Lemoizko zentrala erabilera publikoko ondare-parke bihurtzeko proiektuari buruzko erakusketa aurkeztu du Carmen Abadek
Lemoizko zentrala erabilera publikoko ondare –

Carmen Abad Ibáñez de Mataucok “Lemoizko zentral nuklearra eta eragindako lurrak erabilera publikoko espazio bihurtzea” proiektuari buruzko erakusketa inauguratu zuen atzo Bilbon, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoaren egoitzan.
Hona hemen Elkargoaren webgunean bertan aurkitu ditzakezun aurkezpen laburra, visita-orduak eta beste informazio interesgarri batzuk:
Carmen Abad aspaldi hasi zen lanean proiektu honetan, 1990eko hamarkadan Bartzelonan ikasle zenetik. Geroztik doitzen joan da, betiere helburu argi batekin: zentralak eta haren inguruko gatazkak lurraldean zein euskal jendartean eragindako zauria, oraindik irekita jarraitzen duena, “sendatzen” laguntzea. Horrela adierazi zuen atzo erakusketaren inaugurazio-hitzaldian.
Proposatzen duena zera da, zentralaren hondakinak dagoeneko paisaiaren parte direla onartzea, eta pasaia horren berezitasuna aprobetxatzea “erabilera publikoko ondare-parke” bihurtzeko. Argitu zuenez, ondare-parkearen kontzeptuak ez ditu beste erabilera batzuk baztertzen, baina betiere zaindu edo balioetsi nahi den ondarearen errespetutik abiatuta.
Proposatzen duena, funtsean, eraikuntza eta instalazio osagarri guztiak eraistea da (“erauzketa bidezko arkitektura” egitea, alegia), eta erreaktoreen bi eraikin zilindrikoen kontserbazioan zentratzea, horiek baitira “berezienak, erakargarrienak eta kostu gehien dutenak”. Kostu ekonomikoa, baina baita anbientala ere, eraitsi behar balira.

Azken urteotan, proiektuaren berri hainbat lekutan eman du Carmen Abadek; ez, ordea, erakusketa honetan bezain xehe, maketa, plano, argazki eta bideoen bidez.
Eguzkiko kideok ekimen hau erreserbarik gabe txalotzen dugu, Ixone Sadabak Alondegian paratu duen erakusketa txalotzen dugun bezala. Izan ere, biek ala biek laguntzen dute sustatzen Lemoizko zentralaren etorkizunari buruzko eztabaida publikoa. Hain premiazkoa dugun eztabaida publiko hori, Eusko Jaurlaritzak, bere akuikultura-proiektuan tematuta, herritarroi ukatzen diguna. Izan ere, orain dela egun batzuk gai honetaz jardun ginen honako artikulu honetan:
Lemoiz: “Jaurti ahanztura etorkizunera” (*) | Eguzki Talde Ekologista
Gaiak interesa pizten du, ezbairik gabe, eta horren lekuko ere izan zen erakusketaren inaugurazio-hitzaldian Elkargoaren aretoa bete izana, baita hitzaldi ondorengo solasaldia ere. Hain justu, solasaldian jakin genuen EHUren barruan Lemoizko etorkizunari buruzko parte hartze-prozesu bat diseinatzen ari direla. Dena beharko da, ikusita Jaurlaritzak orain arte, behintzat, entzungorrarena egin diola akuikultura-proiektua ez den guztiari.

INFORMAZIO INTERESGARRIAK
Lemoizko zentralari buruzko erakusketa ikusgai egongo da Arkitekto Elkargoaren egoitzan (Mazarredo, 69) apirilaren 16ra arte, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara. Astearte eta ostegunetan, berriz, Carmen Abadek berak gidatutako bisitak egingo dira 12:00etatik 13:00etara. Hori bai, bisitetan parte hartzeko, aldez aurretik izena eman behar da: kultura.bizkaia@coavn.org.
Bestalde, ADI: apirilaren 10ean, 18:30ean, Elkargoan bertan, proiektuari buruzko mahai-ingurua izango da. Parte-hartzaileak, Carmen Abad bera, Joseba Zulaika antropologoa eta Daniel Valles arkitektoa. Valles hiri-metabolismoan eta jasangarritasunean aditua da.
Amaitzeko, hona hemen Ixone Sadabak Alondegian paratu duen erakusketari buruzko infoa:
Ixone Sádaba. “Escala 1:1” – Azkuna Zentroa