Marienia eta betiko demokratak
Marienia eta betiko demokratak –
Nork erran du Kanbo herri motela zela, erietxez osaturiko herria eta horien inguruan itzulikatzen zela herri honen bizia? Azken hilabeteek erakusten digute Kanbo herria bizia dela, eta ez dela prest azken hogeita hamar urteetan galdu laborantza lurren zerrenda luzatzeko. Haatik, orain arte bezala, aterabidea ez da herriko etxeko gehiengotik etorriko.
Berriz ere aktualitatean Marieniako dosierraren ondorioak aipu. Ezusteko ondorioak ditu aktualitatean eta bereziki politikan, betiko azpijokoak agertuz. Irringarria da halere aztertzea Kanboko apirileko herriko kontseiluaren bilkura girotsuaren ondotik gertatu dena. Politikari anitzen agirien baltsak balio zuen irakurtzea edo entzutea. Zoin faltsua den gure agintarien mundua! Egun batez bake artisauen erdian argazkitan sustengua erakusten, eta ondoko astean militante bertsuak salatzen, «oldartze onartezina», «errabiatuak» edo «gutiengo aktibo» bezala. Demokraziaren baloreak saltsa guzietan ezarriz.
«Demokrata» izateko batzuen ekintzen kondenatzea aski
Plazer nuen azken urte hauetan gure paisai politiko, kultural edo sindikaletik elementu bat desagertu zela ikustea. Luzaz, «demokrata» izateko lurralde honetan, batzuen ekintzen kondenatzea baitezpadako baldintza zen. Bortizkeria kondenatu behar zen. Bestela ezinezkoa zen besteen inguruan jartzea. Hemengo alderdi abertzaleek hori ezagutu dute, baita Iparraldeko sindikatu abertzale batek ere, beste sindikatu jakobinoen salatze baldintza ez baitzuen betetzen eta ondorioz ezin baitzuen beste horien artean manifetan parte hartu edo bederen intersindikalean sartu. Uste nuen hori desagertu zela eta egia erran, ez zidan batere falta egiten. Baina hara, mundu honetan estakuru guziak onak dira kolpeak gibeletik emateko eta bestalde sortu trabak ordainarazteko. Politikan badira itzalean gertatzen diren kolpeak. Maltzurkeria eguneroko gaia da, talde politikoen artean, haien barnean ere, herrien artean batzuetan. Deus ez berririk. Halere, berriz entzutea gertakari bat kondenatu ez izateak ondorioak sortzen dituela, hurbileko historioaren une jasanezinak gogorarazten dizkit. Aznar, Rajoy edo Sarkozyren lagunek baliatzen zuten joko berean sartu dira lurralde honetako hautetsi batzuk.
Onar nezake jokamolde hori, gauza bera egiten balute beste zentzuan. Hautetsi bat aski dute kanporatzea laborantzako lur emankorrak artifizializatzera uzten dituelako, edo bere herriko erabaki batengatik kondenatua izan delako adibidez. Arazoa da baldintzak beti alde beretik heldu direla. Bestenaz proposa genezake demokrata bezala mintzatzeko beharko litzatekeela iragan kolonialista salatu, edo GALen erahilketak, edo nik dakita zer. Baina ez, hortan geldi, baldintzak ez dira horiek. Ene ustez, Errobiko auzapez batzuek eta elkargoko beste anitzek badakite Marienian huts handi bat egin dutela. Bakearentzat, Kanboko PLUa bozkatu zuten, sobera kasu egin gabe barnetik eta sobera kasu egin gabe egun hartan elkargoko gela aitzinean elkartuak ziren Marienia proiektuaren kontrako lehen manifestariei.
Laborantzak, lurrak galtzean, betiko galtzen ditu
Anartean, hektareak jaten dira. Lur horien galtzea ez da, beste erabaki batzuk bezala, ondoko agintaldian konpon daitekeen arazoa. Ez, laborantzak lurrak galtzen dituelarik, betiko galtzen ditu; agintaldi denborako, belaunaldi honendako eta ondoko belaunaldi guziendako. Horrek, makila eta joare azantza merexi du bederen. Kanboko gertakariaren salatzea fermuki galdegiten dutenek lotsak janak behar lukete izan eta agian ez dira beste behin lurraren aldeko edozein elkarretaratzean agertuko. Bukatzeko, hainbeste istorio egin da herriko bilkura horren ondotik, alta auzapezak berak erran duenez, nehor ez zaio oldartu eta dakidanez ez du zentzu hortan pleintarik pausatu.
«Bakearentzat, Kanboko PLUa bozkatu zuten, sobera kasu egin gabe barnetik eta sobera kasu egin gabe egun hartan elkargoko gela aitzinean elkartuak ziren Marienia proiektuaren kontrako lehen manifestariei»
Beraz, hautetsi bat bere karguren batetik kentzea galdegin dio Euskal Elkargo buruari, Errobi poloko beste bost auzapez adoretsuenei laguntza galdeginez, onartzen duelarik ez zela zuzenki bultzatua izan. Hau demokrazia dela berriz erran eta ere! Berriki, Luhusoko epaiketaren emaitza jakin da. Bi auzipetuak zigor berririk gabe atera dira. Hauen eta goizegi joan diren beste lagunen ausardiari esker, herri honek urrats handia egin du bakeari buruz. Hautetsi anitz agertu dira hauen sustenguz hastapenetik auzi eguna arte. Alta nolabait, Luhusokoak «errabiatuak» ez baziren ere, «gutiengo aktibo» bat osatzen zuten. Legez kanpo baina bide zuzenean. Hautetsiek eta bi estatuek sekula ukan ez zuten kuraia Luhusokoek izan zuten.
Gutiengoa gehiengo bilaka dadin
Kanboko manifestariek bazuketen besterik egiteko bi orenez eztabaida ukatzen zuten hautetsien parean egon ordez. Beti bezala, gutiengo bat borrokatzen da zuzentasunaren alde, kolpeak eta arriskuak hartuz, beste guziek gozatzen ahalko duten mundu baten zaintzeko. Gutiengo hori gehiengo bilaka dadin, hurbildu kopuru handian Marieniaren sustengatzeko dei ezberdinetarat!