Mamuak

14170313317062

Joan den astean, aspaldiko partez, irakurle klub batean parte hartu nuen, Iruñeko Katakrak liburu-dendan. Batzuetan gertatzen den bezala, hainbat kasualitate pilatu ziren, eta horri esker joan nintzen literaturzaleen bilera hartara: nire lankide eta halere lagun bat ere joatekoa zen –hark gaztigatu zidan saio hura egin behar zutela–; libre nengoen arratsalde hartan –batere ohikoa ez dena–; eta, are ezohikoagoa dena, komentatu behar zuten liburua –Hobe kontatzen ez badidazu ipuin katalanen antologia– irakurria nuen. Saioan, eztabaida ederra eta nahiko interesgarria izateaz gainera, bi gauza gogoangarri –nire ikuspuntutik betiere– gertatu ziren. Memento jakin batean, parte hartzaile batek honelako zerbait erran zuen, “zuek, Kataluniako literaturaz gehiago dakizuen horiek”; berez, izatekotan, nire laguna da benetan literatura katalanean aditua, baina niri pozgarri egin zitzaidan hedaduraz-edo ni ere harekin batera zaku berean sartu izana. Eguberrietan idazle katalanen bat irakurri beharko dut, gaizki-ulertu horren mailari eutsi ahal izateko.

Bigarren anekdota gogoangarria saioaren hasmentan gertatu zen, gure aurkezpenak –ezezagunen artean ginen– egin genituenean: nire lagunak izena errandakoan –Jaume–, zera galdegin zioten, “a, katalana zara?”, eta haren arrapostua hauxe: “bai, zera, Mallorcakoa”.

Joan den astean, elkarrizketa egin zioten Daniel Innerarity filosofoari Noticias taldeko egunkari batean –edo guzietan: nik, bistan da, Nafarroakoan irakurri nuen–. Naski ohitura zaharrak atxiki nahian, Innerarityk kea saldu zuen batez ere, baina une batean errealitatera etorri eta Kataluniaren eta Euskal Herriaren arteko diferentzia batzuk aipatu zituen: nonbait, Katalunian ez dute problemarik lurraldetasunari dagokionez, horren inguruan ez dago eztabaidarik; guk, ordea, zatitua dugu gure lurraldea, eta hori zalantza eta gatazka iturri da. Beharbada arras kontzeptu filosofiko sakonetan murgildua ibiltzen delako; edo beharbada Mallorcako –edo Valentziako– lagunik ez duelako –edo horrelako lagunak izanda ere, elkarrekin daudelarik futbolaz solas egiten dutelako–, Innerarity ez da enteratu Herrialde Katalanak izeneko kontzeptu bat ere existitzen dela, eta Kataluniako prozesua egin ahal izateko, balizko aukera bat –denak ala inor ez, alegia– alde batera utzi, eta bertze bati –prest dagoenak aitzinat segi dezala– lehentasuna eman diotela. Egia da, halere, apika guk noizbait lurraldetasunaren inguruko eztabaida seriotan egin beharko genukeela; nik, halere, ez nuke ekarpen handirik eginen debate horretan, ez baitut batere argi zer nahiago dudan: egun batzuetan, ekialdeko euskal herrialdeak –mugaz honaindikoak eta haraindikoak– bazter utzi eta katalanen bidea hobetsiko nuke (gogoeta hori egiten dudan egunetan, gustura joanen nintzateke Gipuzkoan bizitzera); eta bertze zenbait egunetan iduritzen zait Nafarroa eta Ipar Euskal Herria ezinbertzekoak direla balizko prozesu batean (baina egun horietan ere gustura joanen nintzateke Gipuzkoan bizitzera).

Gure independentzia ailegatu bitartean denbora franko izanen dudalakoan, Internet bidez hiru liburu eskatu ditut, katalanez. Kontrabandoan ekarri nahi nituen: liburu sobera ditudala uste duten emaztea eta semea ez asaldatzeko, lantokira igortzeko eskatua nuen, baina helbidea gaizki paratu omen nuen, eta horren ondorioz ez dakit orain etxera ekarriko ote dizkidaten, edo hondarrean gurasoen etxean azalduko diren. Itxura guzien arabera, banatzailea ez da munduko trebeena, eta, oraingoz, galduak omen dabiltza nire liburuak Euskal Herrian barna: beraz, irakurleren bati espero ez dituen hiru liburu ailegatuko balitzaizkio, jakin dezala nireak direla.

Deadline aldizkaria, ordea, ongi ailegatzen da –normalean– etxeko postontzira. Zinema aldizkaria da, eta, horren bidez, estreinatzekoak diren beldurrezko film eta DVDen berri izaten dut. Hil honetan, adibidez, Oculus izeneko pelikula batek eman dit atentzioa. Mamu istorio bat da, etxe sorgindu batean gertatzen dena; edo, hobeki erranda, ispilu bat dago sorgindua. Orain, mamuak eta etxe sorginduak modan daude –modan, tira, mintzatzeko manera bat da–, baina iruzkingileak azpimarratu du film honetan pertsonaien jarrera diferentea dela: ez dute ihes egiten, ez dira mugatzen beldurra eta hotzikarak sentitzera, oihu egitea ez da haien zeregin bakarra. Jarrera aktiboa hartzen dute mamuei buru egiteko.

Innerarityk bezala, egin dezagun guk ere galdera sakon bat: nola bizi daiteke etxe sorgindu batean? Kasu emanez ibili behar da beti, armairuetan edo ispiluen gibelean edo egunkarietan edo Twitterren bizi diren mamuak itzarriko ote diren beldur bizi behar da beti? Boza apaldu eta existituko ez bagina bezala jokatu beharko genuke etengabe? Nor da irrealagoa, nork du existentzia fantasmagorikoagoa? Espektroek edo hezur-haragizko jendeak? Nork menderatzen du nor?

Egun hauetan, albiste izan da Gipuzkoako Aldundiak Leitzaraneko autobian, Nafarroako mugan, paratu duen kartela, hau da, bidaiariei Euskal Herrian dabiltzala iragartzen dien kartela. Horren kariaz, frankismoaz geroztik etxe sorgindua den Nafarroa foral eta espainoleko mamu batzuk –errate baterako, Twitterreko fatxerio guzia, hitz teknikoetan adierazita– hasi dira espantuka itzartzen: “beren proiektu politikoa inposatu nahi digu Bilduk” eta bertze doinu ezagun batzuk kantatu dituzte. Lurraldetasunaren gaian bezala, nik nire zalantzak ditut, eta batez ere hasmentan duda egin nuen ea zuhurra ote den espektro horiek orain –hauteskundeetarik hain hurbil– koleraraztea. Kartelak, nolanahi ere, ez du gezurrik erraten: gure lurraldetasun gatazkatsua gorabehera, eta etorkizunean edozein bide hartuta ere, Nafarroa –eta ongi da hori gaur, euskararen egunean, gogoraraztea– euskararen herria baita, hau da, Euskal Herria.

Itogarria da parte txarreko espiritu gaizto maltzur zenbaitek zer eginen duten beldur bizitzea, eta are gehiago orain, haien haserrea hain teatrala, artifiziala eta sinesgaitza den honetan. Aski da. Noizbait ere espektroek eta mamuek hasi beharko lukete onartzen gu ere hemen bizi garela. Euskararen herrian, hain zuzen ere. Kartela, gainera, ederra da.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.

Zer duzu buruan “Mamuak”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2014-12-03 21:06

    Païses Catalans proiektua ez dakit hemen defendatu ohi denaren berdina den. Esan nahi dut, oraingo mainstream abertzaletasunean.

    Hemen dena da Euskal Herria, Atturritik Ebrora. Garako orrialdeetan Nafarroa “herrialde bat” da, Zuberoa bezainbat.

    Ulertu dudanagatik, Kataluniako printzerria eta Valentziako eta Mallorcako erresuma zaharrak proiektu horren baitan estatu subiranoak lirateke, zein bere aldetik eta bere borondatez konfederazioan elkartuta. Valentzia ez da Katalunia, eta Katalunia ez da Mallorca. Diada Nacional-ak, esate baterako, ez dituzte egun berean ospatzen.

    Euskal Herrian, berriz, errealismo politikoaren izenean aitortzen da hiru errealitate juridiko-politiko diferente direla. Ezker abertzaleak, hain zuzen, herenegun arte ez zuen hori argi eta garbi aitortu nahi.