Mahai ingurua Arantzazun: euskal auzian bizikidetzaren berradiskidetze-prozesu bat konpartitzea

 

Baketik-ek egungo lehentasun etikoei buruzko urteroko jardunaldien bosgarren ekitaldia antolatuko du apirilaren 8an eta 9an. Aurten honako gaia jorratuko da: «Euskal auzian bizikidetzaren berradiskidetze-prozesu bat konpartitzea. Iragana, oraina eta etorkizuna beste modu batean kudeatzeko iradokizunak». Mario Zubiaga, Margarita Robles, Juan Pablo Fusi eta Juan Jose Ibarretxe izango dira hizlariak. Ostiraleko jardunaldian gogoeta-lana ateak itxita egingo da, eta larunbaterako mahai-inguru publikoa antolatu dugu.

Apirilaren 9an, larunbata, 11.30ean, Arantzazuko Gandiaga Topagunean egingo den mahai-ingurura gonbidatuta zaude.

Ohar garrantzitsua: apirilaren 8a baino lehen 943-251005 telefonoan zeure parte-hartzea baieztatzea eskertuko genuke.

Baketik Arantzazun (Oñati) 2006ko urriaren 14an sortu zen Bake zentroa da. Egitasmo honen bultzatzaileak Arantzazuko Santutegiko Frantziskotarrak izan ziren eta euren erabakiz zentroa laikoa, akonfesionala eta bere funtzionamenduan anitza eta irekia da. Zentro honetan bi kontzeptuk bat egiten dute: bakeak eta etikak. Bere lana bat-egite horren emaitza da. Bere zeregina, batetik, etikan sakontzea da, bakearen eta gatazken konponbide eraikitzailearen oinarri gisa; eta bestetik, lantze horren ondorioak ahalik eta gehien zabaltzea. Zentroak norabide horretan bi ikuspegirekin lan egiten du; euskal gizartearen barrura begira, gatazka suntsitzaileak prebenitzeko eta bizikidetza adiskidetua bultzatzeko helburuarekin, eta euskal gizartetik kanpora begira, ahaztutako gatazkei eta gatazka horietan ahaztutakoei laguntzeko asmoz. Zentroaren lehentasuna helburu dibulgatzailearekin eta solidarioarekin lan egitea izan da, eta horretarako ekimen desberdinak garatu dira. Proiektuak atalean egitasmo hauen berri duzu eskuragarri.