Lurrari lotuz

Lurrari lotuz –

Une onean dator Sorturen Kongresu berria, hamar urte bete baitira ETAk bere iharduera armatua utzi zuenetik eta, ondorioz, Ezker Abertzaleak estrategia berritu zuenetik. Nazio askapenerako euskal mugimenduak 1959-2011 urte bitartean eginiko borrokaldi eta lan politikoaren emaitza argia da: asimilaziorako bi estatuek garaturiko estrategiak porrotera eramatea. Arrakasta itzela, zalantzarik gabe.

Arg: Steve Garry

Baina 50 urteko borrokaldi luze eta gogorraren ondoren, Euskal Errepublika sozialista sortzeko bidean estrategia aldatzeko beharra ere iritsi zitzaigun, eta horixe egin genuen 2011ean. Hor kokatu behar ditugu Abian eta Zohardia hausnarketak. Eta, gaur,  hamar urte pasa direnean, nolakoa da hamarkada honetako borrokaldi eta lanaren emaitza?

Horretarako, hainbat galderei zintzoki erantzun behar diegu. Zertan dago azken hamarkada honen ondoren euskal prozesu independentista? Indartu al da independentziaren aldeko herri nahia? Ez dirudi, kontrakoa diote ikerketa gehienek, behintzat. Eta euskal prozesu sozialista? Zertan dago sozialismoaren aldeko borroka eta aliantza antikapitalista? Euskal gehiengo sindikalaz haratago eraiki al dugu ezer? Ez da inon ageri. Eta Euskal Herriaren lurralde batasuna? Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian aurrera egin da, zalantzarik gabe, baina lurralde batasunaren ikuspegitik euskal herritarrok elkarrengandik gerturatu ala urrundu egin gara azken urteotan? Non dago eta zein ikuspegia du mugaz gaindiko hiru eremuen arteko lankidetzak? Ez da hiru eremuen arteko elkarlan estrategikorik ere inondik ageri. Eta euskalduntze prozesua nola dago? Honetan behintzat guztiok bat gatoz azken urteotan moteltze edota atzeratze fase batean murgildu garela onartzeko, toki eta esparru batzuetan aurrera egin den arren. Agian, euskal prozesu feminista da azken urteotan benetan indartu den prozesu bakarra, euskal feministek egin duten lan eta borroka txalogarriari esker, inolako zalantzarik gabe.

Joan den 60 urteotan herri honek aurrera egin duela ez dago dudarik, baina nolakoa da azken hamar urte hauetako emaitza? Nahiko genukeena eta, batez ere, beharko genukeena baino apalagoa zoritxarrez, nire ustez. Askok botila erdi betea edota erdi hutsa dagoela esanez erantzuten dute, baina agian erantzuna beste bat da: botila zulatua dagoela, eta  zulatua badago, denbora ere gure aurka dago…

Abian eta Zohardian finkatu genituen bi ardatzen egoeraren azterketak gaia zerbait argituko digulakoan nago: zertan daude borroka instituzionala eta herrigintza? Estrategia berria behar den bezala garatzeko, bi ardatz horien arteko garapen orekatua bideratu beharko genuke, eta halakoa al da azken hamar urteotako balantzea ikuspegi honetatik?

Badakigu gure helburuak instituzioetatik soilik arituz ezingo ditugula eskuratu, baina ezta herrigintzatik soilik arituz ere. Biak dira beharrezkoak. Baina biak neurri berean garatu al ditugu ala desoreka nabarmena eman da azken urteotan? Agian horretan datza gure botilaren zuloa…

Hamarkada honetan alor instituzionalean eginiko lanaren emaitza oparoa izan da. EH Bildu eta EH Bai horren ispilu argiak dira. Baina zertan dago herrigintzaren emaitza? Non dago herri bulkada? Euskal Herrian dauden ehunka borroka sektorialen ikuspegi bateratzaile eta norabide abertzalea zertan dira?

Herrigintzaren egoera Sorturen berbera da, ahuldua eta EH Bildu eta EH Bai taldeekiko subordinatua. Desorekatu dugu gure estrategia. Alor instituzionala, hauteskundeak eta dinamika instituzionalek ia dena irentsi dute. EH Bildu eta EH Bai koalizioen mesedetan egiten da dena, herrigintza eta Sorturen errealitatea ahulduz eta menpekoa bihurtuz, gure ikuspegi ideologikoa eta praktika politikoa mugatzera arte.

Egoera honetan, eta Sorturen Kongresuan, gure lehentasuna Sortu indartzea izango da, herrigintzaren ildoa indartzea dakarren proposamenari lehentasuna emanez. Desoreka estrategikoa orekatzeko asmoz, ahulenari indar berria eman behar diogu eta.

Ezker Abertzalearen ispilu ideologikoa den Sortu berpiztu behar dugu eta berarekin batera ahulduta dugun herrigintzaren ardatz osoa. Egoera politiko honetan aldebakartasunez aritu beharko dugu ezinbestean eta, beraz, desobedientzia bidean sakondu beharko dugu. Lehena egin gabe, bigarrena ezinezkoa izango baita.

Eta ikuspuntu hau Sorturen Kongresura eramateko bildu da Ezker Abertzaleko militante multzo bat “Lurrari lotuz” ekarpena egiteko. Helburua ikuspuntu hau jasoko duen proposamena Ezker Abertzaleko kide guztiei aurkeztea da, eztabaidatzea eta baita bozkatzea ere. Horretarako, irailaren 15a aurretik izena eman eta inskribatu behar du norberak bere burua Sorturen orrian Kongresuan parte hartzeko.

Nik bat egin dut ideia horrekin, Ezker Abertzalea eta askapen nazional zein sozialerako herri prozesua indartu behar baditugu, bi karrilak beharrezkoak ditugulako, botilako zuloa tapatu behar dugulako. Animatu zaitez zu ere eta izena eman Sorturen Kongresuko eztabaidan parte hartzeko.

 

Joseba Alvarez

Ezker Abertzaleko kidea

Lurrari lotuz Lurrari lotuz Lurrari lotuz

5 pentsamendu “Lurrari lotuz”-ri buruz

  • Nahiko penagarria iruditzen zait Sorturen ibilbidea.
    Asimilazio prozesuak porrotera eraman direla esatea errealitatea ez ikustea da.
    Euskara galbidean dago, eta holako txotxolokeriak entzun beharra

  • Txikiteroari esan nahi diot euskeraren egoera eta Sorturen egoerarekin nahastea (eta ni ez naiz Sortukoa )hori bai dela txotxolokeria. Agian txiketeroan ibili ondoren idatzi du eta.
    Josebari berriz, esan nahi doit goitik behera konpartitzen detala EHBilduren egoeraz, bere indargunez eta ahuldadez ,diona. Ni ere oso kezkatua nago Intstituzional arloko eta herrigintzarekin dagoen desoreka. Baina harritu egin nau dionean: Herrigintzaren egoera Sorturen berbera da, ahuldua eta EH Bildu eta EH Bai taldeekiko subordinatua. Desorekatu dugu gure estrategia. Alor instituzionala, hauteskundeak eta dinamika instituzionalek ia dena irentsi dute. EH Bildu eta EH Bai koalizioen mesedetan egiten da dena, herrigintza eta Sorturen errealitatea ahulduz eta menpekoa bihurtuz, gure ikuspegi ideologikoa eta praktika politikoa mugatzera arte. Nik berriz, usten dut EHbilduren egoera hein handia batean Sortuk hala nahi izan duelako edo beste erara ezin izan duelako. EHbildu da Sorturen menpeko dagoena (eta hein handai batean normala ikusten dut Sortu delako EHBilduren talde nagusia eta zuzendaritzan guztiz hegemonikoa, beraz, …) eta ez alderantziz. Zilegi iruditzen zait Sortu indartu nahi izatea (edo guk Alternatiba) horrek berez ez delako EHbilduren kalterako. Nire galdera, ordea da: EHBildu izanik Hiru aldediak sorturiko fronte zabal bat zergaitik (denen onerako) ez indartu bere jarduera herritarra? Zergaitik ez aldatu EHBilduren instituzional arloko eta herrigintzako egoera? Ez zaudete ados EHBildu fronte zabala indartzea herrigitzan ere, eta talde politikoaren zeregina batez ere Barne aniztasuna antolatura bermatzea mugatzea, edo gehienez EHbilduk bere egiten ez dituen gai eta ideiaz (barne aniztasunak gehiago ematen ez duelako) mugatzea? Adeitasunez. Gaizki esanak barkatu, ono esanak onartu.

  • Txikiteoa oso garrantzitsua eta sustraitua da gure EH maitean, zuk agian nahiago izango duzu Madrilen tapeoan ibiltzea Oskar Matute eta ezpañako proletarioekin…

  • Uste dut Joseba Alvarez ez dela bat ere eroso egongo Bikilaren laudorioekin. Nik neuk bere idatzitik jasotzen dudan inpresioa da Sortun ez dagoela gustura. Sortu ez da berak espero zuen erakundea eta abertzaleak Sortun sartzeko dei bat egin nahi du. Momentuz bere aitak ETAtik bota behar izan zuen LCRko militante baten txaloak jaso ditu. Tamalez? Edo pozik?

  • Bikilari, gaztelaniaz esaten den bezala, “el niño en el bautizo y la novia en la boda” izatea asko gustatzen zaio. Jaungoikoaren ahotsa.