Madrildik itzulita
Madrildik itzulita –
ELA Madrilen hainbat talde parlamentariorekin bildu da (PSOE, PDECat, ERC, Unidos-Podemos eta EH Bildu), baita Magdalena Valerio Lan ministroarekin ere. EAJrekin bilera Bilbon izan da, EBBko hiru kiderekin. ELAk eskatu zituen bilera hauen helburua zen azaltzea lan erreformek izan dituzten eragin larriak eta talde horiek mugiaraztea, kalte haiek bertan behera gera daitezen urratsak egin ditzaten. Hori izan zen talde horietako batzuren konpromisoa. ELAk, besteak beste, garrantzia eman dio datu bati: negoziazio kolektiboa “estatalizatzeak” soldaten jaitsiera dakar.
Zertan datza estatalizazioa? Legeak aukera ematen du estatu mailako lan-hitzarmenen bidez gure herrian negoziazio kolektiboa galarazi edo mugatzeko. Aukera hori Zapateroren lan erreformak eman zuen, eta CCOOk, UGTk eta Espainiako patronalak baliatu egiten dute. Negoziatzeko ahalmena eragotzi edo mugatzeak lan baldintzetan ondorio oso gogorrak ditu. Esaterako, kolektibitateetako emakumeei estatuko sukaldaritza hitzarmena aplikatuko balitzaie Ostalaritzako euskal hitzarmenen ordez -hau da CCOO, UGT eta espainiar patronalaren asmoa- urtean 60 ordu gehiago lan egin beharko lukete, baina soldata erdiaren truke.
Bere proposamenean ELAk ez die ukatzen CCOO, UGT eta patronalari estatu mailako hitzarmenak negoziatzeko aukera, beste modurik ez dagoen probintzietan bederen. Sindikatuak beste zerbait eragotzi nahi du: Estatu eremuko sektore- edo enpresa-hitzarmenek galaraztea beste edozein eremu geografiko edo funtzionaletan lan-baldintza hobeak negozia daitezen. Hau, zalantzarik ez dugu egiten, langileak pobretzeko estrategia baita.
ELAk ohartarazi du negoziazio kolektiborako ahalmena galtzeak, non eta zer negoziatu dezakegun erabakitzeko aukera kentzeak, eragiten dituen kalte larriez: Soldatak urritu egiten dira; lan-baldintzak okertu; zerga gutxiago biltzen da; kohesio soziala hondatzen da… Soldaten jaitsierak arlo guztietan ditu eraginak: esaterako, enpresen etekinak markak hausten ari dira, gure jendea esplotatzeko aukera handiagoa baitute (horregatik ari dira hoteletako gela garbitzaileak esternalizazioaren aurkako borrokan). Beraz, uste dugu gure esku dagoen guztia egin behar dugula lege bidegabe hau aldarazteko; bidegabea, lan baldintzak hondatzen dituelako eta gure herrian demokratikoki hautatutako ordezkaritza sindikala gutxiesten duelako. Estatuko hitzarmen horiek sinatzen dituztenei ez die axola hemengo hitzarmenak -esaterako ostalaritzakoak- sinatzen ditugunok ordezkaritzaren %80a ere izatea: inpugnatu egiten dituzte auzitegiek indargabetu ditzaten.
Bada, Madril eta Bilboko bileretan talde parlamentario bat ere ez da agertu gure eskariaren aurka, ezta Valerio ministroa ere. PSOEko ordezkariek hitzez hitz bi gauza esan zituzten: “ondo azaldu duzue zuena” eta, funtsean, “kontua da jendearen bizimodua hobetzea”. Hala baita: hori da guk nahi duguna. Ministroarekin izandako bileran bozeramaile batek esan zigun gure posizioa “ulergarria eta arrazoizkoa” zela. Beraz, gaia konponduta al dago? Ez, inola ere ez. Badakigu patronalak eta sindikatuak estatu mailan presio gogorrak ari direla eragiten egitura injustu eta antidemokratiko hori alda ez dadin.
Espainiako Bankuak proposatu zuen, krisi honen hasieran, hitzarmenen negoziazioa bi eremutan egin behar zela: Batetik, enpresan; horretarako ezarri zuten enpresa-hitzarmena aplikatzeko lehentasuna. Bestetik, Estatuan, lurralde mailako sektore-hitzarmenak (alegia, “probintzialak”) desagerraraziz. Espainiako Bankuak posizio horren aldeko argudio bat eman zuen: bietako batean ere ez da oposizio sindikalik izango. Indar sindikalik ez dagoenez, dio Bankuak, enpresek bi eremu horietan nahi dutena egin ahal izango dute. Eta egiaz ez dakigu estatu mailako sektore-hitzarmen baten inguruko azken greba noiz izan den ere.
Alabaina, gogoratu beharra dago PSOEk Kongresuan ez duela gehiengorik, eta beste taldeen babesa behar duela “lan erreformaren alderik kaltegarrienak” aldatzeko, partzialki bada ere. Eta egia da ere PSOEko ahots guztiak ez datozela bat: Nadia Calviño Ekonomia ministroa duela gutxi Londresko Cityan izan zen, eta Rajoyren erreformaren punturik gogorrenak mantentzearen alde mintzatu zen. Beraz, zalantzan jar daiteke espainiar Gobernuak benetan indargabetu nahi ote dituen Rajoyren erreformaren edukirik latzenak (hitzarmenen ultraaktibitatea, enpresa-hitzarmenen lehentasuna…). ELAk ohartarazi nahi du gainerako talde parlamentarioen jarrera erabakigarria izango dela gauzak onerako mugi daitezen.
Horregatik izan ditugu bilera horiek. Unidos-Podemosekoek esan ziguten euren negoziazio kolektibo ereduan eremu apalagoko hitzarmenak soilik goragoko eremukoa hobetzeko balio behar duela. Gu horrekin bat gatoz. EH Bilduk esan zigun gure proposamena “ondo planteatuta” zegoela, eta hau dela aurrera egin dezan “unerik egokiena”. ERC bat zetorren ezarritako erreformen aurkako jarreran, eta gehiengoek zein eremutan negoziatu hautatzeko eskubidea dutela. PDECat ados zegoen euskal errealitate sindikala, Estatukoak ez bezalako gehiengoekin, errespetatu egin behar dela. Eta EAJk esan digu “espainiar Gobernuan ateak irekitzen” saiatuko dela. Hain zuzen, 1994an EAJrekiko lankidetza posible izan zen, hemengo negoziazio kolektiboa bermatzeko helburuarekin. Gaur ez luke zertan desberdina izan.