Larunbatetik aurrera martxan izango da Topatu.info eraberritua!
Hainbat asteetako hutsuneraren ostean, datorren larunbatetik aurrera, abenduaren 4etik aurrera alegia, martxan izango da berriro Topatu.info gazte proiektu komunikatiboa. Beti bezala, egunez egun euskal gazte mugimenduak sortzen duen informazioari behar duen espazioa emateko helburuz itzuliko da proiektua, baina era berean, hausnarketa baten ondorioz emandako berrikuntza gehituko zaio. Aipatu berrikuntza hurrengo puntuetan izango du oinarri:
ELKARLANA Topatu.info elkarlanean osatutako proiektua izateko erronkarekin dator. Era horretan, Euskal Herri osoko herri eta auzo mailako gazte proiektu komunikatiboak izan behar dira protagonista, eta horien eduki, proposamen eta proiektu propioekin Topatu bera egunez egun eraikitzeko eta hobetzeko deialdia luzatuko da. Hala nola, komunikazio eredu gazte eta herritarra garatzeko tresnak eskaini eta horretaz eztabaidatu ahal izateko aukera emango du Topatu.info proiektu eraberrituak.
EZTABAIDA Gazteok zuzenean eragiten gaituzten edota interesez hartzen ditugun arazo zein gailetaz eztabaidatzeko beharra daukagu. Era horretan, gai horietaz era kolektibo batean hausnartzeko aukera emango du ere Topatu.info proiektuak.
GAZTE SORTZAILEON TXOKOA Egungo gazte sortzaileen lanak argitaletxe, arte galeria zein zinema aretotan, besteak beste, lekurik ez duela ikusita, lan horiek plazaratzeko gunea eskaini nahi du Topatu.info-k. Era horretan, gazte sortzaileon literatura, animazioak, artelanak edota bestelakoak zabaltzeko gunea izango du proiektuak.
MULTIMEDIATASUNA Egungo tendentziek eta beharrek bultzatuta, multimediatasunerako jauzia eman nahi du Topatu.info-k. Era horretan, testu, irudi, audioak, bideoak eta gainerakoak integratzeko apostua egingo du proiektuak.
Erronka berriekin batera, Topatu.info betiko identitate zeinu propioak berretsi nahi ditu.
– Gazte proiektu komunikatiboa izango da. Euskal gazteria izango da protagonista, eta horren partaidetza zuzena eta horizontalaren bitartez osatuko da proiektua bera.
– Proiektua euskara hutsean mantenduko da, eta Euskal Herria nazio gisa hartuta, bere eremu guztia aintzat hartuta garatuko da.
– Baloreetan eta ikuspegietan bizi eredu askatzaileak bultzatuko dituen proiektua izango da.