Lurraldearen aniztasuna kolokan
Lurraldearen aniztasuna kolokan –
Egun hainbeste arduratzen gaituen aldaketa klimatikoaren afera 2009an Johan Rockström zientzialariak eta bere ikerketa taldeak mundua orekan mantendu ahal izateko zehaztu zituzten 9 mugetako bat besterik ez da, eta gainera, ez da okerren dagoena, nahiz eta, bakarrik muga hori gainditzearekin jada Lurreko bizitza gaur ezagutzen dugun moduan jada arriskuan legokeelarik. Gainezka egitetik gertuen dauden beste bi mugak fosforo eta nitrogeno bidezko kutsadurarena eta, azkenik, biodibertsitatearena dira. Komunitate zientifikoak dio azken hau dela okerren dagoena, izan ere, azken mundu-muga hau jada arrisku handiaren eremuan dago. Arazo hau aditzera emateko eta gure gertutasunean ardazteko, Sustrai Erakuntzatik Biodibertsitatea Nafarroan, agortzen ari den baliabidea txostena argitaratu dugu.
Ikuspuntu pragmatiko huts batetik gizakiok ezinbestean kontserbatu behar dugu biodibertsitatea, gure espezieak biziraungo badu. Biodibertsitatea elikagaien, ur edangarriaren, materialen zein erregaien horniduraren bermea da, baita airearen, uraren edota lurrazalaren erregulazioarena ere, honek dakarren izurrite, gaixotasun edota desastre naturalen kontrolarekin ere. Bestetik, biodibertsitatea elikagaien zikloaren, landareen mantenuaren, animalien eta aniztasun genetikoaren zaindaria ere bada. Horrez gain, biodibertsitateak aldaketa klimatikoaren arintzean ere laguntzen digu, ekosistema naturalek CO2 isuriak finkatzen laguntzen baitute, honela, uholdeak leuntzen eta desertifikazioa gelditzen lagunduz. Biodibertsitatea, beraz, giza bizitzaren ongizatearen eta garapenaren oinarria da.
Natur-aniztasunaren kontserbazioaz ari gara biodibertsitateaz dihardugunean. Eta Nafarroa oso anitza da ekosistemei dagokionez: irmotasun berdinez defendatu behar ditugu mendialdeko pagadiak, zein erdialdeko sastrakadiak edota hegoaldeko estepak, ekosistema anitzen kontserbazioan baitago gakoa. Beraz, habitat mota guztiak mantentzea garrantzitsua da, sekarral bezala mesprezatzen ditugun horiek ere bai. Aniztasun honek balio handia ematen dio lurraldeari, baina bestetik haren zaurgarritasuna ere uzten du agerian: aniztasunak dakar berarekin muga ekosistemikoen afera. Mugan bizi diren espezieak zaurgarriagoak dira, ez baitaude haien distribuzio area zabal batean. Honengatik guztiagatik aintzat hartu beharko genuke gure lurraldearen aniztasuna eta hauskortasuna.
Nekazaritza eta abeltzantza intentsiboak, Erdizeko eta Zangotzako Muga meategiak edota Abiadura Handiko Trena bezalako makroproiektuek biodibertsitatearengan duten eragina ezaguna da. Hala ere, energia berriztagarrien makroprodukzioak ere inpaktu latza duela ez da hain ideia zabala. 2020an Nature aldizkari zientifikoan argitaratu zen artikulu baten arabera, aldaketa klimatikoari aurre egiteko energia berriztagarriak ezartzeko dauden plan guztiak martxan jarriko balira, hauexek biodibertsitatearengan izanen luketen inpaktua aldaketa klimatikoarena baino larriagoa izanen litzateke. Eta azken hilabeteetan maila guztietako administrazioak plan hauek bete daitezen jo ta su lanean ikusi ditugu, esaterako, Europako parlamentuak adostu berri dituen energia berriztagarrien azelerazio zonaldeak, zeinetan onarpen prozesuen luzera erdira murriztuko baiten.
Azken urteetan energia berriztagarrien kolonizazioa eman da Nafarroan, batez ere Erreniega Zerratik behera hegoalderaino doan lurraldea estaliz, eta gainera, iparraldera zabaltzeko mehatxupean gaude. Askotan, poligonoak Kontserbazio Bereziko Eremuen (KBE) ondoan geratzen dira. Tamalez, masifikazio honek KBEak biodibertsitatearen irla bihurtzea eragin lezake, edota, kasurik latzenetan, zonalde hauen balio naturala galtzera eraman lezake.
Haize-errota eta goi-tentsioko linea proiektu handien ezarpenek habitataren galera, zatiketa eta zuzeneko hilkortasuna eragiten dute. Nafarroan haize-errotak instalatzen hasi zirenetik 2021eko irailera arte 8961 hegaztien gorpuak aurkitu ziren, haize errotekin talka eginagatik, eta ordutik zifra hori hazten joan da (gainera, aurkitu dituzten gorpuak besterik ez dira kontutan hartzen). Horrez gain, harraparien kasuan, jakina da hauek korronte atmosferikoak zein mendi-hegalen korronteak erabiltzen dituztela haien hegaldietarako. Beraz, gailurretan jartzen diren poligonoek heriotza asko eragiten dituzte. Hala ere, arazoa ez da bakarrik harrapari handiena, baizik eta baita hegazti txikiagoena ere, hala nola, estimatzen da xaguxar asko hiltzen direla erroten kontra talka eginez zein barotrauma edo haizearen presioaren eraginez. Tamalez, erroten kontra talka egiten duten hegaztiek ezin dute haien akatsetatik ikasi eta haien jokabidea aldatu, ordurako jada hilik baitaude.
Eguzki-plaka poligonoek biodibertsitatean duten eragina ere ez oso kezkagarria da. Orain dela egun batuz jakin genuen Serena Solar 1 eta 3 eta Amaya Solar 4 eguzki-poligonoek ingurumen inpaktu positiboa jaso dutela. Hasierako proiektuak 348 hektarea okupatzen zituen – 487 futbol zelai konparaziora – Adios eta Muruzabal herrietan dauden nekazal lurzoru zein muinoetan (orain ematen du gutxiago direla). Geroz eta ebidentzia gehiago dago esan ahal izateko honelako proiektuek badutela inpakturik elektrokuzio bidezko heriotzaz haraindi, batez ere, aipatutako kasuan bezalaxe, instalazioek laborantza edota landaredi naturala zegoen lurzoruetan espazio izugarriak okupatzen dituztenean. Izan ere, biek ala biek espezie askoren habitata dira, hala nola, basoilo edota mirotz urdinarena. Gainera, noizbait ere neurri konpentsatzaile gisa ezarri izan diren habia-kutxek ez dute basoilo txikia, ganga, mirotz urdinen kasuan balio, haiek zoruan jartzen baitituzte haien habiak. Baina arazoa ez da bakarrik lurzoruan haien habiak jartzen dituzten txorientzako. Intsektuz edota karraskari txikiz elikatzen diren hegaztientzat eguzki-plakak oztopo handia dira. Hazkuntza eta elikadura eremuen murrizketek inpaktu larria dute espezien biziraupenean.
Kontua da: noiz arte presiona ditzakegu espezieak? Noraino jarrai dezakegu hazkunde dinamika honekin bizitokia partekatzen dugun espeziearen bideragarritasunean eraginik izan gabe? Izan ere, biodibertsitatea kontserbatzeko lehen pausua berau ez deuseztatzea baita, eta honek erlazio zuzena du Administrazioak duen paperarekin naturaren kontra doazen proiektu eta aktibitate ekonomiko jakin batzuk ahalbidetzeko orduan. Ekosistema guztien elkarrekintza hain da estua eta konplexua, ezein beharrezkoa baitzaigu berau zaintzea. Gizakiok biodibertsitate horren parte garen heinean, honen oreka mantentzeko benetako ahaleginak egin behar ditugu eta, ustez arrazoidun animaliak garen heinean, akatsetatik ikasi behar dugu, bestela, haize-erroten kontra talka egiten duten hegaztien moduan, lezioa ikasita dugunerako jada berandu izanen da.