LGBTIfobiaren aurkako eguna 2023
LGBTIfobiaren aurkako eguna 2023 –
Maiatzaren 17a, sexu disidenteok egutegian markatuta daukagun egun bat da. Badirudi salaketa eta borroka egun hau betidanik izan dela garrantzitsua gure mugimenduan, baina ez dira hogei urte ere pasa egun hau mobilizazio egun izatera pasa zenetik. Aurretik hamarkadak eman ditugu, sexu askapen mugimendutik, eta Ehgam-etik, gorputz, desira, identitate, harreman eta bizitza normatiboak inposatzen dizkigun jendarteak eragiten dituen indarkeriak salatu eta desagerrarazteko gure gorputzak jartzen. Hamarkadak LGBTIfobiak dituen aurpegi ezberdinak salatzen eta borrokatzen. Horregatik, gaurkoan gogoan izan nahi ditugu LGBTIfobiagatik jada gure artean ez dauden disidente sexual oro, LGBTIfobiaren ondorioz bizitzeko baldintza materialez desjabetuak (izan) garenak, sexofobia eta moral sexualaren ondorioz estigamatizatuak garenak eta baita egunerokotasunean LGBTIfobia sutilena pairatzen dugunak ere. Besarkada estuena bidali nahi diegu ere pasa den astean Villabonan homofobo kuadrilla baten aldetik erasoa pairatu zuten bikote eta honetariko baten izebari. Gaurko eguna gure gorputzetan dauzkagun orbain, zauri eta min horiek laztandu eta zaintzeko eta horien egileak direnak seinalatzeko eguna da! Aski dela esateko eguna da!
Aski da! Ez dugu nahi gure gorputzak desiragarriak diren edo ez baloratzea! Ezta gure gorputzak etiketatu, hierarkizatu eta generizatzea ere! Aski da! Ez dugu nahi gure identitatea zalantzan jartzea! Edota gure genero espresioagatik seinalatua, kritikatua, iraindua edo jipoitua izatea! Aski da! Gure desiraren orientazioa edota identitatea ez da inoren txutxumutxu edota balorazioen zio! Ezta lana edo etxebizitza ukatzeko ere.
Argi dago pairatzen ditugun erasoen atzean mentalitate eta jarrera LGBTIfoboa (baita klasista, matxista eta arrazista ere) duten pertsonak daudela eta erantzukizun zurena beraiena dela. Baina pertsona horiek, komunikabide eta instituzio ezberdinetatik entzuten dituzten gorroto diskurtsoetan justifikatzen eta indartzen dira. Publikoki diskurtso LGBTIfobo eta sexofoboak egiten dituzten politikari profesional, elizgizon, “feminista” transbaztertzaileak, telebista aurkezle eta instituzio ezberdinetako ordezkariak ere badira sortzen duten indarkeri guztiaren arduradunak.
Gorroto diskurtso eta mentalitate eta jarrera LGBTIfobo horiei aurre egin, konfrontatu, seinalatu eta baztertu behar dira. Komunikabidetako eta osasun eta hezkuntza sistema edota akademia bezalako instituzioetako arduradunak… zuena ere bada ardura!
Hauteskundetan gauden honetan, klase politikoari edota politikari profesionalei ere bidali nahi diegu mezua; izan instituzioetako ordezkari zaretenei edo horretara heltzeko helburua daukazuen alderdi politikoei: sistematikoa den LGBTIfobia (eskubide urraketa, hezkuntza sistema, burokrazia edota administrazio heterozentratua, patologizazioa…) zuen ardura ere bada eta ondorioz, hori desagerrarazteko eta eragindako mina erreparatzeko ezinbestean sexu askapen mugimendua entzun behar duzue. Ez dira
zilegi izango ortzadarraren kolorez eta “aniztasunez” margotzen dituzuen behatoki, foro, zerbitzu, plan, programa, ekimen, neurri… oro har politika, ez baduzue sexu askapen mugimendua eta mugimendu feminista entzunda eta kontsultatuta egiten.
Gainontzeko mugimendu eta kolektibo politikoei ere LGBTIfobiaren aurkako konpromiso aktiboa eta posizio “neutraletatik” aldentzea eskatzen dizuegu. Posizionamendu argi bat eskatzen dizuegu.
Sexu disidenteok argi daukagu: guk jarraituko dugu saretzen, artikulatzen, elkar-zaintzen, antolatzen… azken baten, borrokatzen. Geure bizipenek, geure praktikek, geure maitasunek eta geure identitateek lekua, tokia, espazioa izan behar dute, eta legitimoki gurea den leku toki eta espazio hori hartu egingo dugu, herriz herri eta auzoz auzo. Sexu askapena, ordea, ez da soilik guri dagokigun kontua, jendarte osoaren aldarrikapen behar du izan. Zishetero pertsonek ere isiltasuna alde batera utzi eta lubaki honen parte izan behar dute. Horretara deitzen ditugu, euren askatasunak ere badirelako kolokan daudenak. Badugu denok hitzordua, baditugu hitzorduak, herriz herri eta auzoz auzo ari dira antolatzen maiatzaren 17rako deialdiak.
Ehgam-ek deialdi horietan guztietan parte hartzera deitzen du. Askatasunez eta bizitzeko behar ditugun baldintza materialekin biziko garen etorkizuna dugu xede, eta horretarako, Euskal Herrian egunez egun sexu askapenerantz pausuak ematen jarraituko dugu.
Sexu disidente zaren hori, jendarte aske eta justu bat nahi duzun hori, maiatzaren 17an kalera!!
LGBTIfobiaren aurkako eguna 2023
Gizon-emakume homosexualen eskakizun historikoetatik harago, egungo “lgtbiq+” agenda zabor hutsa da.
“Aski da! Ez dugu nahi gure identitatea zalantzan jartzea!”. Aski da! Zergatik ez didazue esaten dudan guztiari bai-bai erantzuten? ESKE HI EZ HAIZ EMAKUMEA, ANTTON.
Orientazio sexuala ez da identitate bat. Edozein gizon emakumea izan daitekeela esatea emakumeak juridikoki eta sozialki ezabatzen ditu, ez biologikoki, emakumea beti giza espeziearen emea izango delako. Esatea norberak edozein etiketa jarri al diezaiokela bere buruari eta besteok onartu behar dugula, zentzugabeaz gain, nahiko faxista da. Edonork bere buruaz diona gezur hutsa bada, besteok ez dugu zertan bere delirioen parte izan behar. Gauza zilegiak ergelkeri misogino,azientifiko eta homofobikoekin nahasten ditu. Bai, homofobikoa da artikulua,nahiz aurkakoa defendatzen duen esaten duen.