Martxoak 12 hura
Martxoak 12 hura
Oraindik akorduan daukat martxoak 12 hura. Buruan dut zelan klaseko arbeletan “Terrorismoaren kontra eta Konstituzioaren alde” manifestatzeko eskatzen ziguten hainbat ikaslek. Nire eskolan, PP eta Aznarren zale asko zeuden eta Gobernu horrek bota zituen gezur denak defenditzen zituzten. Ez dakit horretaz jabetu ziren, guk, aldiz, bai. Izan ere, jakin baikenekien ETAk ez zuela sarraski hori egin. Nik bezperan, Baliko atentatuen harira Al Kaedak Madrilgo trenak leherarazi zituela sutsuki defenditzen nuen. Halere, “pentsamendu bakarrak” ETA zela behin eta berriz esaten zigun. Eta guk sinistu behar…
Eskolako giroa oso nahasia zen. Jendeak dolu-xingolak Espainiako banderetan zeramatzan. Euskaldunok, ikurriña geneukan, ordea. Ez dut uste hemengo ikurra ipini nahi genuenik, baina egoerak bultzatuta solapak eskegi genituela esango nuke. Dena den, orain, zortzi urte igaro direnean, tontoarena egin genuela gero eta argiago daukat. Sofrimenduak ez dauka banderarik. Areago, nahiz eta batzuk bandera eta ideología zehatz batekin lotu nahi izan duten sofrimendua, M-11-ko biktimeen ahaide eta lagunek pairatutakoak zerikusi gutxi dauka horrekin. Enpatia eta mina norbanakooi dagokizkigun ezaugarriak dira, besterik ez.
Bilbon egin zen manifestazioaren giroa ere antzekoa zen. M-11ko sarriaskiaz baliatuz, ETAk trenak lehertu zituela, Euskadiko espainiartasuna eta Konstituzioa defendatu behar genuela irenstarazi nahi izan ziguten bai Aznarren gobernuak, bai inguruetan zebilkien lobiek (“constitucionalistas” delako horiek). Ia berrehun hildakoak ez zitzaizkien axola. Gobernuak mina bere burua legitimatzeko tresna ezinhobea zela ondo zekien. Euskaldunoi arrotz egiten ez zaigun portaera izan zen PP-rena; sofrimenduaren erabilpen utilitarioarena, hain justu. Alta, Basta Ya-ren manifestazioetan arrunt diren leloak entzuten ziren Bilbaon. Guk, ostera, Irakeko gerraren eta heriotz zigorraren kontrakoak bota genituen. Liskar inutila.
Orain, kontakizun horiek urrun ditut. Ni Breveta-ren atarian nengoen eta gaur Unibertsitatea amaitu berri dut. Gainera, nire klasean zegoen jende askorekin ez daukat inolako harremanik. Ez dakit zelan dabiltzan. Halere, ezin izango dut inoiz ahaztu zelan PPko Gobernuak mina erabili zuen bere gezurrak sinestarazteko eta horren ondorioa izan zen, nire eskolan sortu zen giro nahasi hori. Ezin izango dut ere ahaztu, zelan isiluneko minuturik egin nahi ez zutelako ikaskide bieei klasetik bota zieten, dolua adierazteko modu bakarra bailitzan. Ezta bandera putek sustatu zituzten liskar inutilak.
Oso erraz zaigu banderei errua botatzea. Halere, guk erabiltzeko daukagun erraztasuna ez dugu inoiz kontuan hartzen. Egun hartan, denok ilun itzartu ginen. Madrilekoa hurbil-hurbila zitzaigun. Gainera, bestelako terrorismoa agerian zegoen; bonbak abisatu barik ipintzen zituena, alegia. Dena den, hori ez zen nahikoa eta banderaren gerra etengabean jardun genuen. Mutu, iltzaturik geneukan herrena bota genion elkarri. Begiradak uste dugun baino askoz gehiago adierazten dute eta egun hartan inoiz baino argiago mintzo ziren.
Martxoak 12 hartan, denok oker baina arrazoia apur batekin geunden. Era batean, ez ginen konturatu minak ez daukala banderarik; baizik eta izen eta abizenak. Dolua adierazteko isildu beharrean, luze eta zabal eztabaidatu genuen atentuaren inguruan. Bakoitzak bereari eusten zion; batzuk ETA izan zela defendatzen zuten, besteok Al Qaedarena zela errua esaten genuen. Zorionez, PP eta inguruetako lobiak baino inteligenteagoak izan ginen eta, salbuespenak salbuespen, bakoitza bere nortasun ikurrekin hartaz jabetu zen. Dena den, hobeto egin genezakeela beti izango dut akorduan.
*Orain dela urte bi idatzitako testua da