Lerro hauek idazteko beharra

Lerro hauek idazteko beharra –

Gaizka Izagirrek Gaztezulo aldizkarian.

Aspaldi nenbilen lerro hauek idazteko gogoz, baina pentsatu nuen hobe zela barnean nuen haserrea baretzea, berotasunean idazten edota esaten diren gauzak askotan ez direlako egoerak eskatzen duen perspektibarekin egiten. Hobe zela ezer ez idaztea, agian ez zaiolako inori axola. Kasu zehatzegia zela, eta badaudela gauza garrantzitsuagoak, hau agian tontokeria zela. Hobe zela ez esatea, horrelakoak beti ezerezean geratzen direlako…

Lerro hauek idazteko beharra

Auto-ariketa hori egin nuen eta aitortu behar dizuet beroaldia apur bat hozten hasi zela, baina barnean nituen inpotentzia zantzu horiek azken asteetan berriro piztu egin dira, eta nola gainera. Banekien, nola ez, une honetan pandemiaren egoera latz hau kudeatzen ari direnaren helburu nagusia kontsumoaren gurpila ez geratzea dela, inuzentea ni, nola pentsatu kontrakoa! Baina urak gainezka egiteko falta zen tanta azken asteetako lotsagabekeria zaparrada izan da.

Udalekuak eta eguneko zentroak bi aldiz pentsatu gabe itxi egin dituzte; berriz ere haurrak zigortu, etxe askotako kontziliazioa hankaz gora jarriz eta BERRIRO ERE adineko pertsonak baztertu egin dituzte. Bizitza zor diegun eta gugatik, gure herriagatik, hainbeste borrokatu eta sufritu duten adineko pertsonekin egiten ari direna nazkagarria da. Akaso benetako gauza garrantzitsuak (lana eta kontsumitu) egin ahal izateko traba al dira beraientzat?

Bitartean, hori bai, tabernetan barra-librea, jarrai dezala kontsumoak aurrera!

Lerro hauek idazteko beharra

Tabernak etengabe aipatuko ditudala ohartuko zarete, baina ez pentsa mesedez erruaren geziak tabernariei edota bertako langileei jaurtitzeko intentzioz ari naizela, ezta gutxiago ere.  Bakoitzak beren negozio edota ogibidea ahalik eta hobekien eta era duinenean aurrera ateratzeko eskubide guztia duela uste dut.  Aipatzen ditut, adibiderik argigarriena iruditzen zaizkidalako egoera surrealista hau eragin dutenen kudeaketa negargarria estalgabetzeko. Batik bat ” Bigarren olatu epidemiko bati aurre egin behar diogu” bezalako adierazpenak irakurtzen ditudanean, ez dudalako oso ongi ulertzen zergatik ez diren benetako neurriak hartzen. Tira, zergatia jakin badakit oso nabarmena delako, baina…

Etengabeko kontraesan eta zentzugabekeria horiek nigan sortzen duten amorrua, nire egoera konkretuarekin uztartuz, azkenik bai, oso pertsonalak diren lerro hauek idaztera bultzatu naute. Nazkatuta baikaude, haserre, eta barne-korapilo hau askatzeko tresnarik egokiena iruditu zait hau. Beraz inork irakurtzen ez badu ere, ezerezean geratzen bada ere, ados ez bazaudete ere, behintzat terapia moduan baliagarria izan zait.

Lerro hauek idazteko beharra

Zoriontsu naiz, bikotea eta biok gurasoak izango garelako aste gutxi barru.  Baina kontsumoaren gurpilari etengabe erregaia ematen jarraitzearekin batera eta jarrera arduragabeengatik kasu positiboak gorantz doazen bitartean, hilabete hauetan guztietan ez didate ekografia edota kontsulta bakar batera sartzen utzi. Uste dut ulertuko duzuela, terrazak, opor-lekuak edota hondartzak jendez gainezka ikusten ditudan bitartean, kasu askotan gainera, gutxieneko arauak errespetatu gabe, eskubide xume baina guretzat garrantzitsu hori kentzea ez zaigula zilegi iruditzen. Musukoa jantzita, eskuak bost aldiz garbituta eta segurtasun neurri guztiak zorroztasunez bete arren, bikoteak bakarrik sartu behar izan du  “gutxieneko distantziak mantendu behar direlako kontsulta barruan, pertsona kopuru ahalik eta baxuena egon behar duelako bertan…”. Hori bai, batzuetan, 6 metro koadroko kontsulta baten barruan bi langile barruan zeudela. Eta ni? kanpoan noski, galdetzea ere, “beharrezkoa eta ezinbestekoa dena soilik” argudiatuz.

Nire kexa ez da soilik ekografia ikuste hutsaren eskubidea “lapurtu” didatela, hori  agian gutxienekoa da, baizik bikoteak bakarrik sartu behar izatearekin batera, bizi dugun pandemia egoerak, lehen haurra izateak sortzen dituen urduritasunak, maskara gainean etengabe eramateak, horrek guztiak sor dezakeen estresak, beldurrak eta abar luze batek asko zailtzen diotela bertan jasotzen duen informazio guztia minutu gutxitan asimilatzea. Une berezia da guretzat, oso pozgarria eta polita, baina batez ere berria, ezezaguna. Zorionez – ez pentsa  “zoritxarrez” esango dudanik- ezohiko egoera baten barruan tokatu zaigu esperientzia liluragarri honen protagonistak izatea. ProtagonistaK diot bai, pluralean. Bion artean erabaki dugun zerbait delako eta biok elkarrekin aurrera eraman nahi duguna. Bata bestearen babesa sentitu, bata bestearen ahuleziak zein indarguneak helduleku gisa erabili, emozionalki ahalik eta orekatuen eramateko helburuz ekin dugun bizi-esperientzia berri bat azken finean.

Kontuz, hau guztia ez diot protagonismo berezia nahi dudalako, inondik inora ere, amak fisikoki jasan behar dituen aldaketa horiek guztiak gutxi ez eta, gainera, bere motxilara zama psikologiko are handiagoa gehitzen ari direlako baizik, eta hori ez da bidezkoa, ez dute eskubiderik hori egiteko.  Guraso izatearen abentura berri honetan jasotzen dugun informazioa eta ezagutza barneratzeko, uste dut ezinbestekoa dela lau belarri, bi garun eta bi bihotz une oro elkarrekin egotea. Kontsumo mota jakin bat ukitu ere egiten ez duten bitartean, ez dakizue zer nolako amorrua eta inpotentzia sortzen duen gugan egoera honek.

Bide batez bizpahiru galdera jaurtitzeko aprobetxatuko dut: jada alarma-egoeran ez gaudela kontuan izanik, legalki, kontsultan sartzea ukatu diezadakete? Zergatik kontsulta pribatuetan debeku hau ez da existitzen -bikotea ez sartzearena alegia-? Zergatik, zerbitzu publikoa izanik, tokatzen zaigun anbulatorio eta emaginaren arabera, batzuetan erditze-aurreko klaseak  ematen dituzte eta besteetan ez? Iruditzen zait “Covid 19 garaian gaude beraz ezin da…” aitzakia gisa errazegi ari direla erabiltzen toki askotan, eta komeni denean bakarrik.

Bigarren auto-ariketa bat egingo dut eta erabaki hauen erantzuleen garun horien barruan sartuko naiz, egiten dutena ulertzen saiatzeko. Pentsatuko dut ongi jokatzen ari direnaren sinesmen irmoa dutela, eta hau egiteko eskubidea dutela, logikoa dela arrazoi askorengatik. Hori horrela izanda ere, jarri mesedez guztiok maila berean. Denoi eragiten diegun egoera zaila bada, denok batera arraun egin behar dugun zerbaiten aurrean bagaude,  kendu ala banatu ditzatela eskubide-muga-askatasun txartel horiek bidezkoa eta logikoa den modu batean. Jokoan dagoen diru kopuruaren arabera, neurgailu desberdina erabiltzen ari dira eta hori onartezina da.

Baina tira, lasai. Bitartean, aipaturiko gune horietan guztietan barra-librea. Jarrai dezala lanak eta kontsumoak aurrera, zer demontre! Jarrai dezatela gure haurren, adinekoen eta kolektibo jakin bateko pertsonen askatasuna zapaltzen eta eskubideak urratzen, tabernak edota toki konkretu batzuk irekiak dauden bitartean batzuk agian ez baitira kexatuko ere egingo.

Hori bai argi izan ez garela beraien lehentasun. Ez lehen eta are gutxiago orain.

.

Emeki

Parentesi txiki bat irekiz amaitu nahiko nuke terapia-testu hau. Azken asteetan batik bat, geure bizipenaren leihoetatik argitasun gehiago sartzea ahalbidetu duen Tolosako txoko berezi bat aipatzeko. Eskerrak, bidean, Emeki topatu dugun, ikuspegi anitz eta zabal batetik, ahalduntzeko baliabideak eman dizkigun arnasgunea. Eskerrak Alazne Apalantza eta bere lantaldea ezagutu dugun, oztopo txikiz beteriko bide liluragarri hau, konfiantzaz eta indarrez gainditzeko behar genituen tresnak eman dizkigutelako. Ze berezia eta polita izan den -eta izaten ari den- astez aste jasotzen ari garen formazio eta informazio horrekin guztiarekin, geure buruarengan guztiz sinestea eta indartsu sentitzea.

Lerro hauek idazteko beharra Lerro hauek idazteko beharra

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.