Larunbateko manifestazioa, herrigintza eta nazio eraikuntza
Larunbateko manifestazioa, herrigintza eta nazio eraikuntza –
Ba al dago larunbateko manifestazioa eta herrigintza edo nazio eraikuntzaren arteko loturarik? Printzipioz, ezetz esateko arrazoi teorikoak ez dira falta. Ea.
Presoen askatzearen eta iheslarien itzultzearen afera iraganaldiarekin loturik dagoen kontua da, aurreko fasearen kontu bat eta, hotzean begiraturik, esan genezake fase hura gainditurik dagoen heinean -horrela ikusten ahal dutelako herrigintzan interesaturik dauden lagun askok- kontu horrek ez duela ezertan etorkizunari begirako lana baldintzatu behar. Bestela esanik, modu argian: Ezker Abertzaleak, printzipioz, lasai asko joka lezake bakarrik aurrera begira, etorkizuneko erronkek eskatzen dituzten bitartekoak, estrategiak eta ekimenak diseinatuz eta bidean geratu denari erreparatu gabe.
Mugimendu politiko hotz, zientifiko eta kalkulatzaile batek horrela egin lezake. Eta estrategia politiko-militarra partekatu ez duten sektore batzuek horrela egiteko eskubidea ere badute. Finean, presoena euren arazoa ez delako. Nago, baina, gurean eskema horrek ez zuela funtzionatuko. Agian ez garelako oso zientifikoak inoiz izan, agian (berriro ere) bihotzak agintzen diolako buruari eta ez alderantziz. Gauza da argi dagoela presoen eta iheslarien gaia modu txukunean konpondu ezean Ezker Abertzaleak nekez helduko diola etorkizuna eraikitzeari. Barruan/sasian daudenen ekarpenak kalitate handikoak direlako herrigintzarako? Ez, ez, ale batzuk egongo dira, baina orokorrean herrigintzan aritutako militanterik emankorrenak kalean daude.
Presoei buruz mintzatzen garen bitartean estatuek ez diotelako mami politikoari heldu behar izango? Bai. Baina, esan bezala, egoera horrelakoa bada, Ezker Abertzaleak arazorik gabe egin lezake lehenago aipaturikoa: presoen afera bere horretan utzi eta estatuak mami politikoaz hitz egitera behartu. Etorkizunean elkarbizitza ezinezkoa izango litzatekeelako? Garratzagoa izango litzateke, bai, batez ere hasieran, baina, gero, denbora ahanztura da. Seguruenik kontua askoz emozionalagoa da. Ezker Abertzaleak hainbeste eman duten militanteak atzean utziz gero sinpleki bere izaerari uko egingo lioke. Edo horrela sentituko litzateke. Berrogeita hamar urteko prozesuak, emankortasun politikoari dagokionez, eman duena eman du.
Baina bukaera txukuna eskatzen du, besteak beste Ezker Abertzaleak bere autoestima berreskura dezan. Eta bukaera txukunak hori eskatzen du: atzean ez da inor geratuko. Inortxo ere ez. Horrek, epe motzean, alimaleko ahalegina eska dezake, bai, eta ahalegin horrek agian estrategikoagoak diren beste fronte batzuen energiak bahituko ditu. Baina une bakoitzak bere lehentasunak ditu. Eta nago emozionalki ahultxo dagoen Ezker Abertzalearen zati zabal batek bakarrik berreskuratuko duela bere nortasuna horrelako kolpe bat joaz. Imajina dezagun presoen aferari nolabaiteko irtenbide zentzumenezkoa ematen lortzen dugula.
Ez du horrek esan nahi epe motzean denak kaleratuko direnik, baina bai denak kaleratuko dituen bide onargarri bat diseinatzen dugula eta estatuek, jendartearen jazarpenak bultzaturik eta denboraren iragaiteak lagundurik, onartzen dutela. Bide orri hori martxan, Ezker Abertzaleak arnasa hartuko luke, garaipen txiki baina era berean erraldoi horrek autoestima altxatuko lioke eta, seguruenik, beste eremuetan egin beharreko lanerako militanteak lortuko. Eta ezkerreko abertzaleak, herrigintzaren eragile nagusietarikoa izaki, baita presoena euren arazoa ez dela sentitzen duten horiek aztertu beharko lukete zenbateraino den herrigintza posible emozionalki bahiturik dagoen Ezker Abertzalearekin.
Objektiboki, horiei ere interesatzen zaie euskal presoen afera konpontzea. Hortaz, kontu honetan sionistek bezala egin behar dugulakoan nago, sentitzen dut, eskatzen dit bihotzak: etsaiaren esku dauden bahitu guztiak ekarri behar ditugu etxera, euren eskuetan ez dugu gorpurik ere utziko. Berrogeita hamar urteko borrokak ez digu askatasuna ekarri, eta ez gara zelata horretan eroriko.
Madrileko gobernuaren aurrekontuak babesteko prestutasuna agertu, espainiar federalismoa besarkatu eta PNV-PSOEren makulu bihurtu…”herrigintza” galanta!
Independentziatik autonomismora. Paradigma horrek ez du gehiago ematen. Batzuek dute bere Alderdi Eguna urtero, besteek bere urtarrilaren manifa, zoritxarrez, urtero eta han alaiak eta ilusionatuak jarraitzen dute garai “berriekin”…
Zorionak manifestazioagatik, urtero tinko, gurea eskatzen.
Bahituak bahiturik axolagabe uzten dituen borrokak konfiantza galtzen du, hori dela eta da Atzean ez da inor geratuko mottoa mundu osoan ezaguna. Herri honek ez lioke bere buruari halakorik barkatuko.
ETAko presoak “bahitu” gisa izendatzea ikaragarrizko astakeria iruditzen zait. Hor tartean zenbait hiltzaile eta hilketa planifikatzaile ditugu, beste hainbat gehiegikerien artean. Noiz izango dugu ETAko presoen manifestazio bat presoen irudiekin batera presoek erahildakoak ekartzen dituztenak?
Larunbatean Bilbon izan nintzen ni ere. Ilusio handirik gabe, dena esan behar da. Lemak oihukatzen hasi eta inor gutxik jarraitzen zigun, horrek erakusten du animoak nola zeuden. Izan ere diskurtso emotibo eta analisi politikoen gainetik usain txarra nabari da gaiaren inguruan. Ez gara gutxi Otegi eta enparauek Madril eta Parisekin tratu eskas bat sinatu dutela diogunak (beteko ez dena, bide batez). Behin eta berriro oinarri sozialari gezurretan ari dira, interes iluneko lobbyei jokoa eginaz, agenda politiko arrotzak jarraituz eta suizidio kulturala bultzatuz. Ez dakit oraindik EAn dauden militante zintzoak zertan pentsatzen ari diren.
Porrot politiko hau garesti aterako zaigu herri gisa. Irlandako eredua inoiz baino gertuago sentitzen dut, hizkuntza galtze bidean eta gehiegi luzatu den gatazka baten zauriak oraindik irekita. Herriaren desagerpenaren azken fasera sartzen ari ote gara?
Ona iruditu zaizkit Txemaren analisiaren hainbat puntu, baina hutsuneak nabaritzen ditut. Horregatik, bat egiten dut Mikelatsek azaltzen dituen kezka batzuekin: “suiizidio kulturalaren bultzadaz”, “Irlandako ereduaz”, “euskararen galtze bideaz”· eta “Herriaren desagerpenaz” berak duen sentimenduarekin bat nator.