Marotok presoen familiekin elkartasunezko jaialdia debekatu du
Ostegunean Zurbaoko (Araba) kupula azpian egitekoa zen Udazkenfest elkartasun musika jaialdia debekatzea erabaki du Gasteizko Udalak. Segurtasun eta gainontzeko baimen gehienak onartuak izan ziren arren, Javier Maroto buru duen udalak tramite huts gisa jotzen ziren baimenetako bat ukatu die antolatzaileei.
Antolakuntzakoekin kontaktuan dabilen iturri baten arabera, joan zen asteazkenetik kezkatuta zebiltzan, udaletxetik albisterik etortzen ez zitzaielako. Azken unean atzera egin dute eta baimena ukatzea erabaki. Gaur arratsaldean jakinarazi diete debekua, jaialdirako hiru egun falta direnean. Dagoeneko sarrerak saltzen hasiak ziren. Besteak beste, Soziedad Alkoholikak eta Gatillazok jo behar zuten Baskoniaren kantxaren ondoan gelditu den kupularen azpian.
Udazkenfest-ek albistea Twitter bidez jakinarazi du, eta ziztu bizian zabaldu da bai sare sozial horretan baita Whatssap bidezko mezuetan ere. Debekuaren aurka mobilizazioak egingo dituztela iragarri dute. Sarrerak erosi dituztenei dirua itzuliko dietela iragarri dute. Javier Maroto alkateak, Twitterren galdezka zebiltzan gasteiztarrei erantzunez adierazi du “txosten teknikoaren arabera araudia ez dela bete”.
@Oier_Gasteiz El informe técnico no lo ha autorizado por incumplimiento de la normativa. Les han trasladado el informe a la organización
— Javier Maroto (@JavierMaroto) October 28, 2013
Gasteizko Udaletxeak, dispertsioaren kontrako udazkenfest jaialdia debekatu du. Debekuen gainetik elkartasunez aurrera. — Udazkenfest (@Udazkenfest) October 28, 2013
Antolatzaileek bihar emango dute gertatutakoaren inguruko iritzia. Halere, dagoeneko argi esana dute arrazoi politikoak medio izandako debekua dela. Izan ere, “Arabako elkartasun gaua” euskal presoen familiei begirunez egindako ospakizuna zen. 2004an Soziedad Alkoholikak Zaramaga auzoan eskainitako kontzertuarekin ere polemika izan zen, Marotok berak diru-laguntza kentzeko mehatxatu baitzuen. 2002an, Gasteizko jaietan, Su ta Gar taldearekin hitzez lotutako kontzertua kendu eta Chenoa jarri zuten. Bi kasuetan AVTren presioak izan ziren.
Helburua, sakabanaketaren erruz Arabako 53 presoen senideek behar dituzten bidaia gastuetarako laguntza ekonomikoa eskaintzea zen. Uda aurretik hasi ziren publizitate kanpaina egiten. Azken momentuko aldaketarik izan ezean, dirua irabazi baino galdu egingo dute. (Informazio hau eguneratzen doa) Erreakzioak: “udazkenfest”(r)i buruzko Txioak