Lehendakari sozialista Euskadin: zer diote atzerrian?
Ikusi hemen BBC emandako albistea.
Ingalaterrako The Guardian egunkariak atzokoa Europa osoko mugimendu abertzaleentzat froga bat dela dio bere editorialean eta Gales, Eskozia eta Ipar Irlanda aipatzen ditu bereziki. Askotan euskal abertzaleak babes popularrik ez duen eta lurraldetasun eta kulturan oinarritutako separatismo bortitz batean itota egon omen dira.
Gaztelera soilik hitzegiten duen EAEko bizilagunen gehiengo hori 30 urtez baztertuta egon dela abertzaleen agindupean dio The Guardianek. Demokraziarekin batera EAEk independientea ez den munduko edozein lurraldek baino autonomia handiago lortu arren, ETAk hiltzen jarraitzen duela gogorarazten du, eta gaitz horrek abertzale demokratikoak ere zipristindu omen ditu. Horregatik, hain zuzen ere, euskal gizarteak -abertzaleek horiek ordezkatzen omen duten nazioak berak- utzi omen ditu boteretik at.
Beste albiste batean, The Guardianek euskaldunek aro berri baten alde bozkatu dutela dio. Baina aldi berean, Espainian beti borrokan ari diren bi alderdiak ados jarri direla azpimarratzen du eta garaipena, neurri batean, ezker abertzale ofiziala legez kanpo uzteari leporatzen dio.
BBC, Britainia Handiko komunikabide publikoa honela hasten da: PP eta PSOEk elkarrekin gobernatzea hitzartu zuten pasa den hilabetean. Koalizio berriak subiranotasunaren aldarrikapena alde batera utzi eta ekonomian eta segurtasunean jarriko du arreta. Patxi Lopezen hitzak eta gobernu planarekin hasi baino lehen, alderdi erradikal separatistak Legebiltzarretik kanpo geratu zirela dio.
The Herald Eskoziako egunkariak berriz, Patxi Lopezen hitzak ditu lerroburuan, ETAren aurka egunero arituko dela. Independentziaren alde eta aurka dauden gizartearen bi zatiak batzea nahi omen du Lopezek. Lehenengo aldiz abertzalea ez den Lehendakariaren aukeraketa, PP eta PSEre arteko akordioa, ETAren alde dauden partiduen legez kanporatzea ere aipatzen ditu.
Frantzian
Liberation egunkari Frantziarrak Patxi Lopezen hitzak azpimarratzen ditu, terrorismoarekin amaitzeko egunero egingo duela lan alegia. Zentzu horretan, aurrerantzean ETArekiko Ertzaintzak izango duen jarrera gogortu egingo dela dio.
Lehenengo aldiz EAJkoa ez den eta abertzalea ez den Lehendakaria izango dela aipatzen du, hori bai, naturaren aurka doan PP eta PSEren akordioa medio. Bestalde, EAJk, nahiz eta terrorismoaren aurka agertu, beti izan omen ditu harreman arriskutsuak abertzale erradikalekin.
Amaitzeko, gogoeta bat egiten du. CiU Katalunian, BNG Galizian eta EAJ Euskadin, hiruak oposizioan daude. Ez dira garai xamurrak abertzaleentzat. Krisialdietan jendeak neurri sozialak nahi omen ditu, ez arazo identitarioak.
Bestetik, Le Monde egunkariak egunaren izate historikoa eta sozialista eta popularren arteko akordioa azpimarratzen ditu.
Ziur nago Europako eta munduko beste hainbat hedabidek ere izan dutela hizpide gure herrialdea. Goikoa lagin bat besterik ez da, lagin baten lagina, hobeki esanda. Baina nahikoa galdera egiteko. Nola ikusten gaituzte atzerrian? Zer iruditzen zaizue hemen dugun auziaren inguruan duten ikuspegia? Zuzen daude, oker, nahikoa informazioa al dute?
Bai, irakurri nuen The Guardianen editoriala eta apur bat harrituta utzi ninduela esan behar dut. Lehen esaldian horrela diote:
“Imagine, for a moment, a Labour leader in Scotland welcoming Conservative support to keep the Scottish Nationalist party from power. Then add in factors missing in Scotland:…”
“Missing factors” horiek gabe ere nik uste pentsa ezina dela herrialde honetan (Erresuma Batuan) Labour eta Toryek PSOEk eta PPk EHn egin dutena egingo luketenik. Berriro diot, pentsa ezina, eta The Guardianekoak ondo asko dakite hori. Pentsa ezina gauza bategatik: hemengo gehiengoari (euren boto emaileak barne, noski) lotsagarria irudituko litzaiokelako.
X. Lamikizek dioenaren arira, hemen ordea, PP edo PSOEren boto emaile asko poztu egin dira. Ikus bestela beste lagin hau:
http://blogs.20minutos.es/martinezsoler/post/2009/05/06/aatodos-somos-vascos-quao-bien-me-sienta-hoy-txapela
Honen iritziz, abertzale guztiak ia terroristak omen… (badakit atzo han-hemenkan utzi nuela esteka, baina jasaezina iruditzen zait hau…)
Horrela hasten da:
“Soy de Almería pero hoy me siento vasco. ¡Aleluya! Pase lo que pase, que me quiten lo “bailao”. Y mi enhorabuena a los líderes del PSOE y del PP que han hecho posible este florecer de la democracia en el atormentado País Vasco.”
harira, barkatu!