M22aren eta E11ren osteko irakurketa bat, hiru subjekturen inguruan

agintemakilak-ala-guardasolak

Bildu: Hauteskunde hauetako irabazlea izan da (Deiaren gaurko titularrak beste zerbait irudikatu nahi duen arren). Koalizioaren hiru korronteetako indarrak biltzeaz gainera, kontestu politikoak eta hau sustatzeko ilusioa piztu izanak koalizioaren batuketa hutsaz gaindi zegoen boto kopuru bat lortzeraino biderkatu da. Horrek itxaropentsuenen kabaletan ez zeuden udal batzuk eskuratzea ekarri dio (Lasarte, Azkoitia…). EAJk kudeaketan esperientzia falta izatea leporatu izan dio Bilduri, eta koalizioak, diskurtso horri itzuri egin dion arren, gaurtik aurrera erakutsi beharko du hori horrela dela. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin zer gertatzen den ikusteko dago (gaur osatuko da eta, sorpresarik ezean, Martin Garitano izango da Ahaldun Nagusi), baina Bildu Gipuzkoako Udal gehienetan ez ezik (Bizkaiko eta Arabako batzuetan ere bai, Nafarroan gutxiago) Diputazioan indartsu egoteak, Ortzik zioen bezala, beste lehia bat ere agertarazten du. Abertzaletasunaren baitan indar hegemoniko eta erreferentziala nor izango den dago jokoan, eta horretarako, gaurtik aurrera, Bilduk kudeaketa onaren azterketa gainditu beharko du. Hori izango da, hauteskunde hauek, norma edo salbuespen bilakatu ditzakeen erronka, datozen hilabetetan.

 

EAJ: Noticias taldeak nahi bezala titulatu eta makillatu ditzakeen arren, ez dira onak izan emaitzak Euzko Alderdi Jeltzalearentzat. Bilbo eta Bizkaia bereak ditu eta Arabako Diputaziora ere hel daiteke, agian. Baina Gipuzkoan emaitzak ez dira onak izan eta historikoki jeltzaleenak ziren udal asko galdu ditu. Jeltzaleentzat, porrota ez da hauteskundeei loturikoa, korronte batena ere izan baita. Azkuna-Urkullu-Bilbaoren ildoak Bilduren tsunamiari eutsi dio eta Egibar-Batu Gaitezen ildoak, aldiz, porrot egin du. EAJren sektore soberanistak porrot egin du? Ikusiko da. Dena dela, ataka zailean zegoen Maiatzaren 22aren ostean Udalen osaketarako (Bildurekin ala PSErekin?), eta esplizituki erdiko bidetik jotzea erabaki du, ez batekin ez bestearekin. Pentsatzekoa zen, Gipuzkoan azpiegitura handien mamua haizatu zutenean, PSErekin akordioa egiteko baldintzak jartzen ari zela, baina Alderdi Sozialistaren baldintzak batetik, eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak bertan direla jakinda, erdiko bide pasibo bat hartzea erabaki du. Ze ondorio ekarriko dizkio honek EAJri? Aipatu bezala, indar handia galdu du EAJk, udaletan oposizioan geratuta. Bi urte barru egingo diren Legebiltzarreko hauteskundeetan indar posizio batean agertzeko, ziaboga asko eman behar dituzten jeltzaleek: hautagai aukeratu eta aurkeztu eta, Bilduren sarrera ikusita, indar hegemoniko dela berretsi beharko du, boto utila berreskuratu nahi badu, berriz. Baita PP-PSOE itunaren aurrean zer aukera egin nahi duen ere: Bildurekin batera egiteko bidea jorratu ala orain egin duen bezala, erditik eta bakarrik egin bidea.

PSE: Porrot handia jasan dute. Zapaterok krisi ekonomikoaren aurrean izandako jarrera, PPrekin egindako ituna, Jaurlaritzaren kudeaketa… Ez dakit zein ziren euren aurrikuspenak, baina ezin zuten onak izan, derrigorrean. PSEk Egigurenen bidea, bake prozesuarena ez indartu izana da ulerkaitza zenbaitentzat. Ze beste indargune zuen Alderdi Sozialistaren mezuak bestela?

PSE ataka estuan zegoen hauteskundeen biharamunean emaitzak ikusita, eta EAJrekin Gipuzkoan lortu zitzakeen akordioetarako baldintza estuegiak jarri zituen (Donostia, Errenteria, Andoain eta Lasarten ez erasotzea eskatzen zuen Foru Aldundiaren truke). Zer geratzen zaio orain? PSOErekin sintonia onik ez dutela dirudi, eta Ares Jaurlaritzatik Madrila joatea (Rubalcabaren postua hartuko luke Barne Ministeritzan) Lopezen gobernuari beste kolpe gogor bat ematea da. PSEk bere korronte autonomikoa indartzen ez badu eta sartu den zurrunbilotik ateratzen ez bada, udal eta foru hauteskundetakoa Eusko Legebiltzarrerako hauteskundetan nozituko duen porrotaren iragarle besterik ez da izango.

Zer duzu buruan “M22aren eta E11ren osteko irakurketa bat, hiru subjekturen inguruan”-ri buruz