Loiolako itzal luzea (eta II)
Loiolako itzal luzea (eta II) –
Aurreko artikuluan nioen moduan, Loiolako elkarrizketei heldu aurretik Ezker Abertzalearen enbor nagusiak paradigma aldaketa egin zuen. Soberanisten arteko akordio batetik arerio politikoekiko akordio batera pasa zuen. Antzeko irtenbidea zen Irlandarako nazioarteko tartekariek proposatu eta burutu zutena. Euskal Herrian horrelako ituna irudikatu zuten. Hemen, aldiz, ez zen bideragarria izan.
Egoera konponezina denean sarritan irtenbiderik ez duten saiakerak ere egin behar izaten dira. Loiolakoa, irtenbiderik gabeko saiakera horietakoa zen. Ziuraski Lizarra-Garazi ere, eta zalantzarik gabe Ibarretxe-planak ere bideraezinak ziren. Horrelako kasuetan hiru aukera izaten dira: alboratzea eta ez oztopatzea; bide alternatibo batera hastapeneko urratsak prestatzea edo irtenbiderik gabeko bideri ekin, ahalik eta zintzoen, bide horrek etorkizunean beste ate bat zabal lezakeelakoan.
Hori guztiak gertatu zen aipatutako hiru prozesuetan, eta esandako hiru moteetako jokabideak ere egin ziren. Batzuek hiru jokaerak batera hartu zituzten, garai hartako panorama politikoen konplexutasunean nekez asmatu baitzitekeen norabide zuzena.
Saiakera horietan aritu diren gehienen asmoa zintzoa zen, ez dut zalantzan jartzen. ETAren bilakaera arazo larria zen eragile politiko gehienentzat. Nola edo hala, etapa historiko hori gainditu behar zen, eta eragile bakoitza saiatu zen, euren ikuspuntutik, “duina” izan zitekeen konponbide batera iristen.
Gauzak horrela, agian ezustean, une jakin batean, PSOE ohartu zen ETAk ezin ziola “prezioa” jarri bere bukaerari. Atea itxi zen.
.
Auto zaharra
Irlandan metafora bat erabili zuten IRArekin. IRA auto zaharra zen eta “desguazera”(txatarrategia) eraman nahi zuten. Txatarrategiara eramandakoan IRAk “diru” kopuru jakin bat kobratu nahi zuen (eduki politikoa). IRAk uste zuen prezio onean lortuko zuela, baina nazioarteko tartekariek jakinarazi zioten dezente apalagoa izan beharko zuela. Akordioa iritsi zen.
Gurean ere, Loiolako elkarrizketen hasieran, txatarrategikoek zerbait ordain zezaketela pentsatu zuten parte hartzen zuten hiru eragileek. Baina une batean PSOE konturatu zen desguazekoak ordaindu beharrean, kobratzeko moduan egon zitezkeela, indar-korrelazioa ustez baino askoz hobea baitzen espainiar Estatuarentzat.
Tentaldi handiegia izan zen PSOErentzat eta heldu zion. Estatuaren mekanismo guztiak prestatu, eta egurra!. Helmuga: ETAren bukaera inolako kontraeskaerarik gabe, baldintzarik gabeko behin betiko deuseztatzea, bukaera horrek guztientzako sufrimendua luzatuko zuela jakinda ere.
Egiari zor, ordurako hori zen aukera bakarra. Estatu espainiarrak ez zuen besterik onartuko eta ezker independentistaren eragile zibilek zein beste eragile soberanistek ezin zuten onartu talde armatu bat izatea euskal jendartearen ordezkaritza eduki politikoak eduki behar zituen balizko negoziazio batean. Ez mahaikide gisa ezta “bermatzaile” gisa.
Gure historiaren orrialde latz hura pasa zen, zenbait eragilek, eta Estatuak batik bat, Loiolako itzal horrek hedatu zuen ilunpe horietan galdurik jarrai dezagun nahi arren.
.
Etorkizun posibleak
Garai horietan bezala, orain ere, ez dago garbi zer egin daitekeen. Iragan hartan bezala indar-korrelazioa ez dugu alde independentistok eta horretaz gain, gure herria eta nazioarteko testu-ingurua errotik aldatu dira. Inork ez du Harry Poterren makilatxo magikoa eskura. Hori dela eta, akats konponezina litzateke norabide bakarreko estrategia bakar bati soilik heltzea.
Harry Poterrek ilusioa ilusionismoarekin nahas dezake. Oinarri sendo, egitura trinko, iraunkorra eta programa gauzagarririk gabe platonismoan gal gaitezke eta. Erabat platonikoa da ere, PSE-PSN ezkertiar euskaltzale irudikatzea; Ortuzar independentista, UPN nafar-soberanista ala Macron bakezalea.
Modu berean makilatxo magikoa zuzendari zorrotz baten batuta bilaka daitekeela uste dutenak ere oker dabiltza. Euskal orkestra zabal eta anitzari bere gaitasun sortzailea murrizten baitio batuta bakarra egon behar duela pentsatzen duen orok.
Akatsa da ere bilakaera historikoa lerro zuzeneko gertaeren bitartez suertatuko direla pentsatzea, gailurra bera ere higitzen da eta. Haatik, horrek ez du esan nahi ibilbide zehatzak jorratu ezin direnik, ibilbide horiek gabe ez dagoelako mugimendurik.
Bestalde, ibilbideari ekin behar dioten lagunei euren bizitza osoan ezagutuko duten bakarra “kanpobasea” baino ez dela izango esaten badiegu, ez dira mugituko. Hori ere bueltarik gabeko hanka-sartzea litzateke. Hori da-eta, hain zuzen ere, Loiolako kupularen babespean xuxurlatu ziren zenbait aholkuren xedea.
.
Bidaideak
Kazetari ezagun batek zera idatzi zuen 2020ean: ”ETA ekuaziotik irten da”. Zorionez ekuazio, logaritmo eta trigonometria berriak egiteko tenorean gaude, baina jakin behar da ere kalkulu guztien emaitza inkognita izango dela. Badakigu, berriz, nor ibiliko den arbeleko kalkulu guztiak ezabatu nahian eta nor ezin da izan bidelaguna.
Hego Euskal Herriko politikan eragile kamaleoniko , ziniko eta gupidarik gabekoren bat baldin badago, eragile hori PSOE da. NATOn sartu gintuena, Estatuaren biolentzia onartzen duena, monarkia babestu duena, kapitalismo transnazionalaren aginduak zintzoki betetzen dituena, justizia soziala diru-laguntzen tonbola batez ordezkatzen duena, lagunkeria normalizatu duena, Ukrainiako gerran Borrellen ahotik jarrera bortitzena hartu duena… PSOE ezin da izan bidaide.
Bestetik, PSOEren aliatu estrategikoa den alderdia, PNV, antzeko jokabidea bereganatu zuen aspaldian. Ibarretxek proposatu zuen bidea zapuztu zutenak dira egungo Sabin Etxeko jabe bakarrak. PNV ezin da bidaide izan.
Bi eragile horiek proposa dezaketena, itun sistemikoa da, bi eragile horien jardunaren ardatza hori baita, abertzaletasunak ala ezkertiartasunak sor ditzakeen eraldaketa guztiak ukuiluan baretzea, sinfonia marru bilakatuz.
XX. mendeko hiztegiek, formulek eta partiturek ez dute balio. Nolabait esateko, militantzia “kuantikoa” behar da, une berean eremu ezberdinetan, balizko etorkizun posible batzuk egituratzeko gaitasuna duena, eta etorkizuna oraina bihurtzeko ahalmena duena.
Euskal “demos” gorpuztu behar da, euskal “ethos” berdefinitu behar da. Euskal demos horren jarduera etikoak (justizia sozial, kultural, ekonomiko lingustiko eta ekologikoa oinarritua) lanabesak ematen dizkigu Euskal Errepublikaren orubean eraikuntza lanari ekiteko, etorkizuna eta oraina batu ditzakegulako.
…
Loiolako itzal luzea