Mark Eitzel eta lau titular

Mark Eitzel maskaratua – Juan G. Andres

Lehenengo titularra: Patxarana, kalimotxoa ala ardoa? Zerez hustu zuen plastikozko edalontzia Psilocybenean Mark Eitzelek? Hori izan zen azken galdera egin geniona geure buruei. Kontzertu hasieran zeraman musuzapiez egindako maskara eta ondorengo broma guztiak zer afrodisiakok inspiratu ote zituen? Txantxen maila ikusita patxarana, zioen batek. Edariaren kolorea ikusita, ardoa besteak. Azkenean, musikariak jasotzen zebiltzan bitartean, dastaketa egitera hurbildu ginen, edalontzi hustuaren kondarrak usaintzera. Eitzelek kalimotxoa edan zuen.

Mark Eitzel abesten – Juan G. Andres

Bigarren titularra: Gainera American Music Club taldearen lider kaliforniarrak aitortu zuen kontzertua hasi eta gutxira, amama Ustaritzekoa zuela. Cazaux abizenekoa. Broma eta broma artean bota zuen, ikusleen harridurarako. Bertaratutako ezagunekin hitz egiten gero, inork ez zekien Eitzelen jatorri euskaldunaz fits. Eitzelek Atheletiken joka dezake, Bielsak egoki ikusiko balu.

Mark Eitzel bere taldeaz – Juan G. Andres

Hirugarren titularra: Ordainduta ikusi dudan kontzertu motzena dela esango nuke. Esaten da hobe dela entzulea gehiagorako gogoarekin uztea, aspertzea edo zeharo asetzea baino. Hori bai, zure edalontzian zer demontre zegoen eztabaidan baldin badaude kontzertua bukatu eta ondorengo orduerdian. Malo. Eitzelen kontzertua ez zen larrujotze bizkor bat izatera iritsi.

Mark Eitzel Psylociben kitarrarekin – Juan G. Andres

Laugarren titularra: Eszenatokian egon zen denbora laburrean harrapatuta eduki gintuen. Lehen abestitik azkenera. Izan daiteke Psilocybenearen hurbiltasun eta txikitasunagatik (handicap bezala ere daitekeena) edo egun bereziki ona izan zuelako, edo dena batera. Baina aurtengoan ikusi dudan abeslari txukunena ez bada, gertu ibiliko da. Kontrabaxuaz, pianoaz eta bateria jole elbarri batez (Esku batez jotzen zuen, bestea eskaiolatuta zuelako) lagunduta izugarri entzuten zen. Mark Itzel.

Behean duzue bideoa:

 

 

Ekaitza bainuontzi batean