Lanerako itzulera gatazkatsua
Lanerako itzulera gatazkatsua –
Jokin Sagarzazuk berrian
Greba mugagabean daude Gipuzkoako Aldundiko garbitzaileak eta Irizar konpainiako langileak.
Gatazkatsua izaten ari da oporraldiaren osteko lanerako itzulera. Sektore eta enpresa batzuetan lanuzteak hasi dituzte, eta beste batzuetan iragarri dute aurki bide bera hartuko dutela. Udaberri beroa espero da, lan itun gehienak berritu gabe daudelako eta kasu askotan negoziazioek blokeatuta daudelako oraindik. Haizea ere ez dute alde: inflazio handia asko zailtzen ari da akordioak lortzea. Soldatak KPIra —%6,5, iazko abenduan— egokitzeko eskatzen ari dira sindikatuak; enpresek, aldiz, ezin dutela diote, produkzio kostuen igoeragatik. Hala ere, zenbait kasutan, ados jarri dira. Hala gertatu da Orozkoko (Bizkaia) Artiachen. 150 eguneko grebaren ostean, akordioa egin zuten ostiralean. ELAk eta LABek, baina, ez dute babestu, soldata igoera jaso arren, KPIaren azpitik dagoelako. Besteak beste, sektore hauetan ari dira protestan.
GARBITZAILEAK
Gipuzkoako Foru Aldundiaren bulegoak garbitzen dituzten langileek atzo ekin zioten bi asteko grebari, eta Bizkaiko erakunde eta enpresetako bulegoetan lan egiten dutenek gaur eta bihar egingo dituzte lanuzteak, eta beste hiru egun maiatzean: 10ean, 11n eta 12an. GFAren bulegoetan dihardutenek enpresa ituna ari dira negoziatzen, Eulenekin; Bizkaikoek, lurralde ituna, patronalarekin.
Gipuzkoan, iazko maiatzetik ari dira hizketan. Otsailean lau greba egun egin zituzten, baina, ELAk, LABek eta ESK-k salatu dutenez, enpresak ez du jarrera aldatu: proposatu die %1,5eko soldata igoera aurten eta %1,75ekoa 2023an. Sindikatuek aldundiak duen erantzukizuna nabarmendu dute, bera delako azpikontratutako zerbitzuaren «azken arduraduna», baina salatu dute ez duela negoziazioan esku hartu nahi, ez bada «presioa egiteko». Era berean, salatu dute Eulenek grebarako eskubidea urratzen ari dela, grebalariak ordezkatuz.
Sindikatuek garbitzaileen sektorean dagoen soldata arrakala desagerrarazteko egiten ari diren borrokaren barruan kokatu dituzte Gipuzkoako eta Bizkaiko protestak. Batean zein bestean, aldarrikapen nagusia da baldintzak parekatu behar direla kaleak garbitzen dituztenekin. Hor gizonak aritzen dira nagusiki, eta arrakala %45ekoa da zenbait kasutan. Bizkaiko bulego garbitzaileen urteroko soldata ez da 16.000 euro gordinera iristen. Urtebete luze daramate negoziatzen eta patronalek martxoaren amaieran eginiko eskaintzan %4,5eko igoera proposatu zien.
IRIZAR
Autobusak ekoizten dituen Irizar kooperatiban ere lanerako itzulera gatazkatsua izan zuten atzo. Adunako (Gipuzkoa) plantan aritzen diren 300 langileek greba mugagabea hasi dute. LABek azaldu duenez, lau hilabete daramatzate negoziatzen, baina zuzendaritzak entzungor egin die eskaerei: besteak beste, lan beragatik soldata bera jasotzea, lana eta bizitza uztartzeko neurriak hobetzea, Gipuzkoako metalgintzako hitzarmena osorik betetzea eta kanpoan lan egiteko lan baldintzak duintzea.
Halaber, Irizar taldeko Alconza enpresan (Berango, Bizkaia,) otsailean hasitako greba mugagabearekin segitzen dute. Atzo, 57. eguna zuten, eta, goizean, Ertzaintza enpresaren atarian zeuden grebalariei oldartu zitzaien. LABek azaldu duenez, zenbait pertsona anbulantzia batean artatu behar izan zituzten. Azken asteotan, 25 langile kaleratu dituzte, eta horiek berriz hartzeko eskatzen ari dira. Enpresa geldituta egon da, baina atzo berriz zabaldu zuten, sindikatuak salatu duenez, grebarekin bat egin ez duten langileak erabilita.
MERKATARITZA
Hiru greba egun egingo dituzte Bizkaiko merkataritzan, apirilaren 29an eta maiatzaren 6an eta 13an. Ehungintzako, merkataritza orokorreko eta larrugintza eta oinetakogintzako hitzarmenak berritu gabe daude 2015, 2018 eta 2007tik, hurrenez hurren. Besteak beste, KPIaren gaineko soldata igoerak eskatu dituzte, eta aurreko urteetako atzerapenak ordaintzeko. Lanaldi partzialeko kontratuetarako lanaldia finkatzea galdegin dute eta lanaldi murrizketak transformazio digitala egiten ari diren enpresetan.
AUTOESKOLAK
Bizkaiko autoeskoletan beste astebetez luzatuko dituzte lanuzteak, ostiralera arte. ELAk gogoratu duenez, ekainean hasi zituzten mobilizazioak, eta 39 greba egun egin dituzte. «Soldata duinak» eskatzen ari dira; batez beste, 15.000 euro ingurukoa da urtean. Sektoreak 400 langile inguru ditu.