Lazo gorrien ahanztura
Lazo gorrien ahanztura –
Abenduaren 1ean, GIB-HIESaren aurkako Borrokaren Eguna ospatzen da. Urtero bezala, oraingoan ere eguna ekitaldi instituzionalez bete zen: akordio iragarpenak, hamaika lazo gorri erakundeetan, GIBaren proba egiteko puntuei buruzko informazio-bonbardaketa, kondoi-banaketak…
Egun jakin bateko presentzia mediatiko hori, alabaina, desagertu egingo da urteko gainerako egunetan. Badirudi dagoeneko dena ezagutzen dugula, benetako gizarte-kontzientzia dagoela, edo iraganeko arazoa dela hau, guztiz gezurra izan arren. Oraindik ere presente dago, oso presente, birusarekin bizi direnentzat; eta oraindik ere presente daude pertsona seropositiboen estigmatizazioa eta seinalatze krudela.
GIB-HIESaren aurkako borroka gogoratzeak gorriz margotutako eraikin publikoen irudiak dakarzkigu burura, gorputz ahulduak erakundeen utzikeriaren eta isiltasunaren ondorioei aurpegia jarriz, lurrean marraztutako siluetak bakardadean, edota elkartasun-sare txikien laguntza hutsa izanda zendu ziren pertsonak irudikatuz, ekintza bizitza dela adierazteko amorru-oihuak. Isiltasunaren aurkako erresistentzia aitortzea esan nahi du, gure memoriaren zati bat aintzat hartzea.
Birusa deabrututako “arrisku-taldeetatik” harago zabaltzen hasi zenean, “birus arrosa” araua betetzen zuten gorputzetan ere bizitzen hasi zenean, pertsona seropositiboak marikoiak, drogazaleak edo sexu-lanarekin lotutako pertsonak bakarrik ez zirenean, gizaseme zintzoei ere eragiten zietelako, orduan hasi ziren pandemia hori arintzeko medikuntza aurrerapenak.
Gaur egun, botika antirretrobiralak jasotzeko aukerak GIBaren transmisioaren paradigma aldatu du. Baina medikuntza aurrerapen guztietan bezala, latitude geografiko jakin batzuetan dauden eta herritartasun-estatus jakin bat duten pertsonei bakarrik eragiten die. Bai, mundu globalizatutik kanpoko herrialdeetan bizi diren pertsonez eta egoera irregularrean dauden migratzaileez ari naiz. Horientzat, osasunerako sarbidea, izatekotan, mugatua da. COVID-19aren aurkako txertoentzako patenteen egungo politika agerikoa da. Txertoak badaude, bai; baina ez dira iristen beharrezkoak diren munduko toki guztietara.
Ez dezagun ahaztu pandemia honetan gertatutakoa: osasun-zentroak gainezka; baliabiderik gabe eta lehertuta dauden osasun-langileak; lehen mailako arretaren desagerpena; eta osasun komunitarioa nabarmen okertzen duten atzerapenak ebakuntzetan eta diagnostikoetan. Kalitatezko osasun publikoa, unibertsala eta baliabide nahikoekin, zeinen beharrezkoa zaigun ulertzeko balio diezagula. Bestela, ez dago osasun komunitariorik.
Adierazpen eta ekitaldi instituzional handietatik harago, lazo gorriz betetako bularretatik harago, non dago ikerketaren aldeko apustu garbia? Non dira erakunde publikoen utzikeriarengatik egin beharreko barkamen eskaerak? Noizko medikuntzaren utzikeriaren ondorioz eta estigmaren eraginez bizia galdu zuten milaka lagunen aitortza? Noizko erreparazioa beren bikotekideak erabateko isiltasunean hiltzen ikusi zituzten alargun horiei? Noizko sexu hezkuntza publikoa, estigmatizaziorik eta aurreiritzirik gabekoa?
Bitartean, isilaraziak eta baztertuak izan ziren pertsona guztien oroimenaren alde lanean jarraituko dugu. Isolamendua, estigmak eta isiltasuna eragiten dituzten hesi estigmatizatzaileak hausten jarraituko dugu. Osasun publikoaren eta zerbitzu publiko duinen aldeko konpromisoan lanean jarraituko dugu, indarkeriarik gabeko bizitza duinak bermatzeko.