berpizte ekonomikorako duen berezko gaitasuna nabarmendu nahi izan du, horretan Martin Wolf-ek Financial Times-en publikatutako artikulu batez baliaturik. Bere ekonomia eta finantza autonomiak garrantzia handia badu ere, oinarri kulturalak ere zeresan handia du. Bada herri-luzoru horretatik abiaturik, eta Putnam-en kapital sozialaren ikuspegitik, ibilbide luzeko diren bi mugimendu idanrtsu eta elkar-aurkakotu horiek, biek ala biek, kapital sozial handia dutenik ezin uka. Bi-biek kapital sozial handia dute pilaturik euren baitan, bai dinamismoari dagokionean, bai bilbatu dituzten harreman sozialen sareei dagokienean. Kapital indartsu horiek aitortuta ere, hurren, batean zein bestean zein kapital sozial suertez ari ote garen ondo zehazte-zedarritzeari ezinbesteko iritzi beharko genioke, gurean gertatuak gertatuta. Alegia, zera eduki behar genuke argi, zeintzuk dinamika baliatu dituen paradigma batek eta besteak, zeintzuk konpromiso-suerte bultzatu diren paradigma batetik eta bestetik.
Izanez ere, elkarren artean ez dure batere-batere zerikusirik bi paradigmek, ez da gauza bera denon ongia bultzatze aldera elkartzea, ala sorturiko talde hori gainontzeko gizarteari gailendu eta bere gainean hegemonikoa izatea nahi izatea. “Parteen arteko zubiak eraiki”/”barne loturak sortu” bi polodun eskema putnam-iarraren arabera polo banan kokatzen dira Matxinada eta Auzolana. Auzolanak “zubiak eraikitzearekin” du lotura estua, hau da, denetariko jende-suerteren arteko konbergentzia lortzea du xede, bide zabal-zabal bat sortuz, are zinetan aurkariak lituzkeen horiek ere bereganatuta. Matxinada, aitzitik, “lotzen” duen kapital sozialarekin dauka zerikusirik, estu-estua eta oso homogeneo den corpus batean masa bat bildu nahi duena, “besteen”, “gainontzekoen” aurrean, arrotzatzat jota, lubakituta-atrintxeratuta.
Honaino oraingoz…
Auzolana Matxinada
Matxinada eta Auzolana, kapital sozialari dagokionean elkarren artean guztiz desberdinak
“Izanez ere, elkarren artean ez dure batere-batere zerikusirik bi paradigmek, ez da gauza bera denon ongia bultzatze aldera elkartzea, ala sorturiko talde hori gainontzeko gizarteari gailendu eta bere gainean hegemonikoa izatea nahi izatea.”
Bi paradigmak oso ongi agertzen dituen esaldia.
Munduan zapaltzaileak eta zapalduak hainbat eta hainbat arlotan daudela eta zapalduak matxinatzeko eskubide guztia duela erabat ahaztuta, noski (hegemonia lortzearekin zerikusirik ez duen helburu erabat zilegizkoa izaki).
Pin eta pon-en herria, alegia.
Baina gure kasuan ETAkoak zapalduetaz mozorrotu eta zapaldu egin zuten gure herria. Perbertsio horren aurrean gauzak argitu behar dira. ETAkoek herria zapaldu zuten, Euskal Herria, eta askatzaile piuraz mozorrotu ziren. Suizidatu dira eta herriak ez ditu gogoko eta ez gogoratu nahi ere. Baina gogoratu behar dira, Euskal Herriak izan dituen barne-etsaiak eta beraien odolezko uzta errepikatu ez dadin.
Irakurri Espainiako konstituzioa.
Ikusten da ez duzula errealitatea ikusi nahi.
Irakurri Euskal Herriaren azken historia, ikusi zer uzta jaso duen ETAren berrogei urteko borroka politiko-militarrak.
Euskal Herrian paradigma eraikitzaile bat gertatu da, eta zenbait ekimen izan ditu eta ondorio iraunkor positiboak (ikastolak, kooperatibak…).
Aldamenean, ETAren borroka politiko-militarra. Askapen Mugimendu marxisten artean azken azkena utzi zion gure erakunde armatuak borroka armatuari.
Zer ondorio positibo izan ditu? Esango didazu? Edota manzanas traigo batekin erantzungo?
Ez al dira izan konbinagarriak bi paradigmak? Zergatik bata bestearen kontra? Nork ezartzen du dikotomia hori auzolana vs matxinada? Eta baso komunikanteak? Ah lagun! horretaz ezin da eta hitzegin. Hainbat istorio pertsonal eta kolektibo lege eta indar armatu arrotzek ukatzen eta ukatuko dituztenak. Diskurtso eta eztabaida hauekin badirudi gure historia bukatua dagoela, eta ez lagunok; etorkizuna idatzi gabe dagoelako, borroka eta lan egin dezagun irabazteko. Eta ez gaitezen tronpatu zipaio izaten iraganarekin.
Estimatuak beti zure analisiak Igor.
Bai, hori esaten digute ezker abertzaleko aitaponteek. Gertatzen dena hori ez dela egia. ETAk eta ezker abertzaleak mespretxatu ditu kooperatibak, kapitalismoaren instrumento bat zelakoan, beraiena Kubako estatu enpresen paradigma baitzen.
Hor ageri da Rekondoren liburuan bi paradigmen arteko talka.
Indar armatu ez-arrotzek, ETAk kasu, izorratu egiten duenean bere herria bera eta ikustea besterik ez dago 90-2000 hamarkadetan ezker abertzaleak zenbat ostia partekatzen ziren eta ze aniztasun politikoari zijoazkien ostia horiek, ba bueno, arroztasunaren arazoa pixkat erlatibizatu egiten duzu. Bai, PPkoak eta PSOEKoak españolak ziren, baina ez zizuten kotxea erretzen, enpresa estorsionatzen, zure aurpegia karteletan jartzen, konzentrazioak zure etxe aurrean eratzen….
Espero dezagun hori bukatu dela eta etorkizunean elkar-lan bat egin daitekeela bortxaren mehatxurik gabe. Baina iragana ezagutzea gauza ona da. Ankasartzeak errepikatu ez ditzagun.
Ekintza kooperatiboa fruituak ematen hasia zen Azurmendik “euskal ezkertiar berriak” deitzen zituen sektoreek Arizmendiarrietarekin eta kooperatiben munduarekin ireki zuten liskarra piztu baino urte batzuk lehenago.
60ko hamarkadaren bigarren erditik aurrera marxismoarekin identifikatu zen ETAren bultzadaz azaldu zen talka hori, eta erakunde horretan gertatu ziren zatiketekin jarraitu zuen. Beren postulatuak identifikatu ahal izango ditugu, beren testuetara edo dagozkien beste testu subsidiario batzuetara joz.
Horrela, fideltasun handiz agertzen da Rekondoren liburuan bi paradigma horien arteko liskarra. Liskar hori kolaboratzaile ziniko gisa aurkeztu nahi izatea. Baina bai, egia da etorkizuna idazteke dagoela; baina horrek ez du justifikatzen iragana faltsutzea.
Hara nola ageri den adierazita MATXINADA terminoa, askoz, lehenago, Juan Bautista Eguzkitzaren 1935eko “Gizarte auzia: ugazaba eta langille arteko gora-berak” artikulu bilduman:
“Eta bere asmuak aurrera eroateko, alkargokeriak (sindikalismoak) ontzat dukazan bideak, zeintzuk ete-dira? Domukeri edo kapitalismoa, lantzean pizka bat moztuaz, geldi-geldika berez lez lurrera jausiko dala diñoen sozialistak, tentel ala maltzur andi batzuk ei-dira; diñoen ori siñesten badabe, tenteltzarrak: siñestu barik ba-diñoe, ostera, langilleai iruzur egin nai dautsen maltzur andiak. Sindikalisten eretxiz domukeria (kapitalismoa) indarrez eta takateko gogorrez eratsi bear da lurrera, ta orretarako, koipekerietan ibilli barik, aurrez-aurre ta zuzen jokatu bear ei-da. Edozer ei-da aizu edo zillegi: edozein bide, on eta txalogarri. Ogibide guztietako langileak, guztiak batera, oporketara (grebara) jaurti, NASTE TA MATXINADAK sortu, lanerako tramankuluak apurtu, ta ugazabai albait kalterik geien egitea, garaitza lortzeko bide onak ei-dira: izkillu bunbadaz ta eztandakiz batzuk il eta besteak ikaratzea be txartzat eztauke. Domukeriari zaplada ederrak emoteko beste biderik be ba-dago, Griffuelhes’ek diñoskunez (Frantziako CGTko buruzagia). Zein ete-da? Domukeria eta bakotxaren jabetzea albestean laidoztu; orrein aurka iñon diran guzurrak asmau, esan eta zabaldu; lan oni eten barik ekin; egirik ezin danean, guzurra ta abarra, egiantza emonaz, ugari erabilli, gizartearen eta batez be langilleen eretxiak aldatu daitezan eta erriak be erabagia domuaren eta bakotxaren jabetzearen kaltez eta alkargokeriaren alde emon dagian. Bide au izkillu-bunbada ta eztandakirik onenak baño be obea ta indartsuagoa ei da-ta, sindikalistak ezeze beste ezkertar guztiak be, bide orretara sarri joten dabe. Bidegabeok ontzat daukazan alkargokeria, ona ezelan be ezin izan daiteke. Elburua ona ba’litz be, bideko txarkeri oneik osoro zikinduko leukie; baña alkargokeriaren elburua be txarra da-ta, gizadiaren lepora jausi dan zigorrik astunena dirudi. Gaur egunean zabal dabillan alkargokeri au gure uskurtz edo erlejiñoaren arerioa da: bakotxaren jabetzeari buruz Marx’en gizartekeria (sozialismoa) baizen gazi edo gaziagoa, eta bere elburura joteko daroazan bideak, gizartekeriarenak baño be txarragoak dira. Gizartekeriak langille gaxoak —agintari ta onein ordeko alperrak izan ezik— beste enparau guztiak estaduaren jopu errukarri egiten dituala diñoe sindikalistak. Ori egi biribilla da; baña langille-alkargoak (sindikatuak) be buru, agintari ta zuzentzalle barik ezetarako eztira-ta, agintari ta ordekoak nai ta ezkoak dabez. Enparauak orrein agintzapean, alkargoarentzat lan egin bearko dabe ta alkargoaren jopu izango dira. Estaduaren jopu izatea, langillearentzat zori txarra da: alkargoaren jopu izatea, bape obea danik eztogu uste”.
Izan ere, aski zaharrak baitira auzo-langile abertzale txintxo eta iraultza-indar suntsitzaile batzuen arteko bereizketa txit manikeo horiek.
Ez duzue inor engainatuko, intxaur biltzaile halakoak.
Amonamantangorri, gauzak ez nahaste aldera, edota dazkizkizun nahas…
Hemen gertatutakoa, 60taka. urteetan “inportatutako” (Kaliforniako intxaurrak antzo) materialismo dialektikoak ex-nihilo egin nahi izandako tabula rasaren ondorio zuzena da.
Halako moduz, non euskal zer guztiak materialismo dialektiko marxistaren galbahetik pasarazi nahi izan ziren. Hartara, berriak dena “zerotik” birfundatu behar izan zuen, zahartzat jota euskal ordurarteko bide guztia. Berriak zaharra hilarazi behar zuen. Horretarako ezin-ezinbestekoa izan zen bortxazko gertakari iraultzaileari lehendabizikoz hasiera ematea, zeinak kolpe zigorkatzaile moduan ordura arteko “euskal denboran” atzera buletarik gabeko etena eragitea zuen helburu, orduko euskal “orainari” bizkar emanda, eta, batik bat, ordura arteko euskal iragana guztiz arrotz bilakarazita.
Horren adibiderik gardenena, ETAren erreferentziazko obra izan zen Sarrailh de Ihartzaren Vasconia, ispilu txinatarraren euskal irudia lekarkigukeena, orduko hartan Txina Iraultza Kultural gupidagabearen sarraskia pairatzen ari zela.
Dena den, emaitzak hor daude, Amonamantangorri..
Matalaz, Zumalakarregi eta Santa Kruz-en herrian, matxinada kanpotik etorritako ideologei egoztea ere…
Arrazoi duzu, Igor, emaitzak hor daude: Hartu euskararen hedapenaren mapa eta hauteskunde emaitzen mapa bat, eta konparatu.
Matalaz, Zumalakarregi eta Santa Kruz foru-zaleak ziren, herriko bertako usadioak defendatzen zituzten lehen lehenik. Jainkoa eta Lege Zaharrak gutxi gora behera, euskal usadioa. Beraz, bertako erakundeak eta erakunde-modua defenditu zuten.
ETAk kanpotik etorritako iraultza-molde arrotz, bertikalista eta eliista, abangoardia iraultzailearen araberakoa.
Euskararen hedapena ez zuen ETAren aginteak ala domeinuak lortu. Esango didazu ETA euskalduntze lanetan ibilitako erakundea dela.
Euzkadin diru pila bat gastatzen dugu ezker ideologia wokeak estorsioz inposatutako Osakidetza publikoan moroak gure dirutaz aprobetxatzeko. Txiringito publikoak itxi behar dira azkar azkar edo Euzkadi galduko da.
Ez dakit non dagoen Matalazek idatzi duena. Ezabatu dute hala?
Bestalde Ustarrotz ETAri buruz eztabaidatzea leku publiko batean ez da bidezkoa. 2000, hamarkadatik bakarrik ETAren aurka idatzi daiteke, bestela arazo penalak jaso ahal ditugu denok, Zuzeu barne.
Tamalgarria da baina Gazan ezin daiteke Israel babestu edo Israeli buruz era neutralean idatzi Eta Israelen ezin da Hamasen alde edo Hamasi buruz era neutrlean hitz egin, jakin behar zenuke Ustarrotz.
Jakin “beharko” zenuke esan nahi nuen. Bestalde, espero dut Zuzeun zentzurarik ez egotea gai batean ere ez. Zentzura bakarrik onartuko nuke gezur nabari bat baldin bada, errespetu falta itzela baldin bada edo eta arazo penalak izan ahal baditugu, besterik ez.
Ez da lehen aldia horrelako esanak entzuten ditudala, Aitor. Ez dagoela “askatasun adierazpenik” ETAren 850 erahildakoen kontua defendatzeko. Orain arte batzuk ederki egin dute hori eta ez zaie polizia etxera etorri.
Niretzat argi dago gainera argudio horren funtsa: nola ezinezkoa den defenditzea ETAren ondarea, nola ETArena frakasu itzel bat besterik ez den izan, nola hondamendia, odola eta sufrikarioa besterik ez duen ekarri, orduan “adierazpen askatasunik” ez dagoela esatea oso ondo gertatzen da, ekarpen hori defenditzeko arrazoiak erabat itxuragabeak izango liratekeelako.
Gainera hemen gauza bitxi bat gertatzen da ere. Bapatean, nola ETA, ehundako erahildako eragin dituen erakunde armatu bat, ezin daitekeen defenditu, orduan defenditu nahi baina ezin dutenak “biktimak” dira. En fin, beste bati adarra jo, Aitor. ETArena defenditzea zaila eta kasi inposiblea dela denok dakigu. Gertatzen dena hori ekidite aldera, ondo datorrela esatea ETAren defentsa ondorio penalak edukiko lituzkeela.