Mª Jesús Ramírez Fernández “Chucha” eta Calcuta Ondoan, 2024ko Agustín Ugarte saridunak
Mª Jesús Ramírez Fernández “Chucha” eta Calcuta Ondoan Agustín Ugarte saridunak –
- Agustín Ugarte sariaren helburua da Gipuzkoako lankidetza zeregin kolektibo gisa ikusaraztea eta Gipuzkoako erakunde, entitate eta pertsona indibidualen ekarpena aitortzea.
- Calcuta Ondoan Gipuzkoako GGKE bat da, Indian pertsonen eta taldeen sustapen integralerako laguntza humanitarioko eta garapeneko proiektuak babesten dituena.
- Mª Jesús Ramírez Fernández “Chucha”, Sortzez Garbiko ahizpa frantziskotarra 73 urteko aktibista humanitario nabarmena da eta 25 urte daramatzana Hondurasen lanean.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kultura eta Nazioarteko Lankidetzako Departamentuaren bidez, Agustín Ugarte saria emango die Mª Jesús Ramírez Fernándezi (“Chucha”) eta Calcuta Ondoan GKEari, abenduaren 4an, Kiroletxean. Sari honek, Mª Jesús Ramírezek eta Calcuta Ondoan erakundeak bezala, komunitate ahulenen zerbitzura lan egin duten pertsonen eta erakundeen konpromisoa, elkartasuna eta dedikazioa aitortzen ditu.
Goizane Álvarez Kultura eta Nazioarteko Lankidetzako diputatuaren hitzetan, “Agustín Ugarte saria ibilbide bat baino haratago doan aintzatespen bat da; lankidetza eta elkartasuna beren bizitzako bide egin dutenen ahalegina, enpatia eta entrega omentzen ditu. Bai Mª Jesús Ramírez, bai Calcuta Ondoan, eredu dira, eta gogorarazten digute ekintza bakoitzak, munduko edozein lekutatik, ahalmena duela errealitateak eraldatzeko eta pertsona ahulenengan inpaktu iraunkorra sortzeko. Sari honen helburua da lan nekaezin hori ohoratzea, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Nazioarteko Lankidetzako Departamentuak berretsi egiten du mundu bidezkoago eta solidarioago baten alde apaltasunez eta sinesmenez lan egiten dutenei laguntzen jarraitzeko duen konpromisoa.”
Mª Jesús Ramírez, “Chucha” izenez ezaguna, Donostian jaio zen eta Sortzez Garbiko ahizpa frantziskotarra da. 73 urte ditu eta horietatik 25 Hondurasen zerbitzatzen eman ditu, batez ere landa-komunitate behartsuetan. Bere bokazio solidarioa Espainian hasi zen, non legenar-erietxe batean boluntario bezala lan egin zuen eta, ondoren, Indiako legenardunentzako ospitaleetan. Mitch urakanaren ondoren, 1999an, Hondurasera joan zen, eta herrixkak elektrifikatzeko, etxebizitzak eta zentro komunitarioak eraikitzeko eta azpiegiturak hobetzeko lanetan aritu zen. Gainera, hezkuntza-ekimenak, emakumeak ahalduntzeko proiektuak eta presoentzako tailerrak gidatu ditu. Bere konpromisoari hainbat sari eman zaizkio, eta bere lanak ehunka lagunen bizitza hobetu du, giza eskubideen eta ahulenen defendatzaile gisa sendotuz.
2024ko Agustin Ugarte sari kolektiboa jaso duen Calcuta Ondoan elkartea 1999an sortu zen Gipuzkoan, eta aurten 25. urteurrena ospatzen dute. Indiako behartsuenen aldeko lanak markatutako ibilbidearekin, Calcuta Ondoan elkarteak Gipuzkoako gobernuz kanpoko hainbat erakunderen babesa jaso du bere hautagaitza babesteko.
Sortu zenetik, Calcuta Ondoan elkarteak lankidetzako proiektuak garatu ditu, hala nola “Ashabari” eta “Ashajothi”, emakumeen ahalduntzera, osasunera eta giza eskubideetara bideratuak, genero eta ekologia ikuspegia txertatu arte eboluzionatu duen esku-hartze eredu batean oinarrituta. Gaur egun, erakundeak 20.000 emakume onuradun baino gehiago ditu Indian, eta aliantza estrategikoak ditu erakunde feministekin eta ingurumen-eskubideen aldeko erakundeekin.
Sari banaketako ekitaldia Mª Jesús Ramírez eta Calcuta Ondoan bezalako pertsona eta erakundeen lorpenak ospatu eta ikusarazteko unea izango da, Agustín Ugarte sariak defendatzen dituen lankidetzako eta errespetuko balioak gorpuzten baitituzte.
Agustín Ugarte saria
Kultura eta Nazioarteko Lankidetzako Departamentuak 2021ean erabaki zuen Agustín Ugartek 1989tik Behar Bidasoarekin egin duen lan handia aitortzea. Behar Bidasoa, une horretatik aurrera, bere lana eta bizitza izan zen. Agustín Ugartek hasieratik jakin zuen oso garrantzitsua zela ezagutzera ematea, bidegabekeriak erakustea, elkartasunean, hau da, Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzak duen garrantzian sentsibilizatzea eta inplikatzea, gure esku dauden bitarteko guztien bidez, modu iraunkor eta etengabean, eta tokian tokiko garapenean lankidetzan aritzea.
2021ean saria Agustín Ugarterentzat izan zen, 2022an Mari Cruz eta Mila Andueza izan ziren saridunak, eta Mugen Gainetik GKEa sari kolektiboan eta 2023an Aita Olaran eta Medicus Mundi GKEa.
Mª Jesús Ramírez Fernández “Chucha” eta Calcuta Ondoan, 2024ko Agustín Ugarte saridunak