Lan istripuen kontrako protokolo intersindikala aurkeztu dugu Ipar Euskal Herrirako
Lan istripuen kontrako protokolo intersindikala –
LAB, CGT, FSU eta Solidaires sindikatuok Ipar Euskal Herrian lan istripuei aurre egiteko lehen protokoloa publiko egin dugu, Donibane Lohitzunen egindako agerraldian.
Lau sindikatuok hainbat mobilizazio antolatu ditugu azken 3 urte hauetan heriozko lan istripu bakoitza salatzeko. Guretzat ezinbestekoa da agerian uztea hain oihartzun gutti duten lan istripu guzi horiek. Arruntak, larriak, oso larriak edota hilkorrak izan, lan istripuak ezin ditugu ohiko bilakarazi.
Azken urteetan mobilizatu gira hilak eragin dituzten lan istripuen aitzinean, nahiz eta jakin beste hainbat istripu oharkabean pasatzen direla.
Hortaz gure protokoloa Donibane Lohitzuneko Prado jatetxearen aitzinean aurkeztea erabaki dugu. Izan ere, duela justu lau urte, hiru langile larriki erreak izan ziren bertan. Aurtengo apirilaren 9an, hau da lau urte berantago, garaiko enpresaburua eginbeharrak ez betetzeagatik kondenatua izan dela jakin dugu, nahiz eta ia inork horren berri ez izan.
Protokolo honen bitartez ahal bezain bat langileentzat tresna eskuragarri bat sortu nahi dugu enpresetara modu pedagogikoan iritsi ahal izateko. Lan istripuen aitzinean erantzunak automatizatzea eraginkortasunean lagungarri izan daitekeela pentsatzen dugu. Intersindikalean eginez gero, denbora aurreztu eta lan istripuen aitzinean erantzun egokia emateko parada emango digu.
Hitz guttitan laburbiltzeko, protokoloak lan istripuak agerian jartzeko edo ikusgai izaiteko parada emango digu larrienak eta heriotza dakartenak salatuz. Entrepresetan lan istripuak ekiditzeko asmoz langileak sentsibilizatu nahi ditugu eta bide batez langile eta sindikatuen arteko harremanak sortu edo sendotu.
Hemendik aurrera lau sindikatuok protokolo hau banatzen hasiko gira gure delegatu zein gure sindikatuetatik kanpo diren delegatuei. Langileei dei berezia egiten diegu alde batetik protokoloa irakurri eta barneratu dezaten, bestalde haien enpresan lan istripu baten aitzinean isolaturik izanez gero, gurekin harremanetan jartzea ere eskatzen diegu.
Azpimarratu nahiko genuke dokumentu hau dokumentu ireki bat dela eta beste sindikatuak juntatzeko aukera dutela nahi izanez gero. Hobetzeko eta garatzeko aukera eman behar diogu protokolo honi.