Maiatzaren 28an langileak bildu gaitezen
Maiatzaren 28an langileak bildu gaitezen –
Betidanik izan ditut eredugarri, Frantziar Errepublikan, langileek, jasandako erasoei ematen dioten erantzun asko. Beraiek -beste inork baino- dakite nondik heltzen den erasoa, baita nola, nori eta zer nolako neurrian zuzendu erantzuna. Hemen Hego Aldean, beste garai bateko jarrerak etortzen zaizkit burura, langileak indar beldurgarria genuen.
Frantziar Errepublikan -euskaldunak barne- langile gizarteak oso ongi barneratuta dauka, oraina, eta batez ere, etorkizun duina bermatuko duen bide bakarra, erasoari aurre egitea dela. Apirila badoa eta ikusi besterik ez dago, Emmanuel Macron, erretreta gibeleratu asmoz dabilela eta, zer nolako erantzuna ematen ari diren. Aski ongi erakusten dute, duintasunaren iparorratzari begia kendu gabe aukeratzen dutela, jorratu beharreko bidea. Bai noski.
Nik ez dut beste bide eraginkorrik ikusten, langileen eskubideak berreskuratu eta bermatuko duenik. Ez bakarrik Parisetik behera, ezta Madriletik gora.
Zorionez, duela hainbat urte bezala, egoera politikoaren ardatz nagusia ez dago politikari askoren jarrera nazkagarri, edo egituratutako ustelkerian, ez baitira denak berdinak. Ez, ez da hori arrazoi nagusia, langileen jarrera okerrean dago. Langileak ez luke etsaia etxean bilatu behar.
Ez da berria, urteak daramagu eraso bat bestearen ondotik, gero eta makurrago gaude. Jasotako emaitza gogorrak etorkizun iluna marrazten digute. Handik eta hemendik, bai kanpo bai barrutik, bai Madriletik, edo Bruselatik, badirudi “blokeo” hitza nagusitzen ari zaigula. Itxuraz, inork ez du ikusten irtenbide jator eta zuzenik bizi dugun egoera honi, eta horretarako nire ustez, arrazoi nagusia hau: askatasuna eta burujabetza “denek” aldarrikatu arren, praktikan lehentasun desberdinak ditugula.
Horregatik, lasai eta zintzo aztertzekotan, beharbada aurrera baino atzera begiratzeak, mesede gehiagoren iturri izan daiteke. Kontuan harturik jorratutako bidea oso luzea izaten ari dela, eta aurrera egitekotan, urteen irakaskizunak oso beharrezkoak direlakoan nago.
Duela urte batzuk, agian ez hainbeste, euskal gizartea oso ideologizatua zegoen, aldiz, gaur egun kontu horietan, era bat ez bada ere, ahaztu samartuak gabiltzala uste dut. Urrats asko dira tartean emandakoak eta orain, zoritxarrez, norberekoikeria indartzen ari dela esango nuke.
Gaur, herriz herri dabiltzan diskurtso askorentzat, ezker-eskuin kontzeptu hori, zaharkitutzat jotzen dute, eta are gutxiago entzuten dira “langile batasuna” bezalako esaldiak. Bakoitza bere kontuez soilik arduratzen da, eta beraien ustez apolitikoak dira. Beraz, garai bateko militantzia “hura” galdu egin dugu, eta militantziatik norberekoikeriara urbildu gara hamarkada gutxitan.
Euskal gizartean, gazte eta ez hain gazte direnak, -nahiko ongi jantziak- bere pentsamolde eta joera “propioak” dituztela diote. Aspaldian ez ditugu ikusten masa handiko bilkura eta manifestaldietan, ezta borroka eremuetan noski. Agian horregatik herri jaialdi edo kiroletan ez daude “eroso”, itxuraz nahiago dute bere ustez, intelektualarentzat diren hainbat ekitaldi.
Estatuaren arrazoi gehienetan sinisten dute eta baita babestu ere, demokratak dira. Onartzen dute inperio ekonomiko eta politikoak agintzen dutela, baita “olagarro” gisa, beharrezkoak dituztela multinazionalak, banketxe erraldoi eta armada. Baita komunikabide manipulatzaileak. Onartzen dute demokrazia “formal” bat besterik ez dela, baino eroso sentitzen dira bere baitan.
Beraien diskurtsoari jarraituz, diote -agian harrotasun puntu batekin- demokrazia formal eta modernoaren izenean, Lege Biltzarrak sortu zirela, eta nahiz poliziaren Estatua indartu, “ustez” beharrezkoak dira, sistema indartzen dutelako.
Lege antiterroristak baietsi egiten dira Lege Biltzar horietan, -aurkariak ezabatu nahian- baina hori bai, Estatuari aurre egiten diotenarekin soilik, eta beti demokraziaren onerako, noski. Ulertzen dute, horrelako lege bereziak, torturaren praktika babesten dutela, baina horiek, sistemaren akatsak besterik ez direla diote.
Ez da gaurkoa, egia baita betidanik gure borrokak bi zutabe nagusi izan dituela “sozial eta politikoa”, askatasun bidean, aurrez aurreko antikolonialista, bata, eta langileen iraultza, bestea. Horretarako ideologia baten hornitu izan gara, eta horrela giza mugimendu zabal eta indartsua antolatu genuen. Gaur ez dira egoera berdinak, ideologien “krisi” sakona begi bistan dugu.
Lehen nioen bezala, aldaketa nabaria da eta nahiz ongi ezagutu prozesu honen atal desberdinak, bata bestean ondotik, uka ezina da, garai batean ikusi nahi genuena ikusi gabe gaudela, eta hamarkadak banan, banan, gelditu gabe, gainean doaz.
Beraz, langabeziak eta miseriak bultzatzen duten langileria, gaur edo bihar euskaldun bezala zapalduta dagoen herriarekin bat egingo zuelakoan ginen, baina ez da horrela izan. Egia da, helburua bai ederra, oso, baina oraindik…
Beste atal batean, langileen zatiketan dagoela arrazoi nagusia, nioen, eta egia da. Gizarte langileak emandako bozak jartzen dituzte politikari ezberdin eta “adimentsu” instituzioak kudeatzen. Baina, politikarien arteko negoziaketak, -gaurdaino- ez dute aldaketarik ekarri. Nondik etor daiteke ba aldaketa? Ba, langileen bozaren subjektu aldaketarekin. Hori jorratzeko dagoen bidea.
Batzuk eta besteak ezagutu ditugu eta, “beste behin”, erabaki zuzenean datza etorkizun duinaren bidea jorratzea.
Urteak eta urteak daramagu -herri bezala- atzera eta atzera. Ez utzi iseka gehiago egiten. Izan zintzo zeure buruarekin eta maiatzaren 28an, etorkizun duina bermatuko duen aukera indartu.