Langabeziagatiko subsidioa, Estatura itzulitako migranteentzat
Langabeziagatiko subsidioa Estatura itzulitako migranteentzat –
Badakizuenez, langabeziagatiko subsidioak erreformatu dira. Honela, subsidioren bat beste kolektibo batzuetara zabaldu da, hala nola prestazioa agortu dutenentzako subsidioa; berriren bat sortu da (Gizarteratzeko Errenta Aktiboa ordezkatzera etorri den genero edo sexu indarkeriaren biktimentzako subsidioa), eta baten bat desagertu da, preso ohientzako subsidioa, kasu. Hala ere, Estatura itzulitako migranteentzako subsidio honek badirau, aldaketa txiki batzuk izan dituen arren.
Espainiar nazionalitatea badaukazu, beste herrialde batera lan egitera joan bazinen eta Estatura itzuli behar izan bazara, langabeziagatiko subsidio hau eskatu ahal duzu.
Artikulu hau Estatutik kanpora migratu behar izan diren lagunei begirakoa da. Izan ere, migrante bakarrak ez dira gurera datozenak; lan bila guretik alde egitera behartuta daudenak ere migranteak dira. Eta gogoan dauzkagu, bereziki, “hobetoen prestatutako belaunaldiko” gazteak.
Europatik kanpoko herrialderen batetik
Europako Esparru Ekonomikoko edozein herrialdeetatik itzuli bazara, ez dagokizu subsidio hau, zeren eta Espainiako Estatuak hitzarmenak sinatuta baitauzka herrialde hauekin. Hortaz, beste herrialde horietan kotizatu duzun denborak langabezia prestazioa eskatzeko balioko lizuke. Ikusi hurrengo artikulua:
Itzulitako migranteentzako subsidioa eskatu ahal izango duzu, baldin eta Estatu espainolarekin langabezia-hitzarmenik ez daukan herrialderen batean lan egin baduzu.
– ADI! azken sei urteetan zehar, gutxienez, 12 hilabetez lan egin behar izan duzu atzerriko beste Estatu horretan. Izan kontuan Espainiako Estatutik irten zaren azkenengo aldia baino ez dela aintzat hartuko. Esan nahi baita, baliteke lehenago ere migratu izana, atzerrian lan egin izana eta itzuli izana. Hala ere, lehenagoko beste aldi horiek ez dira zenbatuko betebehar honetarako.
Subsidioa ala prestazioa?
Subsidioa eta prestazioa ezberdinak dira. Langabeziagatiko prestazioa kontributiboa da, hau da, izan duzun soldataren eta egin dituzun kotizazioen araberakoa izango da. Subsidioak, ordea, izaera asistentziala edo, bestela esanda, laguntza izaera dauka. Hau dela eta, zenbateko finkoa dauka eta hainbat baldintza bete behar dira jaso ahal izateko, batez ere, errenten gabezia.
Oraintxe ikusi dugunez, Europan lan egin baduzu, denbora horrek balio ahal dizu, behin itzulita, Estatu espainolean langabeziagatiko prestazioa eskatzeko. Kasu honetan ez zenuke subsidio hau eskatu beharko.
Era berean, kanpora irten baino lehen, Estatu espainolean prestazioa jasotzeko beste kotizatu bazenuen, prestazioa eskatu beharko zenuke eta ez subsidioa. Hau da, migratu baino lehen (aurreko sei urteetan), Estatu espainolean, gutxienez, 360 egunez kotizatu bazenuen, langabeziagatiko prestazioa jaso zenezake. Honetaz gehiago jakin nahi baduzu, bota begirada bat SEPEren orrialde honi:
Beraz, lehenengo eta behin, ikusi beharko zenuke ea eskubiderik daukazun Estatu espainolean langabeziagatiko prestazioa jasotzeko.
Era berean, subsidioa eskatu ahal izateko, ezin izan duzu atzerriko estatu horretan langabeziagatiko prestaziorik jaso.
Langabeziagatiko prestazioaz gehiago jakin nahi baduzu:
Errenten gabezia
Gainontzeko subsidioekin gertatu bezala, eskatu ahal izateko, errenten gabezia egiaztatu behar duzu. Zer esan nahi du honek? Zure diru-sarrerak ezin direla izan lanbidearteko gutxieneko soldataren %75 baino altuagoak (850,50€ 2024. urtean). Baldintza hau subsidioa eskatu aurreko hilabetean bete behar duzu.
Errenten gabezia hau egiaztatzeko, erantzukizunpeko adierazpen bat sinatu beharko duzu. Ez da aparteko dokumenturik atxiki behar, eskaera orrian bertan zure irabaziak islatzearekin nahikoa da. Gerora, administrazioak egiaztatuko du adierazi duzuna egia ote den.
Beste subsidio batzuen kasuan familia erantzukizunak alegatu ahal dira. Erreformaren ostean, familia erantzukizunik izanez gero, diru-sarreren gabezia modu probetxugarriagoan kalkulatzen da lehen baino. Hala ere, kasu honetan, diru-sarrera propioen gabezia da egiaztatu behar dena, ardura barik familia erantzukizunak dituzun ala ez.
SEPEk errentatzat edo diru-sarreratzat zer jotzen duen eta zer ez jakiteko:
Zenbat irauten du?
Gehienez, 18 hilabetez jaso ahal da.
Subsidioa hiru hilabeterako aitortuko zaizu eta, hiru hilabete horiek pasaturik, luzapena edo “prorroga” eskatu beharko duzu. 15 egun dauzkazu luzapena eskatzeko. Beranduago eskatuko bazenu, ez litzateke penalizazio edo zigorrik egongo, baina, hori bai, luzapena eskatu duzun egunetik aurrera aitortuko zaizu (honek esan nahi du denbora bat egon zaitezkeela ezer kobratu barik). Edozein kasutan, luzapena eskatzeko, gehienez, sei hilabeteko epea daukazu.
Zenbat jasotzen da?
Erreforma baino lehen, langabeziagatiko subsidio guztien kasuan IPREMaren %80 kobratzen zen, subsidioak irauten zuen denbora osoan zehar. Hau aldatu da; orain, subsidio gehienen kasuan, hemen jorratzen ari garena barne, zenbateko handiagoak jasoko dira lehen hilabeteetan eta, modu mailakatu batean, jaisten joango dira IPREMaren %80ra arte.
— Lehen 180 egunetan: IPREMaren %95 (570€)
— 181. egunetik 360. egunera: IPREMaren %90 (540€)
— 361. egunetik aurrera: IPREMaren %80 (480€)
Bestela esanda, lehen sei hilabeteetan 570 euro jasoko ditugu, hurrengo sei hilabeteetan 540€ eta, hortik aurrera, 480€ subsidioaren iraupena amaitu arte (zenbateko hauek 2024. urteari dagozkio).
Zein da eskatzeko epea?
Sei hilabete dauzkazu subsidioa eskatzeko, Estatura itzuli zinenetik:
- Estatura itzuli eta hurrengo 15 egunetan (15 egun baliodunetan) eskatzen baduzu, subsidioa lehen egunetik onartuko zaizu. Honek esan nahi du, SEPEk itzuli zinenetik pasatu diren egunak ordainduko dizkizula edo, bestela esanda, momentu horretatik pasatu diren egun guztiak lehen ordainketan jasoko dituzula.
- Subsidioa beranduago eskatzen baduzu ere, jaso egingo duzu, baina eskubidea jaioko da eskaera egin duzun egunetik aurrera. Ez dago penalizaziorik, subsidioaren egunik ez da kontsumituko eta dagozkizun hilabeteak jasoko dituzu, baina eskaera egin zenuen momentutik aurrera.
Aipatutako sei hilabeteak pasatzen badira, subsidioa ukatuko zaizu. Hala ere, badago salbuespen bat: sei hilabete horietako epea amaitzen denean, azken egunean lan egiten bazeunde (edo aldi baterako ezintasunagatiko prestazioa jasotzen edo gurasotasun prestazio jasotzen), eskaera egiteko epea 15 egunez luzatuko da. 15 egun hauek lana galdu duzun edo prestazioa agortu duzun momentutik hasiko dira zenbatzen. Gogoratu lana galdu behar izan duzula eta ezin izan duzula zuk utzi, subsidioa jasotzeko, langabezia-egoera legalean egon behar zarelako:
Dokumentazioa
— Eskaera-orria
HEMENDIK jaitsi ahal duzu eskaera-orri ofiziala. Bertan erantzukizunpeko adierazpena ere bete ahal izango duzu, errenten gabezia egiaztatzeko. Nahikoa da zure diru-sarrerak eta, familia erantzukizunak izanez gero, zure senideenenak ere hor islatzea. Administrazioak, gerora, konprobatu egingo ditu.
— Identifikazio dokumentuak (ez da kopiarik behar, erakutsi baino ez duzu egin beharko): NAN, TIE edo Europako Batasuneko herritarren erregistroaren ziurtagiria. Familia erantzukizunak badauzkazu, senide horien identifikazio dokumentuak ere erakutsi beharko dituzu.
— Zure kontu korrontea islatzen duen bankuaren edozein dokumentu (subsidioa jasotzeko kontu korrontea eman behar duzu, dirua bertan sar diezazuten).
— Azken urteko PFEZ aitorpena (errenta aitorpena).
— Itzulitako migranteen egiaztagiria. Egiaztagiri honetaz gehiago jakin nahi baduzu, bota begirada bat hurrengo artikuluari:
Eskaera
- Aurrez aurre
Horra hor SEPEren egoitzak:
— ARABA
— BIZKAIA
— GIPUZKOA
— NAFARROA
Gogoratu aldez aurretik hitzordua eskatu behar duzula derrigor. Hau internetez egin ahal duzu, ORRIALDE HONETATIK edo telefonoz: 91 926 79 70
- Online
Subsidioa online ere eskatu ahal duzu, ORRIALDE HONETATIK.
Edozein zalantza daukazula, SEPEk arreta eta informazio telefonikorako zenbaki berria dauka martxan: 060
Azken albiste, abisu eta eguneraketak mugikorrean jaso ahal dituzu zuzenean!
Harpidetu gure telegram kanalera eta izan Bizilankidea!