Madalenak mertxikarekin amatxorentzat
Bihar ospatuko dugu amaren eguna eta oraindik zer oparitu ez badakizu, proposamen itzela duzue honakoa: madalenak mertxikarekin, egin berriak eta maitasunez prestatuak. Ohean erregina baten modura gosaltzeko ezin hobeak! Lurrinei edota bitxiei ezin zaie maitasunik gehitu, bai ordea etxeko sukaldean prestatzen diren jakiei. Amarentzako opari hobeagorik bururatzen? Hementxe errezeta:
Osagaiak
- 200 g azukre
- 4 arrautza
- 5 koilarakada esne
- 250 g irin
- Koilaratxokada bat legamia-hauts
- 125 g gurin urtu
- 2 limoi berderen edo, besterik ezean, horiren azal birrinduak
- Mertxika helduak, zurituak eta atal marduletan moztuak. Garaia ez bada, almibarretako mertxika aukera ona da
Egiteko era
Gopor batean landuko ditugu arrautzak, azukrea eta azal birrinduak. Ongi joko dugu nahastura hagaxka batzuez, loditu eta kolore zuria har dezan. Langar finean erantsiko dugu ondoren irina, legamiarekin batean. Biraka nahasi ondoren gaineratuko ditugu esnea eta gurina. Ongi nahasi eta prest edukiko dugu orea.
Madalena moldeak beteko ditugu gero oreaz, haien okupaturik. Mertxika atal fresko bana barneratuko dugu ondoren haietan. Labean sartu eta 200ยบ-ko tenperaturan edukiko ditugu moldeak, 15/20 minutuan, madalena gorritu eta harrotu arte. Hoztu ondoren, azukre-hautsa erantsiko diegu gainetik.