Lapur txiki baten politika txikia

Lapur txiki baten politika txikia –

Lapur txiki baten politika txikiaGaitz malapartatu batek mundutik aparte utzi nauen garaia aprobetxatuta Joseba Sarrionandiaren Lapur banden etika eta politika liburua berrirakurtzea jarri dit eskura patuak.

Liburu berezi eta zoragarria gomendatzeaz gain iruzkin kritiko batzuk egitera ausartuko naiz oraingo honetan  autoreari diodan miresmen erabatekotik eta esker on-onez.

Liburuan jorratzen diren gaiak asko eta askotarikoak badira ere nik hizkuntza/subiranismoaren kontuari helduko diot.

Gaiaz aritzeko hiru plano bereiztea proposatzen digu Josebak: Euskara/nazioa/politika.

.

Euskararen planoa

Euskal herria izenarekin espekulatzeari utzi eta euskaldunen komunitateari heteronomiatik autonomiara urrats egiteko proposamena egiten digute liburuan: betidanik arbaso edo jainko edo independentzia izan duten autoritate izaera ezabatu eta autonomo izaten hasi: Euskarazko hiztun komunitateak bere burua aintzat hartu eta antolatzen hasi. Ondoren esateko:

Euskara independentziarekin lotu ohi dugu. Baina ergelkeria litzateke euskaradunen komunitatea balizko estatu propioaren zain egotea. Euskaraduna independentziaren alde ahalegindu daiteke, baina ezin du independentzia lortzen denerako utzi euskaraz egitea(…)Euskal komunitateak, alderdien arteko zeingehiagoken menean egon gabe, subjektu gisa antolatu behar du bere burua, ezinikusi ideologiko eta oztopo politikoen gainetik, batez ere euskaraz eguneroko bizimodua egitea posible izan dadin.

Hau guztia arrazoitzeko Sanchez Carrionen teoriak dakarzkigu Josebak: hizkuntza herriaren izaera da eta estatua herriaren egoera; eta behetik gorako eskemak lehenetsi: kantagintza, bertsogintza, euskara elkartea, udalak, euskalduntze-alfabetatzeak…ekosistema.

Behetik gorako eskema hori oinarri eta zuztar, azken hamarkadatan horixe besterik ez dugula egin esango nuke, eta egunerokoa euskaraz bizitzea, helburu ez ezik bidea ere badela ulertzea funtsezko ideia iruditzen zait: norberak berean egiten duen jardun ttikia, pixkanaka-pixkanaka zabaltzeko eta gizartean gero eta hedatuagoa eta ohikoagoa izateko helburuz.

Honexegatik, hain justu ere, aterako nioke nik koxka pasarte horri: Ez al da hori, berrogeita urtetan -orain arte eta egun ere bai- Euskaradun kontzientziatuek ohiko izan duen jarduna bera proposatzen dena, noiz eta nahikoa garbi gelditu denean jardun hori oso dagoela mugatuta, baldin eta gizarte edo botere guneetatik ( legeak, politika linguistika…) beste zerbait egiten ez bada? Nik ez nuke kontrajarriko eguneroko bizitzan euskaldun kontzientziadumilitantenekatunekosoak egin dezakeena eta politika potolo horretatik etorri beharko liratekeen neurriak eta aldaketak. Eguneroko politika ttiki horren jarduna eta aginte-guneetatik etorri beharko liratekeen neurrien gauzatzea, elkarren beharra duten bi faktore dira, nik uste, eta bata bestea gabeko eszenarioak hanka motz gelditzera eramango gintuzke beti.

Josebak esaten duen bezala, ergelkeria litzateke independentziaren zain egotea euskaraz egiten hasteko;  ez dago dudarik,baoma hamarkadetako esperientziak erakutsita, horrek, -egunerokoan egin litekeen politika txikiek-, bere bakarrean, ez digu esperotako emaitzarik ekarri, zergatik eta, nik esatera, politika potolotik etorritako neurri eraginkorren gabezia nabarmena izan delako.

Euskarazko eguneroko bizitza hori, beste aldetik Goizuetan, Abaltzisketan, Bermeon edo Urepelen oso berez eta errez egin litekeen gauza da, baina Bilbon, Iruñean inkluso Donostian ere, ez dute lan makala euskaradunen komunitateko partaide kontzientziadunmilitantenekatunekosoek; eta nekatzeko eta lehertzeko arriskua edukitzeaz gain, ez dakit ghettoak sortzea –-normalean toki horietan gertatzen den bezala- oso eraginkorra denik; ez dugu ahaztu behar, euskaldun gehienak toki horietan bizi direla.

Independentziaren zain egotea, orduan? Ez. Euskararen izate edo bizitza erreal bakarra egunerokoan euskaldunak egiten duena da; baina jardun hori zuztarra, ardatza eta motorra izanda ere, ezinbestekoa da, nik uste, politika potolo horretatik etorri –ekarri?- beharko liratekeen –genituzkeen?- legeak edo aldaketak, hauek ere potolo xamarrak; garaia da -eta urgente-, esperientziak hala erakutsita, estamentu  mardultxo horietan nola eragin litekeen pentsatzen hasteko, eta ekiteko.

Independentzia? Hala balitz hobe, baina bitartean, eguneroko bizitzan eragiteaz gain, aginte-guneetan nola eragiten hastea funtsezkoa da. Eta hemen ere kontuan hartu beharko genuke elkarrizketak, elkarlana, kolaborazioak, eta dirulaguntzen politikek ere emaitza oso tristeak eman dituztela. Dimentsio horietan aurrera pausuak nola eman argitzea urgentea iruditzen zait

Azaltzen ari naizen hau ondo uztartua ikusten dut nik liburuan aurrera joanda, berriro ere Txepetxen eskutik, Josebak egiten digun aipuarekin:

Gaur eguneko euskaradunak  Wall Streeteko finantzaria eta erreserbako indio behar du izan aldi berean, gorputz bakarrean.

Erreserbako indioak izaten oso gaude euskaldunok ohituta, eguneroko bizitza lekuko; Wall Streeteko finantzariaren irudia, berriz, lotu liteke erakunde handi-mandi horietan eragiteko beharko genukeen gaitasuna zertzearekin.

Euskaradun gehienak elebidunak gara, erdaldun gehienak ez. Elebitasuna indibiduala da  baina ez soziala.

Esaldi paregabea elebitasuna hamarkadetan izan den tranpa handia biluzteko: nahikoa lan balukete badezaketenek erdaldun guztiak euskalduntzen, saldu bai baina existitzen ez den gizarte elebidun horretara iristeko.

.

Nazio proiektuaren subjektua

Nazioa komunikazio espazio bat da.

Onuragarria da imajinario deitzea nazioari.

Denok dakiguntxo bat da egun estatu diren horiek estatu izan baino lehen egin zutela imajinazio ariketa bat. Ideia honetan sakonduta baina, esan liteke gaur egungo estatu gehienetan imajinazio ariketa hori gerrarekin, konkistarekin eta handia izatearekin egon zela nahastuta. Izan gaitezen gu, imajinazio ariketa hori egitean gauza horiekin zerikusirik izan ez eta denok ondo bizitzeko moduko herri bakezale eta  inklusibo eraikitzen duen salbuespenetako bat.

Nazioa ez da euskararekin nahastu behar, komunikazio espazioak indartu behar ditugu gure hiru hizkuntzetan.

Komunikazio espazioak hiru hizkuntzetan indartzea izan liteke bultzatu beharreko gauza, baina horretarako frantsesaren eta espainieraren komunitate bien partaideak beren burua euskaldundu beharko lukete beren burua aldez aurretik. Euskaldunak espainola edo frantsesa dakien bezala jakin beharko luke euskara espainoldunak zein frantsesdunak. Eta hori gauzatu ahal izateko erakunde potolo horietatik etorri –ekarri?- beharko liratekeen –genituzkeen?- neurrietaz edo hizkuntza plitikan egin beharrko erabateko aldaketaz ari gara berriro ere.

.

Politikaren subjektua

Subjektu unibertsal moduan, gizarte askeago, igoalitarioago eta demokratikoago bat eraikitzea printzipio etikotzat har daiteke. Elkarri zor dioguna da, zentzu humanistan. Arestian deskribatu dugu politikaren plaza zelakoa izan beharko litzatekeen: pertsona libre, eskubidez berdin eta elkartasunez lotuen arteko bilera, plaza hutsean. Badakizu gero historian ez dela horrelakorik ia sekula izan.

Horra hor politikaren definizio eder bat. Jainkorik edo autoritate handien monumenturik gabeko plaza hutsean printzipio etikoek bultzatuta inor beste inor baino gehiago ez den pertsona librez osaturiko juntadizoa eztabaida librean.

Ondo dio Josebak horrelakorik historian inoiz ez dugula izan esaten duenean. Nik horren antzekoena 2017ko urriaren lehenean eta lehenagoko prestaketetan Katalunian ezagutu nuen. Fenomeno politiko-sozial eta ekimen demokratiko moduan gertaera handi hartaz zein gutxi hitz egin den eta  zein zuku eta irakaspen gutxi atera zaion, ez da errez ulertzen, gaizki pentsatzen hasten ez bagara.

Jainkorik eta autoritaterik gabeko pertsona librez beteriko plaza hutsa dugu beraz politika, alegia, gaur egun dugun elitekrazia edo alderdikraziaren  kontrako muturra.

Hemen ere ekimena norberarena da, plaza atera eta hitz egiten hasi, baina honek zer pentsatua ematen du:

  • Zeintzuk lirateke gaur egungo plaza hutsak? Non hitz egin liteke?
  • Euskaldunok zein hizkuntzatan hitz egin behar dugu plaza huts horretan erdalduna euskalduntzen ez den bitartean?
  • Euskal herritarrak ba al du entzuteko gaitasuna? Ba al du bestelako ideiak dituen herrikideekin bere ideiak lasai azaltzeko eta hain ezberdin pentsatuta ere haiekin zerbaitetara ailegatzeko edo gutxienez lasai eztabaidatzen segitzeko gaitasuna?

Demagun baina, baietz, egunero plaza hutsak betetzen ditugula, hitza dugula eguneroko ogia, gozatu ere egiten dugula, huntaz eta hartaz aritzen garela egunak joan egunak etorri, are akordioak ere egiten ditugula eta ondorioak atera eta erabakiak hartzen ditugula…baina uztarripean gauzkaten agintedunek inolako erabakirik ez digutela onartzen, horiek ez baitaude, denok dakigunez, gure ezein erabakirik onartzeko pronto, eta hori behin eta berriro errepikatzen dela, eta urteak ere ematen ditugula modu horretan eta behin eta berriz…

Lapur txiki baten politika txikia  Lapur txiki baten politika txikia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude