Lagun ikusezinak

Gabonetan lagun ikusezinek inguratzen gaituzte, berdin lanean, koadrilan, gimnasioan, batzokian edo herriko tabernan. Lema lizuneko kamisetak, kamasutra mahai-jokoak edo poker karta-sortak elkar trukatzen ditugu, jasotzen ditugunetako asko eta asko zuzenean zakarrontzira doazen arren, eta oparitzen ditugun gehienak ere antzeratsu. Hala ere, azkenerako lagun ikusezinak, askotan ezezagunak, pilatu egiten zaizkigu, loteria elkar trukatzearena bezain burugabea den, baina sikieran merkeago ateratzen zaigun erritualean.

Aurten, baina, badirudi lagunak ez direla ikusezina izango den gauza bakarra. GKE batek telebistan berriki zabaldu duen iragarkian ama batek  hurrengo jokoa proposatzen dio bere alabatxoari: ogitartekoa ematen dio, dena ogi dena, eta jokoaren funts ankerra da alabak irudikatu behar duela ogi artean badagoela  txorizoa edo txokolatea, esaterako, amak malkoak xurgatzen dituen bitartean, amorruz.  Iragarkiaren helburua umeen artean pobreziak izan duen hazkundeaz ohartaraztea da. Halako zerbait egin beharko dute argia edo berogailua ordaindu ezin dutenek ere, etxean goxo bero daudela irudikatu, eta ez hotzez akabatzen. Baina irudikatzeaz ari garela, eta lagun ikusezinez, begitantzen zait badagoela honen guztiaren erantzule diren lagun ikusezinentzat opari ezin aproposagoa: gillotina. Evaristok esana, amen jauna. Zorionak eta urte barri on!

 

 

 

MARTITZENA 13