Lanbide karrera, Troiako zaldia Hezkuntza Publikoan

Lanbide karrera, Troiako zaldia Hezkuntza Publikoan –

Zerbitzu publikoetako langileen erosahalmena behera doa gero eta gehiago eta, maiz, aringarri gisa aurkezten zaigu lanbide karrera, etengabe handitzen den pobretzearen gozagarri. Hego Euskal Herrian lanbide karrera administrazioetako sektore batzuetan ezarri da, baina ez Nafarroa Garaiko eta EAEko hezkuntza publikoan.

Askotan, lanbide karrera aparteko gradutzat edo seiurtekotzat saldu zaigu, aise betetzen dena ustez baina, hezkuntza publikoaren esparruan, egoera oso bestelakoa izan daiteke, Hezkuntza Ministerioak ezarriko baititu baldintzak eta, finean, autonomietako administrazioei tarte txikia utziko baitie ezartzeko eta garatzeko.

2024. urtearen bukaeran, Hezkuntza Ministerioak irakaskuntzako lanbide gaitasunen esparrua aurkeztu zuen. Esparru horrek 154 orrialde ditu, bilduta 4 arlotan, 12 gaitasunetan, 53 deskribatzailetan eta, guztira, 212 adierazletan. Gainera, progresio-maila batzuek aukera ematen dute gaitasunen garapen eta menderatze maila ebaluatzeko. Zenbait etapa aurkezten dira, eta horietatik igaroko dira irakasleak lanbide karreraren puntu gorenera iritsi arte. Ez da deus esaten eritasun larriak nahiz zaintza baimenak dituzten, edo prestakuntza egin ezin duten langileentzako ondorioei buruz eta, hala, are gehiago handitzen da genero arrakala.

Irakasleen segmentazioak sortuko ditu ezberdintasunak lan baldintzetan, eta jasotzen diren soldatetan islatuko dira. Besteak beste, hezkuntzako MIR moduko bat ezarri nahi da. Bertan, irakasleek gaur egungoa baino soldata nabarmen txikiagoa kobratuko lukete urte batzuetan; soldata igo eginen litzateke erakusten duten “jardunaren” arabera. Ez dago argi nor arduratuko den aipatu jardunaren ebaluazioaz, baina, ikuskari gutxi dagoenez, badirudi zuzendaritzek hartuko dutela zeregin hori.

Horrela, irakasleen hierarkizazioa eta banaketa sustatzen dira, erabiliz klaustroaren zati bat pizgarri ekonomikoekin saritzeko ebaluazioa. Lanbide karreraren eredu horretan jasotako neurri batzuk lehen Katalunian ezarri dira, eta ondorio tamalgarriak izan dituzte 2009an sartu zirenetik. Ikastetxeetan irakasle gehienek adostu gabeko dinamikak gauzatzen dira, baina isiltasunaren legea inposatzen da ebaluazio negatiboaren beldur, horrek esan nahi baitezake ikastetxe batean interino gisa ez jarraitzea, edo nahitaez lekualdatzea, funtzionarioen lanpostuen profilean aldaketa diskrezionalen ondorioz.

Gainera, lanbide karrera “borondatezkoa” denez, erabat murrizten da hura “nahierara” eskuratu duenaren protesta gaitasuna, eta ez du beste erremediorik, lan gainzama guztia txintik atera gabe onartzea baizik. Amu bat da arreta desbideratzeko, langileen erosahalmena berreskuratzeko aldarrikapena bazterrean uzteko. Eskuineko indar politikoek sustatzen dute, badakitelako merkeago ateratzen zaiela, eta irakasleen kolektiboa banatzen dutela.

STEILASek beti defendatu du soldata berdintasuna, langileen arteko lankidetza eta ikastetxeen kudeaketa demokratikoa. Soldata eskubide bat da, ez sari bat eta, beraz, ez dugu onartuko Troiako zaldi bat, bultzatzeko langileen zatiketa, pobretzea eta lan gainzama.

Raul Lopez Ekai
Ane Apezetxea Gorrotxategi
STEILAS sindikatuaren izenean

Lanbide karrera, Troiako zaldia Hezkuntza Publikoan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude