Landa-eremuaren eta mendiaren industrializazioa

Landa-eremuaren eta mendiaren industrializazioa – 

Azken egunotan hainbat menditan aerosorgailuak jartzeko asmoek duten oinarrizko adostasunak galderak, kezkak eta beldurrak sortzen dizkit. Denak batera, eta agian nahasian.

Hasteko, galdera xume bezain oinarrizko bat, mendian bizi den honentzat: Zer funtzio betetzen du landa-eremuak egungo erabaki estrategikoetan? Nik esango nuke, politikagintzan diharduenen begiradan, lau funtzio dituela, nagusiki, hurrenez hurren:

  • Ingurune urbanoan nahi ez diren azpiegiturak kokatzeko espazioa–zabortegiak, erraustegiak, industrialdeak…–
  • Ingurune urbanoak bere funtzionamendua ziurtatzeko behar dituenak eraikitzeko lekua–errepide/autopistak, AHT, goi-tentsioko lineak…–
  • Ingurune urbanoan bizi direnentzako aisialdirako lekua -turismoa, kirola, bigarren etxebizitzak…–
  • Pertsonentzako elikadura sortzea

Lehendabiziko bi funtzioak, gehienetan, batera doaz, eta kapitalismoa asetzeko beharra dago horien atzean. Aisialdirako funtzioaren oinarria guztiz ulergarria da: denok behar dugu natur espazioarekiko harremana, behar dugu sentitu lurra bere espresio guztietan. Oinarrizkoa izan arren, zenbaitetan, batzuek etekina atera nahi diete hiritarrari eta landa-eremuari, edozein modutan eta ondorioak kaltegarriak izanagatik. Elikaduraren funtzioa apenas ez da aintzat hartzen, nahiz eta denok jan behar dugun; eta erabaki-guneetan interesa pizten duenean. Zoritxarrez, askotan, landa-eremuaren berezko eginkizunari erreparatzen zaionean ere ustiatzeko joera hori ez da desagertzen; eta lurra, animaliak eta pertsonak zukutu egiten dira, inongo erreparorik gabe.

Hain zuzen ere, ikuspegi estraktibista horrek dakar, ezinbestean, landa-eremuan bizi garenon ikusezintasuna. Gure bizilekua ustiatzeko lekua da, beti hiriari begira eta ekonomia jakin bat elikatzeko. Hirian eta hiritik hartzen dira erabakiak, boterea han dago. Dena handik eta harako antolatzen da, eta sailak eta departamenduak izendatu arren, hemengo biztanleok jarraitzen dugu zerbitzu gutxiago izaten; eta oinarrizkoak direnetara heltzeko ere, zailtasunak; are gehiago erregaien prezioak kontuan hartuta. Zer esan baserri isolatuetan bizi garenon egoeraz… Ikusezinak gara askorentzat, espazio guztiz despertsonalizatua da landa-eremua hiriarentzat. Hasi kirol-probak antolatzen direnean eta buka goi-tentsioko lineak edota aerosorgailuak jarri direnean.

Hori horrela izan arren, herri txikietako eta mendietako biztanleok gure espazioaren jabe egin behar dugu, landako eta mendiko begiradatik, eta politikarien eta instituzioen aurrean ozen esan hemen bizi garela –bizi bere zentzu zabalenean- eta industrializatu nahi dituzten mendi horiek gure herri, baserri eta bizitzen parte direla. Badugu espazio hau babesteko ardura, interes ekonomiko partikularren gainetik. Publikoa dena herriarena dela entzun behar dute: ezin da poltsiko pribatuetara bideratu. Jaso genituen lurra eta mendia ez dira orube; eta ez gureak soilik, gure ondoren izango direnena ere badira, eta zortea badute, aukera izango dute bertatik jateko haiek eta euren komunitateak.

Landa-eremua eta mendiaren industrializatzeko gogo horri muga jarri beharko diogu, elkarrekin, herritarrek eta mendikook, denon hobe beharrez. Mendiaren industrializazio hori zuritzeko erabiltzen diren berriztagarri eta jasangarri hitzen benetako esanahia mahai gainean jarri beharko ditugu, berriro. Energiaz ari garela, hiztegiak dio:

  • Berriztagarri: Ia agortezina den natur-baliabide batetik datorrena.
  • Jasangarri: Ekologian eta ekonomian bereziki, denbora luzez mantendu ahal dena, baliabideak agortu gabe edo ingurunean kalte larria sortu gabe.

Izan ere, mendiak aerosorgailuz jostea ez da ez berriztagarria ez jasangarria. Planteatzen ari den eran ez, inondik ere. Izan enpresa pribatua ala publikoa izan. Esan dezaten bestela, zer egingo duten, hemendik 25 urtera, gailu horien bizitza agortzen denean, mendiak lehengoratzeko. Zer egingo eraikiko diren pistekin, zer egingo lur azpiko kable-sarearekin, zer elektrizitate hori jasoko duen azpi-estazioarekin. Gakoa ereduan dagoela esango nuke.

Eredu aldaketa ezin da geratu gailuak ordezkatze huts batean. Ekologikoan lan egitea zereala eta bazka ekologikoa ematera mugatzen ez den bezala. Baserri baten sistema osoak aldatu behar du: hasi tamainatik -animalia kopurua…- eta segi lurraren eta animalien maneiuarekin, salmenta ereduarekin… Hau da, buruan egin behar dugu aldaketa, eta hori hedatu etxalde osora, jakin baitakigu azaleko aldaketek eraginkortasunik ez dutela eta maiz arazo iturri direla.

Gaira itzulita, izan dadila dugun egoera sistema osoa birpentsatu eta aldatzeko, errotik. Abia gaitezen hemendik: mendiari eta landa-eremuari metro bat gehiago kendu ez. Ezer industrializatu baino lehen, has daitezen analizatzen, zintzoki, jada eraikita dagoen horretan zer egin pertsonen bizitza kontuan hartuta. Neur dezagun zenbat kilowatt behar diren, baserriz baserri, atariz atari, enpresaz enpresa, eta muga dezagun kontsumoa dagoen egoerara. Har dezaten aintzat desazkundea, beldurrik gabe, horrek ez baitu esan nahi gaizki bizitzea, baizik eta zentzuz eta ez mugez gaindi. Ezin dugu, azken finean, erokeria honekin jarraitu eta geratzen zaigun eremu natural apurra industrializatu.

Aldi berean, komunitatean landa-eremuak duen funtzioa birpentsatu egin behar da. Espazio hau ezin da izan inork nahi ez duenaren edukiontzia. Hemen bizitza dago, baita pertsonena ere. Jada ekarpena egiten diogu gure komunitateari, funtsezkoa, gainera. Janaria sortzen dugu eta horren bitartez zaintzen dugu mendia. Bestelako ekarpenik egin behar badiogu komunitateari, zentzuzkoa izan dadila eta ondorengoengan pentsatuta. Hitz egin dezagun berdinetik berdinera, agintekeriarik gabe eta errespetuz.

Landa-eremuaren eta mendiaren industrializazioa

PIKUNIETATIK HAUSNARREAN

3 pentsamendu “Landa-eremuaren eta mendiaren industrializazioa”-ri buruz

  • Arazoa kontsumoan datza. Gaur egungo gure gizarte zoro honetan, kontsumitzen duzun araberako balioa duzu. Eta kontsumo zoro honek energiaren beharra dakar. Edo errotik gizakia (mundu mailan) aldatzen du, edo planeta berak espezie moduan desagerraraziko gaitu.

  • Artikuluko ideiak erakargarriak dira, baina arazoa zenbakitara jotzean ikuste dut nik, eta zenbakirik gabe ideiak ezin zaizkio errealitateari lotu.
    20.000 km2 dituen herrialde batean 3 miloi biztanle bizi gara. Kontsumitzen dugun energiaren %90 inguru inportatutakoa da. EAEn kontsumitzen den energiaren %10 soilik da berriztagarria…
    Bat nator deshazkundea beharrezkoa denarekin, baina bizi baldintza duinak mantenduz energia kontsumoa %90 deshaz daitekeela pentsatzea gehiegitxo da, ezta? Ala EHtik jendea kanporatzea planteatzen da? Tubacex, Mercedes, Volkswagen… zein itxiko dugu? Denak? Zertaz biziko dira han lan egiten duten langileak? Eta haien familiak?…
    Artikuluan aipatzen den utopiaruntz joan beharko genuke, baina bidea dramatikoa izatea nahi ez badugu, epe luzeko trantsizioa izan beharko du, eta gaur, bihar eta etzi zenbat energia eta nolakoa behar dugun aztertu behar dugu eta horri irtenbidea eman.
    Utopiara joateko zuhaitzek eguzkirantz bezala egin behar dugu, oinak/sustraiak lurrean ditugula, gainerakoan amets hutsa besterik ez da eta.
    Datuak:
    https://www.gaindegia.eus/eu/euskal-herriko-energia-kontsumoa
    https://www.eustat.eus/elementos/ele0000000/consumo-final-de-energia-de-la-ca-de-euskadi-por-tipos-de-energia-ktep/tbl0000066_c.html

  • Beñat Castorene 2022-09-23 11:30

    Orokorrean zurekin ados MIE baita Tximinorekin ere. Seguraz ere usaian bezala arazoek bultzatuko gaituzte ekitera.
    Adibidez MIE aipatzen ditutzun enpresa famatu horietarik bi dira alemanak eta automoziokoak. Ba hor bada erne egoiteko arrazoirik. Automozioa asko eraldatuko da kuantitatez eta kalitatez. Alemania oso industrialisatua izanki arrisku serioa dago beharbada — ezdakit norainokoa– Alemanek enpresa horiek berrerriratu nahi izaitea beren herriko lanpostuak mantentzeko. Tubacexi dagokionez erregai fossilen ustiaketak asko eragiten du beharbada eta beraz…