Maiatzaren 26rako frantziar eta espainiar estatuek EHn antolatu dituzten hauteskundeen aurrean

Maiatzaren 26rako frantziar eta espainiar estatuek Euskal Herrian antolatu dituzten hauteskundeen aurrean –

Maiatzaren 26rako frantziar eta espainiar estatuek Euskal Herrian antolatu dituzten hauteskundeen aurrean

Pasa den apirilaren 28an bere parlamentua eta senatua berritzeko hauteskundeak burutu zituen espainiar estatu zapaltzaileak. Arrakastaz burutu ere, menpean duen Euskal Herriko eremuan izandako parte hartze altua gure herriak pairatzen duen asimilazio mailaren berrespen gisa agertuz.

Euskal Herriak Askatasuna plataformatik hauteskunde arrotz horietan ez parte hartzeko deia luzatu genuen, espainiar sistema politikoan integratzeko joerari kontrajarriz, askapen borroka sustatzeko. Oso jakitun gara egungo indar-harremanaren egoeraz eta berau iraultzeko, ikuspegi estrategiko batetik, erresistentzia hauspotzeko ekinbideen balio kualitatiboa azpimarratu nahi dugu. Erresistentzia areagotzeak soilik ahalidetuko digu herri gisa bizi dugun krisi larria gainditu eta etorkizunean askatasuna eskuratzeko baldintzetara jauzi egitea.

Ikuspegi horretatik agertzen dugu okupatzen gaituzten bi estatuek maiatzaren 26rako antolatu dituzten hauteskunde desberdinen inguruko irakurketa.

Europar Batasunaren instituzioak berritzeko hauteskundeei dagokionez, Europar Batasuna herrien eta klase herrikoien etsai den egitura inperialista bat dela gogoratzetik hasi behar da. Nazioarteko kapitalaren egitura horrek herri euskaldunarentzat duen proiektua gure desagerpen nazionala da. Nazioarteko inperialismoaren egitura horrek Europako herri langileontzat duen proiektu bakarra merkatuaren araberako uniformizazio kulturala eta ustiapen ekonomikoa da.

Argi eta garbi izan behar dugu. Nazioarteko inperialismoarengan ezin dugu itxaropen txikienik ere ezarri. Zenbait eragilek inperialismoarekin buruturiko tratuek euskal askapen borrokaren egungo ahultasunean zerikusi zuzena duten testuinguruan, hau bereziki nabarmendu behar da. Izan ere, Euskal Herrian ez dugu inolako bake prozesurik bizi, asimilazio prozesu bat baizik.

Okupatzen gaituzten bi estatuak partaide diren bloke inperialista ez da gatazka konpontzeko aliatu demokratikoa. Bere egitura politiko, militar, ekonomiko, sozial eta filantropikoak herriak azpiratzeko baliatzen dituen etsaia da. Beraz, aliatu taktiko zein estrategikoak beste herri langileetan, nazio zapalduetan eta indar anti-inperialistetan bilatu beharko ditugu. Baina batez ere, guk geuk indartu beharko dugu, arlo-arlo eta integralki, gure askapen borroka aurrera eraman ahal izateko.

Egungo egoera zehatzaren beharrizanak kontuan hartuta, Europar Batasunak ordezkatzen duenari oposizioa agertu eta abertzaletasun anti-inperialista bultzatzeko, hauteskunde horietan ez parte hartzeko deia egiten dugu.

Bestetik, egun berean, Espainiak menpean duen eremuan, udal hauteskundeak antolatu ditu estatu horrek, bere sare autonomikoan txertaturiko “foru instituzio” deiturikoak berritzeko hauteskundeekin batera.

Udal-esparruan eragiteko alternatiba eta estrategia abertzale iraultzailtze garaturik ezean Euskal Herriak Askatasunatik, kontsigna zehatzik eman gabe, abertzale-independentisten esku uzten dugu, tokian tokiko egoerak aztertuta, irizpideak finkatzea.

.

Alta, azpimarratzen dugu:

  • Udal eta foru egitura horiek espainiar ehun administratiboan kokaturik daudela eta hauen baitako kudeatzaile hautaketak ez duela kolokan jartzen okupazio erregimena.
  • Hauteskunde horiek, espainiar legalitate inposatuaren baitan kokatu eta okupazio militar egoeran egingo direnez, ez dutela izaera demokratikorik Euskal Herrian.

Irakurketa hau bukatzeko, oligarkiaren hedabideek hainbeste puzten duten hauteskundeekiko arretaren gainetik, gure atentzio nagusia herri euskaldunaren eta Euskal Herri Langilearen arazo eta erronka estrukturaletan kokatu behar dugula adierazi nahi dugu.

INDEPENDENTZIAREN ALDE, ERRESISTENTZIA HAUSPOTU!

Maiatzaren 26rako frantziar eta espainiar estatuek Maiatzaren 26rako frantziar eta espainiar estatuek

6 pentsamendu “Maiatzaren 26rako frantziar eta espainiar estatuek EHn antolatu dituzten hauteskundeen aurrean”-ri buruz

  • Nabardurak nabardura goian esandako askorekin ados.

    Baina, analisi horren arabera, Zuzeu agerkari espainiar bat da. IFZ espainiarra dauka, zerga espainiarrak ordaintzen ditu, erregistro espainiarretan ageri da inskribatuta, diru europar inperialistarekin jarduten du…

    Zergatik argitaratu, beraz, artikulu hau Zuzeun? Agian, agerkari “espainiarra” izanagatik, artikulua bertan zabalduz plataformak bere helburuetara gerturatzen dela uste duelako? Alegia, dena (independentzia, sozialismoa…) lortu ez arren, zapalketa gauzatzen duten egituren baitan jarduteak, mugak muga, helburu hoietara gerturatzeko aukera eman diezagukeelako? Zergatik bestela?
    Eta agerkari “espainiar” batean argitaratzea baliagarria bazaigu, zergatik ez, esaterako, agerkari horrek jaso ditzakeen diru laguntzak kudeatzen dituen erakundea gobernatzeak?

    Utz dezagun zerua aingerutxoentzat, eta, zikindu gaitezen lokatz lurtarrean, gure helburuak mundu hontan gauzatuta ikusi nahi ditugu eta.

    * Oharra: Ez dut inolaz ere Zuzeu agerkari espainiartzat jotzen. Artikuluko logika aplikatuz horrela litzatekeela adierazi nahi izan dut nire oharrean.

  • <>

    Ba erakundeak gobernatzera iritsi zaitezkela ilusio handi bat delako. Erakundeetan botere-kuotak lortzeak esan nahi baitu erakundeak zu gobernatzen hasiko zaizkizula, idiologia eta praxiak ondo txertzen hasiko zaizkizula eurak “erabili” ahala… Lehenik, erakundeetan parte hartzera eta boterea lortzera heltzerako label demokratiko bat jaso behar izan dezulako. Bigarrenik, erakundeak ez baitira tresna soil bat, zurea baina mila aldiz eraginkorragoa den portaera bat dakartelako eurekin. Erakundeen eta zerbitzu publikoen erabilera soilak kontzientzia aske indibidualak baino eragin handiago du zure baitan, seguruenik. Estrategia pragmatikoak ilusio kaltegarri bat dira, eta teknopolisaren indarra gutxietsi egiten dute. Pragmatika, nere iritziz, menderakuntzaren sintoma bat da.

  • Erresistentzia 2019-05-21 23:19

    Kontua ez da instituzio arrotzei bozkatzea edo ez. Ekinbidea edozein izanda ere, izan papertxo bat kaxa batean sartzea, izan porruak landatzea, estrategia elektoralistetatik at erabaki eta gidatzea da gakoa.

    Agian gaur egungo alderdi politikoek ezkutuko think tank abertzale baten gidaritza jarraitzen dute eta behe klaseko euskaldunok ez dugu honen inolako informaziorik. Agian herria askatzeko 4 dimentsioko xake estrategia ulergaitz (behe klaseko euskaldun trauskilontzat behintzat) batean dago PNBildu, baina beren politikak ikusita gehiago dirudi gu pobrezia eta asimilaziora bidaltzeko intentzioa dutela.

  • analisia egokia iruditzen bazait ere, ondorioarekin, edozein konkistatzaile erruz txalotuko zuena, ez nator bat.(horregatik artikuluaren zintzotasuna kezkatzen nau, ez baitzen lehen aldia izanen espaniarrek horrelakoak egiten dituztela). “Dales donde mas les duele, vota HB” zioten garai bateko afitxek. Gaur egun baliagarria den leloa, atzo espaniar kongresuan ikusi zenez. Abstentzioa,bozka zuria, baliogabeak edota ordezkaririk lortuko ez duten alderdiei bozka ematea, hutsaren hurrengo eraginkortasuna dutela badakigu. Beraz auteskundetan ere borroka dezagun, gure izaera euskalduna adieraziz.

  • Helburu estrategiko bezala ez dut uste gure jendea ez hurbiltzera arrotzeen hautestontsietara delarik, hautestontsi horiek gure lurraldeetan jartzea ez uztea baizik. Hortarako, gure Estatua bahitua dagoela kontzientea garenok herriaren botera berpiztu, kanalizatu, antolatu eta kudeatu behar dugu estrategia baten barnean.
    Abstenzioa bultzatzea, azken finean, aurrez aurre hautestontsi inperialistak gure lurraldeetan egoteak onartzea da. Indarraren gabezia barneratzea besterik ez da.
    Gure arazoa ez da jakitearik nortzuk eroriko diren ala ez zepo hortan, zepo hori kentzea baizik. Hots, indar okupatzaileek eta beraien kolaboratzaile indijenek antolatu dituzten estrukturak “instituzionaleen” bitartez dira honen herriaren oztopo haundiena askatasuna berreskuratzeko.

  • Autodeterminatzen ez garen bitartean egoera kolonialean gaudela ezin ahaztu, eta beraz, ezin ukatu Jaurlaritza, Legebiltzarra eta abar egitura kolonialak direla sortzez eta helburuz, sistema koloniala mantentzera bideratuak. Horrez gain, gizarte kolonizatuetan traidoreak, akulturatuak, ergelak, ez-axolak, “zipaioak” eta kolonoak historiako konstante bat dira. Berdin herria metropoliaren alde zanpatzen duten burokrata indigenak. Eta hauteskundeetan parte hartzea uler daiteke sistema osoaren legitimazio ariketa bezala.

    Uler nezake espainiar haustekunde orokorretan edota EAEko haustekundeetan ez partehartzera eginiko deia, nire gatazkak ditut horrekin. Egiari zor, bozkatzen dut.

    Baina gure herriaren erakunde propioak diren Udaletxe eta Aldundien hautaketa prozesuari boikota egiteak ez du ez hanka ez buru. Gure herriaren egitura konstituzional burujabea eratzen duten erakundeak Udalak eta Aldundiak soilik dira. Gure estatuaren oinarria ezartzeko ditugun erakunde bakarrak horietxek dira. Independentzia ez zaigu EAE edo Amejora”miento”-tik etorriko, eta ez zaigu erabakitze eskubidearen bidetik etorriko. Katalunyan alboratu dute jada, eta autodeterminazioaz mintzo dira Cup, JxCat, ERC eta beste guztiak.

    Autodeterminazio eskubidea, nazioarteko zuzenbide publikoaren ikuspegitik, lotuta doa burujabetzarekin. Burujabetza besterenezina eta preskribaezina da. Hau da, behin entitate bat burujabe dela onartzen dutenean gainontzeko entitate burujabeek, ezin zaio burujabetza “kendu”, eta eskubidea ez da iraungitzen. (Papera da hau, errealitatea badakigu ez dela horren polita)

    Bada gure foruetan dugu aldarrikatua gure herriaren eta erakundeen burujabetza. Udal eta Aldundiena. Bi gerra odoltsu borrokatu eta galdu genituen gure erakunde eta sistema konstituzionala defendatuz, burujabetza defendatuz, foruak defendatuz, orain kolono, akulturatu, edo besterik gabe, ez-axolen esku uzteko geratzen zaigun apurra.

    Independentzia aldarrikatzeko subjektu legitimoak, gure herrian, Aldundiak eta Udalak dira. Utzikeria da besteren esku uztea, edo behintzat, ez saiatzea. Erakunde horietan agintzen dutenen esku, eta alboan laguntzan eta tiraka duten herriaren esku egongo da independentzia aldarrikatzeko jauzia ematea. Afrikako herrialde bakar batek ere ez zuen independentzia bozkatu, aldarrikatu egin zuten.