Martxan da zientzia eta teknologiaren X. Elhuyar Olinpiada
Elhuyar Fundazioak antolatzen duen zientzia eta teknologiaren olinpiadak 10 urte bete ditu, eta gaur goizean Bilboko Zorrozaurre Art Working Progress-en egin da aurkezpena. Edizio berrirako prestatu diren berrikuntzen berri eman dute Itziar Nogeras Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusiak eta Danel Solabarrieta Elhuyar Olinpiadaren arduradunak. Urteurrenarekin batera, itxura berritu du Elhuyar Olinpiadak, eta webgunea estreinatu du. Euskal Herriko DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleei zuzenduta dago Elhuyar Olinpiada, eta dagoeneko izena emateko epea irekita dago.
Getxoko skate eskolako ikasleek girotuta eman zaio hasiera X. Elhuyar Olinpiadaren aurkezpenari. Itziar Nogerasek adierazi du Elhuyar Olinpiada antolatzeko arrazoi nagusia zientzia eta teknologia gazteei modu erakargarrian gerturatzea dela, eta horrelako ekintzak oso positiboak direla gazteak motibatzeko, “Europan eta estatuan zientzia eta teknologiaren ikaskuntzaz egin diren behaketa eta azterketa-lanak erakutsi duten bezala”. Hori horrela, “duela 10 urte martxan jarri genuen olinpiada honetan dagoeneko 450 taldek eta 10.000 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute”. Danel Solabarrietak lehiaketak zer helburu dituen azaldu du: zientzia- eta teknologia-gaiak era atseginean lantzea; teknologia berrietan trebatzea; gazteak zientzia-gaietan sortzaile bihurtzea; eta beste ikastetxeetako gazteekin batera aritzea eta elkarrengandik ikastea. “Esperientziak erakutsi digu Olinpiada hau irakasleentzako tresna on bat izateaz gainera lehiaketa honen bidez ikasleak motibatu egiten direla, eta zientzia-gaiak taldean lantzeko, eta IKTetan eta komunikazio-gaitasunetan trebatzeko oso lagungarritzat jo dute orain arteko parte-hartzaileek”.
Elhuyar Olinpiadan parte hartzeko epea jada irekita dago. Parte-hartzaileek webgune estreinatu berrian eman beharko dute izena, eta ikasturtean zehar proposatzen diren probei ere bertan erantzun. “Ikasturtean zehar, parte hartzen duten ikasgelek bost proba gainditu beharko dituzte”, azaldu du Solabarrietak, eta “hauek izango dira gaiak: fisika eta zientziaren historia; energia eta jasangarritasuna; teknologia, ingurumena eta komunikazioa”.
Sariei dagokienez, Olinpiadaren amaieran puntu gehien lortu dituzten lehenengo bost ikasgelek lortuko dituzte sariak. 1. saria: bi eguneko irteera Senda Viva natura-parkera; 2. saria: bi eguneko irteera Elizondoko Kortarixar aterpetxera; 3. saria: bi eguneko irteera Lekeitioko Trinkete Etxe aterpetxera, eta Suspergintzaren eskutik ekintzak; eta 4. eta 5. saria: egun bateko irteera Andoaingo Uraren Interpretazio Zentrora. Saririk jaso ez dutenen artean ere beste sari bat zozkatuko da, eta horiek Sobron Abenturakoekin egingo dituzte kirol-ekintzak, Arabako Sobron ibaian. Horrez gain, proba bakoitzaren amaieran ere izango dira sariak.
Elhuyar Olinpiadaren babesle eta laguntzaileak
Elhuyar Olinpiadaren babeslea Gipuzkoako Foru Aldundia da. Sari nagusietako laguntzaileak hauek dira: Suspergintza Elkartea, Senda Viva, Sobron Abentura parkea, Leitzaran Uraren Interpretazio Zentroa, Kortarixar Aterpetxea eta Aizpurua Autobusak.
Hileroko proben laguntzaileak honako hauek dira: Donostiako Aquarium, Berria, Kukuxumusu, Eureka Zientzia museoa, Elkar, Skunkfunk, Gaztezulo, Karpin Abentura, Mendukiloko Kobak eta Iruñeko Planetariuma.