Lurraldearen paradigma politikoa, Iparraldean

Lurraldearen paradigma politikoa, Iparraldean. 

Lurraldearen paradigma politikoa, IparraldeanAspalditik Frantziak irentsi eta digeritu nahi gaitu. Ahalegin horretan, beste batzuen artean, 1789ko iraultza izan zen guretako etapa tragikoena, baina ACPB (elkargoa) horren ezartzearekin historia berriro azeleratzen ari da eta, orain, atzera begiratu gabe, gure baitarik, lasterka goaz iraultzak hasitako obra burutzera. Izan ere, azken hamarkadetan, gure probintzia tradizionalen eraldaketa sozio ekonomikoak[1] bat egin du estatuaren aspaldiko asimilazio politikarekin. Eta bi faktore horiek moldatu duten gure klase politiko osoak[2] ere bat egin du asimilazio politika horrekin, zenbait gibelondo azalez edo kritikatzen baditu ere. Gure klase politikoa erabat integratu da frantses joko politiko demokratikoaren markoan besteak bezalako parte-hartzaile demokratiko normal antzera. Alta garrantzia du, oraindik, oroitaraztea zer izan zen eta den 1789ko Iraultzatik estatu frantziarraren politika Euskal herriari buruz.

Oroitarazpen zenbait

Ebidentzia guzien araberan, Iraultzak hemen iraganetik zetorren guzia, lurraldeak, instituzioak, kultura politikoa, ohiturak eta hizkuntza ezabatzea nahi zuen; herri honen ezaugarri bereizgarri nazionalen ezabatzearekin batera independentzia eta burujabetza ideiak oro burutik erauzteko. Bistakoa da 1789an iraultzalari konkistatzaileek desmasia horiek guziak burutu zituztela hainbat propaganda-justifikazioren izenean, alegia, feodalismoaren iluntasunaren kontra, “argien ideien” progresoaren alde, baita “liberté, egalité eta fraternité” lelopean ere.

Ba, gaur, bi mende eta erdiren buruan, iraultzalari konkistatzaile haiek asmo guzietan lortu dute, batzuetan gu ohartu gabe ere. Horregatik, gaur konprenitzen ez dugun iraultzaren lorpen berantiar horietarik bat, gure politikaren kontzepzioaren aldaketa erabakigarria dakarrena -horregatik paradigma aldaketa aipatzen dut- aztertu beharra dago.

Lurraldearen inguruko paradoxa

1789ko iraultza arte, euskaldunek, erregimen zaharreko euren instituzioetan oraindik erdi-babestuak[3] senti zitezkeenek, euren lurraldeen eta lurraldetasuna kontzientzia argia zuten, zeina gehienbat etno-linguistikoa baitzen. Adibidez, dakidanez, Lapurdiko biltzarrean bilerak euskaraz egiten ziren. Horregatik herriko beste delegatuekin batera biltzen ziren Biarritzeko eta Angeluko euskal auzokoak,  ez ordea euskaldun ez ziren beste auzokoak. Aitzitik, Baiona errege administrazioaren egoitza erabat frantziarra eta Lapurdiren ohiko arerio edo etsai izanez gero, ez zitzaion inori sekula burutik pasako Lapurdiko biltzarrean parte har zezakeenik ezta parte haru nahiko lukeenik ere.

Baina administrazio iraultzailearen obsesioa, besteak beste, euskal lurraldea eta lurraldetasun sentimentua etnikoa ezabatzea zen. Orai denek errepikatu ohi dugu departamenduan nahasi nahi izan gintuztela Biarnotarrekin[4] baina kasik inork ez du erraiten, orozgain Lapurdiko probintzia Baionarekin batu edo nahasi nahi izan zutela suprefektura entitate administratibo frantses etniabiko berri batean eta, Baiona suprefekturaren hiriburutzat inposatu. Nabaritzekoa da orduko Lapurtarren nahigabeko erreakzioa.

Nabaritzekoa ere administrazioaren asmo hori gaur arte konstante bat egonen zela. 

Beraz, prefetak berrikitan eskaini eta guk, besterik ezean, onetsi dugun ACPBA delakoak, guk enfasiaz “Euskal elkargo” deitu dugunak, 1790ko suprefektura etniabiko horren harian, ez du zabaltzen eta burutzen baizik iraultzaren asmoa. Izan ere sortu dute suprefekturako udal etxeen eta hautetsien gaitasun gutiko biltzar bat, 1790ko suprefekturaren lurralde administratibo frantziar zentralista osatzen duena.

Eta hau da historiako paradoxa: frantses administrazioak euskaldunei beti inposatu nahi ziena, gaur denok, abertzaleak buru, onartzen dugu ebidentzia balitz bezala. Gehiago dena, gure garaipena balitz bezala, aldarrikatzen dugu Baiona Iparraldearen hiriburua dela, Lapurdiko kapitala eta, garen punduraino iritsita, zendako ez, Etxegarai alkatea Iparraldeko lehendakaria dela…

Iraultza denborako Biltzarreko lapurtarren kontzientzia politiko etno-linguistikotik oraiko elkargoaren kontzepzio politiko oeukomenikora bada salto bat esplikatu behar dena: Artetik erraiteko, “Baiona kapital” euskaldunen pertzeptio berri  horren historia oraindik egitekoa dago inoiz inor interesatzen bada. Ni historialari ez izanki, so-egilea baizik, erdi-ikusten ditudan pista batzu emanen ditut bakarrik.

Ikus dezagun lehenik kontzepzio  horretara iristeko euskaldunen urratsak

Iraultzaren ondotik, nahi edo ez, kontzepzio hori piskanaka sartu zen euskaldunen buruan kontzientzia etnikoa galtzen zuten edo hartaz ahalgetzen ziren ahala, eta haien notableak frantsesten ziren ahala. Hala ere, XIX. mende erdiko Xahoren testu bat irakurrita, Baionan luzaz bizi izan arren, iduri du Xahok oraindik bazekiela Baiona ez zela Euskal herria. Baina Xaho pertsona bikoitza eta bitxia zen orobat euskalzalea eta iraultzazalea. Arazoa ez zuen sakondu.

Hemen ere, XX. mendeko laborantza munduaren gainbehera eta honek eragin zuen exodoa herriarentzat biziki gogorra izan zen. Herritarrentzat, batez ere frantses erakaskuntza publiko orokorrari esker eskolatuak eta piskat diplomatuak izan zirenentzat, zaila eta guti erakargarria zen egiazko hiririk gabeko euskal herrian bizimodua egitea. Kooperatibek eskaintzen zuten ereduak, Mondragonek inspiratuak, ezinbesteko “kapitala-metatze primitiboa” egin beharragatik, esfortzu gehiegi eskatzen zuen Baiona eta BABko eskualdeek eskaintzen zituzten lanpostuen erakartasunarekin alderatuta: izan aeronautikako enpresa handietan, izan funtzio publikoan, izan hirugarren arloko zerbitzu ugarietan aukerak handiak ziren. Horrek euskaldunen emigrazio uholde handia eragin zuen herritik Baiona eta BABko aldera, abertzaleak buru.

Emigrazio masibo horrek sendotu zuen egiazko euskal diaspora bat. Hau naturalki eta beharrez etxekotu da BAB orobat frantses eta hurbil horretan, hari juntatzen zela hegoaldeko errefugiatu politiko[5] hiritar eta hirizale kopuru dexente bat. Horrela osatu dira bertan, historian lehenaldikotz, euskal komunitate batzu nahikoa sendoak eta dinamikoak euren politikari eta intelektual abertzaleekin gai zirenak eragin jakin bat izaiteko bertako bizitza politikoan [6].

Politikari abertzaleek, euren egoera eta inportantzia justifikatu beharrez, pusako ederra eman diote “Baiona kapitala” kontzepzio unionista horri euskal departamenduaren errebeindikazioarekin batera. Duela guti arte, ahopeka sinestarazten zuten egunen batean euskaldunek Baiona konkistatuko zutela eta hori zela borroka nausia zeinean Euskal herri guziko abertzaleek parte hartu behar baitzuten. Ordutik, BABko abertzaleek dute handik tonua emaiten euskal politika guziari.

 Frantses botere publikoaren urratsak

ETA eta batez ere Ikren esperientziek alarmatuta, botere publikoak ongi konprenitu zuen erreforma administratibo eta kultural zenbait onartu eta finantziatu  beharko zituztela euskal belaunaldi gazte bihurria ekonomikoki eta politikoki asetzeko.

Nahi ez zuten euskal departamenduaren erreforma “administratiboa” biziki abilki desbideratuz, eta horren kontra egiteko, botere publikoak, prefetaren bitartez, Baionan zentratuko ACPB (elkargo) “hautetsien estruktura” eraikitzea proposatu zuten datxikizkion abantail berri material, kultural eta honorifiko batzuekin.

Adibidez, hautemangarria da nola, azen ontzeko, Baiona utzi zuten pankarta elehirudenez estaltzen, duela guti arte gauza bera zigortua zelarik eskualde euskaldunetan.

ACPBaren eta hari datxikon Baionaren estatusaren onarpenaren ondorioa

Nahi ala ez, aitortu beharra daukagu, orai, Iparraldeko euskal populuak, bere osotasunean, “zangoekin” eta buruarekin egin duela Elkargo honen eta Baionaren nagusitasunaren hautua.

Ez da txantxetako hautua, zeren horregatik, orai, logikoki behin betikotz abandonatu egin behar du Iparralde euskaldun baten ideia oro baita Euskal Errepublika baitako parte hartzearen ideia oro ere. Izan ere, ideia horien alderako borroka ez da bateragarria ACPBaren (Elkargoaren) lurralde etniabikoarekin, bere populazioarekin, eta gainera hiri frantses baten hiriburutzarekin.

Euskal hizkuntza “normalizatzea” eta Euskal errepublika baten proiektua oso zaila badirudi ere iparraldeko gure lurralde historiko zapalduetan, behintzat zilegia da. Aldiz, Baionan eta BABan ez du zentzurik ere.

Beraz, etorkizunean, Iparraldean euskaldun eta horretarako ahal bezain libre egon nahiko luketeenentzat, zerbait gelditzekotan, geldituko da beharbada oraindik zehaztekoa den euskal komunitate edo kolektibitate mugatu baten alderako borrokaren aukera.

NOTAK

[1] 2.mundu-gerlaren ostean Euskal munduaren babesa zen laborari munduaren gainbehera eta honek eragin dituen  ondorioak, emigrazioa batez ere, dira eradalketa sozio ekonomiko  horren arrazoi nagusiena.

[2] “Gure klase” politikoa erraztasunez “abertzale” segituko dugu deitzen. nahiz, ene iduriko, hitz hori ez zaion gehiago egokitzen gaurko bere errealitate erregionalistari. 

[3] Erdi-babestuak zeren erregeak jada iraultza baino lehen hasi baitziren hasi ziren eskubide foralak edo murrizten.

[4] Lanjerra ez zen populu bearnotarra, laboraria bera ere, zeinarekin aspaldidanik harremanak normalak ziren eta muga linguistikoa nahikoa egonkorra. 

[5] Hegoaldeko jendeak Baiona aldekoak agertu dira beti. Dakidanez, hemen ibili diren intelektual edo politikari trebatuek ( Txillardegi bezalako  bat adibidez) ez dute sekula aipatu  arazoaren existentzia ezta asmatu ere. Horrek ere berez merezi luke esplikazio-bilaketa bat. Momentuz bi pista hasiera  iradokiko nituzke: bata seguraz ere ignorantzia ; bigarrena Iparraldea ikustea Hegoaldearen hainbat interes erreal ala suposaturen prismaren zehar. 

[6] Erran dezakegu Enbata haien aldizkariak bakarrik izan duela, azken urteetan, entzulego erlatiboki esanguratsu bat iparraldeko euskal mugimendu osoan. 

Lurraldearen paradigma politikoa, Iparraldean

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

8 pentsamendu “Lurraldearen paradigma politikoa, Iparraldean”-ri buruz

  • Anhitz esquer, Beñat!

  • Egun on Beñat!

    Oso interesgarria iruditu zait nola planteatu duzun artikulua eta gogoa pizturik animatzen naiz komentatzera…

    Egiten duzun analisia Iraultzatik hona biziki ona da eta laguntzen du gure puzle partikularra osatzen…

    Dena den abiapuntuan uste dut tendentzia daukagula pekatzeko ziurtasun batzuei ematen diegun garrantziagatik…

    Iraultza abiapuntua bezala ikusi ordez (hau da Parisen duten iritzia noski), ez al genuke ikusi behar orduan guk geuk garatzen genuen dinamika nazionala xume bainan tinko baten haustura kontrolatua?

    Datu batzu hori explikatzeko…

    Baiona
    Baiona da ere bai elizbarruti historiko baten hiriburua, beti hegora eta hego-ekialdera begira kokatua (mugaz gaindiko elizbarrutia teknikoki). Elizbarruti erabat euskalduna oinarrian eta izatez.
    Baionako pertsonai publiko garrantzitsuena (esku luzea zuena) apezpikua zen eta bera eta bere hirikideak zalantzarik gabe jabetzen ziren elizbarrutiaren erabateko euskalduntasunaz. Ez bakarrik euskalduntasunaz, baizik eta oraindik prestigio politiko gehiago ematen zuen nafartasunaz.
    Ohiko aspektu politiko-administratiboetaz gain ez genituzke datu hauek alboratu edo gutxietsi behar…
    Horretaz ongi jabeturik, deskristanizazio epea ondoren (1790-1801), Frantziak esleitu zitzaion Baionako elizbarrutiari Biarno osoa, Landa osoak eta Bigorra osoa (1801-1822), ziurtatzeko euskal ezaugarria benetan gutxiengoan egongo zela eta Baionatik kanpo. Eta 1822an gaurko elizbarrutia ezartzen delarik, jarraituko duen sarraski linguistikoa oso aurreratua zegoen…

    Beraz, Iraultza aurretik, Baiona zen ere bai euskal hiriburu legitimo bat, zentzu guztietan, organikoki. Eta Katedralaren inguruan bederen euskara ez zen hizkuntz arotza izan behar…

    Beste ohar batzu Baionari buruz. 1604ko liburu batean (“Description contenant toutes les singularités… des villes… du Royaume de France”) Baiona horrela definitzen da:
    “Elle est capitale des Biscaiens et Cantabres subiects au Roy [Henri de France et de Navarre] jusqu’au fleuve d’Iron, séparant la France d’avec l’Espagne.”
    Eta geroxeago, 1880an, Dazkonagerrek (Baionan jaio, aita eta aitona baionarrak zituena) idazten du:
    “Notre ville de Bayonne, capitale du pays Basque…” (“Golfe de Gascogne et Pays Basque” liburua).

    Baionari buruz eztabaidatzerakoan uste dut datu hauek kontsiderazioan hartu behar genituzkela. Bainan egia da ez direla agian oso ezagunak…

    Lurraldetasuna
    Lurraldetasunaren aldetik, Nafarrek, beste batzuen artean bi aldarrikapen osagarriak etengabe aurpegiratu diote Parisen zegoen erregeari:
    1) Ez dute onartzen 1620/1625tik inposatutako Biarnorekiko batasun parlamentarioa:
    “Depuis 1625 jusqu’à présent [=1789], les États ont constamment réclamé tous les ans le rétablissement de leur Chancellerie.”
    Kasik 170 urte jarraian… Hori idatziz aurpegiratzen diote  erregeari (Polverel, “Tableau…”)

    2) Kantzileria propioa berreskuratzeaz gain, eskatzen dute honen juridikzioa zabaltzea jatorri nafarra duten Zuberoan eta Lapurdin:
    “Comprendre ces deux pays [Labourd et Soule] dans l’arrondissement de la Cour souveraine qui sera rétablie dans la Navarre, ce serait donc leur procurer [des] avantages qu’ils ne peuvent trouver nulle autre part…” eta
    “[ces deux pays] ne feront que rentrer dans leur état naturel et primitif.” (Polverel, “Tableau…”)

    Hau da naturalki “nafarra” izan behar zuen lurraldetasun bat, Pariseko eraginaz eta bertakoen utzikeriaz egun ezagutzen dugun “euskal” lurraldetasuna bihurtu dena, politikoki zikiratua…

    Iraultzak sortutako hausturen ondoren, bagenuen hautua aukera hauen artean:
    1) “Nafarroako aukera” mantendu eta sakondu (erresuma kategoria, lurraldetasun nafarra, Baiona hiri nafarra, euskara hizkuntza zentrala, 170 urteko aldarrikapen experientzia,  “berrezartze” kontzeptua…)
    2) Orduko prefetak  zeharka eskaintzen zuen  “Euskal aukera”  (subprefektura kategoria, lurraldetasun bietnikoa, Baiona hiriburu erdalduna, euskara hizkuntz periferikoa, instituzionalki zerotik abiatzea, argi ez izatea zer eskatu…)

    Hautatu dugu (edo, hobeto esanda, eraman gaituzte hautatzera) bigarrena…
    Eta agian Frantziako benetako obsesioa izan da inoiz ez gertatzea gure aldetik lehen aukera aktibatzea…

    “Baiona vs Euskalduntasun etnikoa” Parisetik inposatzen zaigun dilema eta zoritxarrez adoptatu duguna ez al genuke “irauli” behar haustura aurretik mantentzen genuen errebindikazio maila oso txukuna (“Nafarroako aukera”) berreskuratzeko?

    Baliagarria izango zaizulakoan…

  • Benat Castorene 2022-12-16 22:03

    Oliber, lehenik eta behin milesker artikuluari arreta emanik.
    Biziki instituziozale eta instituzionalista zara euskaldun asko antzera, eta instituzio kontuetan ni baino adituagoa. Ni entseiatzen naiz gehiago arrazoitzen gure populuaren sentimentu eta kontzientzia mailan.
    Eta, erregimen zaharrean, pentsatzen dut Baionako instituzioak edo bertan kokatuak zirenak ez direla sekula gureak izan, inposatuak baizik, izan errege arrotzenak, izan elizarenak. Bestela egin ezinean, euskaldunek suportatu dituzte eta haien bizimodu sinple eta autonomo ikusita pentsa daiteke instituzio arrotz horiek gabe ere gure arbasoak hobeto bizi zitezketeela. Erregerik gabe Lapurdiko foruek hobeki funtzionatuko zuten.
    Baina eleketa hau orai alferrikakoa da. Gure iparraldeko populuak bere osotasunean Baiona hautatu du hiriburutzat, ez demendren ideiarik ere ez zuen legetimitate historiko politiko kontuagatik, baizik eta partez indarrak behartua eta partez flotagailu ekonomiko baten beharragatik.
    Iparraldeko lurraldearen ikusmolde tradizionala abandonatu eta trukatu du Frantziaren subdibisio administratibo batekin.
    Hautu horrekin abandonatzen du burujabetza ideia oro, baita balizko errepublika pan-euskaldun batean parte hartze oro ere.
    Euskalseme egon nahiko dutenek, asmatu eta gauzatu beharko dute biziraupen soluzio moderno eta justu bat, inposatua izanen zaien aurkako testuinguru.
    Adeitasunez.

  • Baionak bere euskal erreferentzia galduta, iparraldean zer gelditzen zaigu ??? Garai bateko aurreritziak albo batera utzi ditzagun, eta Euskal Herri berria eraiki, harrotasun eta duintasunez.

  • Benat Castorene 2022-12-17 09:24

    Egia erran, Baiona ez zen sekula euskal ereferentzia izan behar, euskal populua irmo eta zorrotz egon balitz euskaltasunean eta herriaren defentsan, baizik eta administrazione eta botere frantsesaren egoitza. Baina herri biziki tipi eta ahul gara, ez du sekula eduki bere baitan aski sinesten zuen elitarik eta horregatik oraiko egoerara iritzi gara.
    Zer gelditzen zaigu?
    Iraganaren eta esperientzia latzaren oroitzapen biziarekin batera, euskal kolektibitate moderno bat mantendu eta garatzeko eginbidea iparralde inbadiatu eta asimilatu batean..

  • Benat Castorene 2022-12-17 10:04

    Oliber, ahantzi nuen zuri erraitea aurkituko ditutzula bidaiari lekukotasun historiko asko geiago Baiona hegoalderantzko bidean deskribatzen dutenak azken hiri frantziarra gisan eta erraiten zutenak herri erabat desberdin bat hasten zela Baionaren erteeratik zenbait lekotara.
    Adeitasunez

  • Egun on Beñat!

    Bai arrazoina duzu, eta justoki hauek ez ditugu ikusi behar modu objetiboan.
    Frantziako ideiaren agenteak dira berez eta enfoke zatikatzailea erabiltzen dute “tokiko kulturak” hirietatik kanpo uzteko eta baserri munduan zokoratzeko…
    Hemen, Bretainian edo Alsazian erreproduzitu da Parisi interesatzen zitzaion dinamika hura… Nazio politiko historikoak folklorizatu… Eta gero gu folkloreak inposatutako markoan mugitu…
    Aurrekoan aipatu nituen adibideak ez dira hortan sartzen nere ustez eta fidagarriagoak edo gure aldekoak dira nunbait…
    1604an, deskribatzen delarik Baiona ipar Bidasoako “bizkaitarren eta kantabriarren hiriburua” bezala benetako errealitatea deskribatzen zen. Eta garai hartan erregea nafarra zen (ez zen Frantziako “sistemaren” gustukoa eta akatuko zuten 1610an).

    Geroxeago, 1880an, Dazkonagerrek esaten duelarik “Baiona Euskal Herriko hiriburua” dela zergatik ez dugu sinetsiko. “Prébendés” karrikan jaio eta hezia izan zen familia baionar batean eta politikoki ez zen “sistemaren” gustukoa (sistemaren diabolizatutako biktima izan zen berez).
    Bera izan zen EHko lehena euskal eleberri bat argitarazten Baionan bertan (Athekagaitzeko oihartzunak, 1870).
    Xaho izan bazen “Zuberotar bat Baionan”, Dazkonagerre zen “Baionarra eta euskalduna”…
    “Kasualitatez”, bakarrik bietako batek dauka kale bat bere izenean Baionan… Jakingo duzu zein den…

    Eta bukatzeko, azken hauteskunde munizipaletan uste dut hautetsi abertzaleak lortu behar zirela, abertzaleak bigarren bueltan mantendu baziren… Zorigaitzezko hautuek ahots propiorik gabe utzi gaituzte “hiriburuan”…

    Gero instituziozaletasunari buruz… Ez dakit. Bakarrik saiatzen dut begiratzen gogoz kontra kendu diguten burujabetasuna zertan zetzan…

    Hauexek gogoeta batzu ongi deskribatu duzun gaurko errealitate gordin batendako…

    Ongi izan!

  • Oso interesgarria, Beñat. Eskerrik asko.