Lucia Lakarra: “Gure mundua gelditu egin da”
Lucia Lakarra –
Dantzarena da Antzokien itxialdiarekin gehien sufrituko duen diziplina. Eta gobernuak irekierarako jarri dituen baldintzekin ia ezinezkoa izango da dantza ekoizpenak ordaintzea. Aste honetan izan da Dantzaren Nazioarteko Eguna, eta hori aitzakia bezala hartuta Lucia Lakarra dantzari zumaiarra elkarrizketatu dugu Ispilu Beltza, Donostia Kultura Irratiko saiorako. Lakarrak inoizko egonaldi luzeena egin du bere etxean, lanik gabe, eta etorkizunarekin oso kezkatuta dago. Hemen duzu elkarrizketa audioan eta idatziz.
Ez dakit non harrapatzen zaitugun.
Zumaian, nire etxean.
Non harrapatu zintuen konfinamenduak?
Ba Alemanian nengoen, Dortmunden. Bertara hilabetero joaten naiz eta martxoaren 11an joan nintzen, emanaldi batzuk genituelako, baina bertan behera geratu ziren guztiak. Martxoaren 13an itzuli nintzen Zumaiara eta 14tik aurrera etxean geratu ginen.
Egonaldi luzea egin duzu Zumaian beraz…
Bai. Zazpi aste. Pentsatzen dut inoiz ez naizela horrenbeste denbora izan.
Nola daramazu etxean sartuta egotearena?
Etxean sartuta egotearena ez zait horren zaila iruditzen. Ez daukat arazorik etxean egoteko. Baina egoera honetan zailena da ez jakitea nola joango den, batez ere gure lanean pentsatzen. Jende asko dago kalera irtetzeko irrikarekin, baina ni kezkatzen nauena da ea zenbat denbora igaro beharko den nire lana egin ahal izateko. Antzokiak irekitzeko oraindik denbora asko falta da.
Dantza eta antzerkiak antzokia beharrezkoa dute. Musika entzun daiteke, edo publikatu daiteke disko bat, baina dantzaren kasuan beharrezkoa da leku fisikoa eta jendea aurrez aurre izate hori.
Dantza bizirik izan behar da, oholtzan egon behar zara jendearen aurrean. Eta hori zailena izango da. Batez ere, mila pertsona batu behar dituzunean antzokian. Hori ez dakit noiz egin ahal izango den. Lehengoan esan zuten urtearen amaieran hasiko zirela, agian bi eserleku hutsik utzita jendearen artean. Zaila izango da. Baldintza horietan ekoizpenak eta ordaintzeko ez da erraza izango. Hala ere, estudio batean sartzeko modua izatea eta entsegatzea lortuko banu ere poztuko nintzateke. Jakin nahiko nuke noiz izango den hori posible. Konfinamenduaren bezperetan proiektu berri bat sortzen ari ginen nire dantzako bikotea eta biok eta erdizka geratu ginen, amaitu gabe. Ezin dugu estudiora sartu, ni Zumaian nago eta bera Amsterdamen, telefonoz eta emailez jarduten dugu eta koreografoarekin konferentzia bidez ere bai, baina zaila da. Gure mundua gelditu egin da. Zaila izango da dena berriz ere martxan jartzea. Tira, saiatuko gara ahal bezain ondo egiten eta nik zortea daukat Alemanian egiten baitut lana, eta hemen baino hobeto dago dena. Irailean dantza egiten hasteko esperantza dut.
“Esaten duzu, zertarako?
Hurrengo hilabetean seguraski ez da lanik egongo,
udaran ezta ere… motibazioa da zailena”
Ekonomikoki zaplastekoa izan da alor guztietan, eta kulturgintzan ere bai. Sortzaileei bereziki eragin die. Dantzari profesional batek zenbat denbora iraun lezake horrela?
Zaila da. Tira, pentsatu Alemanian antzokiek beren dantzariak dauzkatela, konpainiak. Baina espainiar estatuan freelance moduan egiten dugu lan, eta ez baldin badituzu emanaldiak ez duzu dirurik. Zenbat iraun dezakezun horrela? Oso zaila da. Ez da ez daukazula lana ez dizutelako kontratu bat egiten, kontua da ez dagoela lanik. Konpainia txikiek irauteko oso zaila izango da. Berez zaila bada egoera normalean, horrelako krisi batekin, ba ez da posible. Hau gure munduarentzako oso gogorra izango da. Honi buelta ematea eta lana egitea posible bada ere, ekonomikoki zer baldintzatan… dantzaren munduarentzako oso gogorra izango da.
Diziplina eta entrenamendu ugari eskatzen duen ofizioa da dantzariarena. Nola uztartzen da hori konfinamenduarekin?
Ba oso zaila da, batez ere, etxean bakarrik zaudenean 5 urteko haur batekin. Uzten dizuna baino ez duzu egiten. Baina errutina bat izan behar duzu. Nik barra bat erosi nuen, etxean izateko eta nire ariketak egin ahal izateko, baina ez daukazu leku asko. Hori da, batez ere, gorputzak ez dezan ahaztu mugimendua eta forma pixka bat mantentzeko. Nik ez dut inoiz motibazio arazorik izan. Askotan etorri izan naiz Zumaiara emanaldien artean umeekin egoteko, eta nire ariketak egiten ditut egunero. Baina une honetan ez dakit noiz joango naizen lana egitera berriz eta hori da zailena. Esaten duzu, zertarako? Hurrengo hilabetean seguraski ez da lanik egongo, udaran ezta ere… motibazioa mantentzea da zailena.
“Beste leku batzuetan
askoz errespetu gehiago dago
dantzaren munduarekiko”
Kulturgintzan eztabaida sortu da krisi honen harira. Eta zalantzan jarri da lehen geneukan egoera bera ere: artistena eta sortzaileena. Esaten da saiatu behar garela egoera berria lehengoa baino hobea izan dadin.
Horixe da arazoa, jada egoera txarrean harrapatu zigula honek. Ez da beste leku batzuetan bezala, egoera ona dela. Beste leku batzuetan errespetua dute dantzarekiko. Hemen egoera oso txarra zen, laguntzarik ez zegoen eta ezta mentalitaterik ere. Ikusi genuen nola esan zuen Espainiako kultura ministroak, ez zegoela arrazoirik kulturarentzako laguntza berezirik emateko. Beste lekuetan egin denean. Alemanian Angela Merkelek esan zuen kultura edo artea ez dela luxu bat, behar bat baino. Beharrezkoa da jendearentzako eta denontzako. Hemen ez dugu horrela ikusten, eta hori arazo bat da. Lehendik jada ahul baginen, ba orain arrazoia badago laguntzeko, baina ez dago laguntzarik.
Dantzaren eguna izan da aste honetan, baina zuretzako denak dira dantzaren eguna. Horrela izaten jarraituko du?
Bai. Momentuz nik dantza egiteko gogoa daukat. Gustatzen zaidana izan da beti, nire bizitza da. Nire gustura egin ahal dudan bitartean, halaxe jarraituko dut. Nire mundua da, bai.
Espero dugu laster antzoki bete batean dantzan ikustea.
Horixe da gure ametsa dantzaren egunean. Hori eskatzen dugu, besterik ez.