Larrialdia

Larrialdia –

Larrialdia

Larrialdia: larritasunezko unea edo denbora (Euskaltzaindia). Haren sinonimoak edo hurbilekoak dira estualdia, ataka, estura, herstura, hertsidura, itobeharra, larriunea. Izaten ahal zen 2024ko urteko hitza, euskaraz bederen. Horretarako merezimenduak ez zaizkio falta. Ez dugu hain berria gure lurra hondora eraman dezakeen larrialdi klimatikoaren albistea. Munduko hainbat bazterretako larrialdi humanitarioak ere ez dira gaur piztu. Hain zuzen ere, larrialdi horiek, eztitu gabe, nola larriagotu diren ikusi du akitzen ari zaigun urte honek.

Jakina, gaiztotze horretatik ez dabil aparte eskuin mutur berriaren gorakada globala, seguru aski 2024 honek utzi digun heredentziarik ustelenetakoa. Halako kontu latza bertze larrialdi egoera bat deklaratzeko heinekoa litzateke berez. Bistan dena, badira larrialdi handiak, planetarioak, eta bertze batzuk, xumeagoak, maila apalagokoak, pairatzaile gutiagokoak. Konparaziorako, gure artean larrialdian bizi dira etxebizitza bila ari diren milaka gazte, eta larrialdian ere bai medikuak edo espezialistak noiz artatuko aspaldi esperoan dauden eriak.

Nafarroan ez dabiltza goxoago urtearen azken hilabeteetan iragartzen ari diren enpresen itxieren ondorioz hurrengo urtean lanik gabe gelditzen ahal direnak. 2024an, gainera, ikasi dugu larrialdia bizi duela euskarak. Edo larrialdiak euskara. Honi dagokionez ere ez dut tamainako larritasunik ikusten bazterretan. Larrialdia, beraz.

Aukera eman balidate hari emanen niokeen botoa. Benetan harritu nau aurtengo hitza izan zedin hautatu ez izanak. Baikorrago despeditu nahi nuen 2024 hil-urren hau, eta baikorrago agurtu gaur gaueko hamabietan abiatuko den 2025a. Kontuak ez zaizkit horrela atera. Gaur gauaz kasu jan-edanarekin, eta omeprazol bat bihar goizean. Larriak larri, izan dadila urte berria ahalik eta zoriontsuena.

Noticiasen argitaratua

Larrialdia

Iruñekoa, malgré moi, idazlea,iritzi-emailea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude