Lurra maite dugulako AHT eta azpiegitura handiak gelditu!
Iparraldeko eta Hegoaldeko hainbat lagun eta talde elkartu gara lurra maite dugula lau haizeetara aldarrikatzeko. Egunerokoan lurraren aldeko mugimendu anitzak egiten ditugu guztiok eta mendi ibilaldi honetan oinez eta elkarrekin emango ditugu urratsak lurrarekin bat eginez. Urruñatik Hernanira joango gara uztailaren 27tik – 29ra.
Kartela – Egitaraua – Deialdi testua – Busa
Baserritar, abeltzain eta landa eremuko ekoizle txikiak, elikadura osasuntsu eta ekologikoaren bermatzaile zaretenok; artisau txikiak; haziak elkartrukatzen dituzuenok; herri eta hirietan hutsik dauden etxeak erabiltzearen alde zaudetenok ; zuen herri urrunetatik honera etortzera behartuak izan zaretenok; arbasoen jakinduria berreskuratzen ahalegintzen zaretenok; herri eta hirietan gaztetxe, jai eta kultur ekimen herrikoien bitartez sormenari espazioak irekitzen dizkiezuenok; artea libre sortzen duzuenok; euskaraz amestu, abestu, hezi, irakurri, sortu eta hitz egiten duzuenok; baita euskararen alde ikasi, irakatsi, eta lan egiten duzuenok ere ; baratzak herri eta hirietan lantzen dituzuenok; uhin libreak hedatzen dituzuenok; gure herriaren aintzineko usadioekin bat eginez auzolanaren lagunak zaretenok; emakumeen ahotsekin, begiradekin eta sentikortasunarekin bat egiten duzuenok; arrantza orekatuaren aldeko arrantzaleok; zeuen etxeak defendatzen dituzuenok; pertsonen neurriko hirien alde lan egiten duzuenok; animalien eskubideen alde zaudetenok; basoak, errekak, padurak, itxasoa, lurra, landareak, akuiferoak, kobazuloak eta animaliak defenditzen dituzuenok; langabezian eta prekarietatean murgilduta zaudetenok; jantoki herrikoietan jan eta lan egiten duzuenok; gure arbasoengandik lurra jaso genuen bezala, utzi behar diegula oinordekoei eta beste gizarte eredu bat beharrezkoa dugula sinesten dugun guztiok gaude gonbidatuta.