Lan-mundua euskalduntzeko ibilbide-orria aurkeztu du Kontseiluak
Duela urte eta erdi lan-munduko aholkularitzen sektorea osatzen duten bazkideekin lan munduaren euskalduntzeari buruzko diagnosia eta etorkizuneko erronkak definitu zituen Kontseiluak. “Halere, oso argi genuen lan munduaren euskalduntzean beste aktore batzuen eskuhartzea beharrezkoa zela eta horrexegatik, azken urtean aktore eta eragile horiei guztiei gure irakurketa helarazi diegu haien ekarpenak egin ditzaten” azaldu du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.
Gaur aktore horien guztien iritziak Konferentzian izan dira; sindikatuak, enpresariak, kontsumitzaileak eta administrazioak. “Lan munduaren euskalduntzean zeresana duten guztiak foro honetara ekarri nahi izan ditugu eta partehartzea kontuan hartuta, arrakastatsua izan dela ondoriozta dezakegu” adierazi du Bilbaok. Izan ere, partehartzea oso zabala izan da: alde batetik eragile garrantzitsuen ekarpenak jaso direlako, hala nola hiru aldundienak, Eusko Jaurlaritzarenak, CCOO, ELA eta LAB sindikatuenak, EKA kontsumitzaile elkartearenak edota hainbat enpresarenak (EIKA, MAPSA, CEGASA, IMH, GSR, ELAY, ORKLI, CIKAUTXO, MCC…) eta bestetik hainbat enpresatako ordezkariak Konferentziara bertaratu direlako (Ulma, Metro Bilbao, Kutxa Fundazioa, Erkide, Fagor, Electra Vitoria, Eusko Tren, Goizper, CAF, Izfe…).
Horrekin batera, Kataluniako Generalitat-eko Joan Ramon Solé i Durany-ren eskutik kanpoko esperientzia bat partekatzeko aukera ere izan dute Arrasaten. “Oso interesgarria dira Generalitat-ek eremu soziekonomikoan katalanaren erabilera sustatzeko baliatu dituen estrategiak (legeria, sustapena, kontratazio-politikak, hizkuntza-klausulak…) bai eta estrategia horien bidez lortutako emaitzak ere. Hemengo administrazioek badute zer ikasi” gaineratu du Kontseiluko ordezkariak.
Horrekin batera, Kontseiluak gaurko Konferentzia, lan mundua euskalduntzeko prestatu duen ekarpena aurkezteko baliatu nahi izan du: “Aurrera begira enpresek, administrazioek, kontsumitzaileek eta sindikatuek jarraitu beharreko gida-lerroak jasotzen ditu gure ekarpenak; gida-lerro hauek jarraituz, guztion artean, lan mundua euskaldunduko dugu” iragarri du Bilbaok.
Enpresei dagokiena
Beharrezkoa da enpresek euren hizkuntza-politika propioa lantzea eta adostea. Horren baitan, langileei ordutegi eta egutegi aldetik erraztasunak eskainiko dizkiete euskaraz lan egiteko gaitasuna eskura dezaten. Aldi berean, enpresei dagokie euren bezeroekin eta langileekin dituzten hartu-eman guztiak euskaraz garatu ahal izateko baldintzak bermatzea. Horretarako, helburu, neurri, epe eta bitarteko zehatzak dituzten prozesuak garatu beharko dituzte.
Langileei dagokiena
Langile guztiek euskaraz lan egiteko eskubidea gauzatu dezaten, ezinbestekoa da lehen-lehenik lankide guztien euskalduntzea. Bide horretan beharrezkoa da sindikatu edo langileen ordezkariek sektoreka edota enpresekin negoziatzen dituzten lan-hitzarmenetan lan-jarduera euskaraz garatzeko neuriiak jasotzea.
Bezeroei dagokiena
Kontsumitzeko moduak bizi kalitatea hobetzen eta mundu justuago bat bultzatzen lagun dezake. Horrela, beharrezkoa da, herritarrek kontsumo arduratsua garatzea eta hizkuntzekin ere gizarte-erantzukizunez jokatzen duten enpresak lehenestea. Kontsumo-ohiturez harago, kontsumitzaileek enpresei hauek eskaintzen dituzten produktu edo zerbitzuak euskaraz jaso nahi dituztela azaltzeko bideak jorratu behar dira.
Administrazioei dagokiena
Administrazioei dagokio herritarren eskubideen bermatzailea izatea, bai eta bide horretan eredugarri izatea ere. Horrela, langileen euskaraz lan egiteko eskubidea, enpresen euskaraz saltzeko eskubidea eta kontsumitzaileen euskaraz erosteko eskubidea bermatzea izango dute zeregin nagusia. Horretarako, hizkuntza-politika berri eragingarria garatu behar dute. Hizkuntza-politika honek bi jardunbide garatu beharko ditu modu koordinatu eta eraginkorrean: diru-laguntza bidezko sustapen-bidea eta corpus juridikoa garatuz jorratu beharreko arau-bidea. Biak ala biak dira beharrezkoak eta eraginkortu beharrekoak gaur-gaurkoz. Administrazioei eredugarri izatea ere badagokienez, bide horretan bere zeregin nagusia barne euskalduntze prozesua albait arinen burutzea eta kanpo kontratazioetarako hizkuntza-klausulak jartzea izango da.
Amaitzeko, Kontseiluko ordezkariak euskalgintzak lan munduaren euskalduntze prozesuan erantzukizunez jokatzeko konpromisoa hartuko duela adierazi du. “Eskua luzatzen diegu adierazpen honetan jaso diren korapilo nagusiei erantzuteko prestutasuna adierazten duten eragile guztiei. Euskalgintzaren aldetik behar duten lankidetza eta babesa izango dutela jakinarazi nahi diegu. Horrekin batera, lan munduaren euskalduntzean euskalgintzak berak eredugarri izateko eta horretarako neurriak hartzeko konpromisoa adierazi nahi dugu” gaineratu du Kontseiluko ordezkariak.