Laborantza agroekologikoaren irakaskuntzaz
Laborantza agroekologikoaren irakaskuntzaz –
Urgentzia klimatikoa baita azken 30 urtetan pairatu diren krisia sanitarioak ikusita, laborantzaren transizio agroekologikoa behar gorria bilakatua da, bai ingurumenarentzat, bai jendarte osoarentzat eta, nolaz ez, laborari guzientzat. Hona zer nolako beharrezko aldakuntzak aintzin ikusten ahal diren.
Laborarigaien formakuntza errotik aldatzen bada, janari produkzioaren berlokalizatzea, enpleguak mantenduz edo sortuz, irabazle izaiten ahalko da. Hortarako formakuntza ildoen finantzazioa segurtatu behar da.
Ez bada hala gertatzen, laborari belaunaldi berriak eta oraitik aldaketa hortan engaiatzen diren laborariak ezingo dira produkzio modelo berri horren aktore sinesgarriak izan. Jakinez gainera hamar urte barne gaurko laborarien %30a erretretan sartua izanen dela.
Agroekologia, funtsezko laborantzako enplegu berrien oinarria izan behar da. Frantses estadoan laborantza sektoreko aktiboak soilik azken 15 urteetan apaldu dira 950.000tarik 710.000tarat eta gainbehera dramatiko horrek segitzen du.
Alta hainbat ikertzaile eta adituek diote laborantza modeloaren urratskako agroekologiarako aldaketa batek guttienez 150.000 enplegu segurta lezazkela, 15 urtez, kate agroalimentario guzian. Logika edo ildo beretik so eginez, azken 5 urte hauetan Laborantza biologikoak 50.000 enplegu sortu ditu Frantzia osoan, baita Ipar Euskal Herrian proportzio oraino haundiagoan.
Modelo berriaren beharra
Laborantzarako eskola edo formakuntza zentroek inperatiboki eskutan izan behar lituzkete ahalmen berri eta zabalagoak ikasle berriak errezebitzeko (izan ikasle, aprendiz baita helduak) beraien misio lehena molde duinean segurtatzeko, lurralde oso baten mesedetan laborantza agroekologikoan oinarritua, izan kokaleku ruralean, urbanoan edo periurbanoan. Jendartearen beharra eta galdea hor da. Orain da erretorika eta sloganetarik haratago joan behar. Lehentasunak jarri behar dira berriz laborari sektore ezberdinak hobekiago eta duinki beren eguneroko lanaz ordainduak izaiteko, jendarteko beste hainbat lan sektore bezala. Deus gehiago bainan deus ez guttiago. Lurraren izenean, denbora kondatua da, mugatua da. Agroekologian oinarrituz, laborari “berri” horiek lehen betebeharra izan behar lukete beraien ondare amankomuna transmititzea ondoko belaunaldieri. Alabainan modelo berri hori errexkiago transmititu litaike gauregungo hainbat modelo industrializatu baino bederen.
Laborantza modelo alternatibo hori funtsean jadanik martxan da hainbat tokitan. Laborantza hori herrikoia eta bere lurraldeari egokitua da, iraunkorra da, kalitatezkoa eta ezin deslokalizatua. Kontsumitzailearekin hurbiltasunezko harremana indartzen du eta tokiko elkartasun sarea indartzen du, “Herriko” bizia bultzatuz.
Laborantza modelo alternatiboa funtsean
jadanik martxan da hainbat tokitan.
Laborantza hori herrikoia eta bere lurraldeari egokitua da,
iraunkorra da, kalitatezkoa eta ezin deslokalizatua.
Laborariek, beste edozoin kategoria sozialek baino gehiago agian biosferaren baitezpadako orekan aktore dira edo izan behar lukete. Hortarako jendarte osoaren ulermena eta sustengua segurtatu edo berreskuratu behar dute. Horrek eskatzen du proiektu politiko global baten aktibatzea. Alabainan laborantza iraunkorra, herrikoia eta kalitatezkoa, hurbileko aterabidea litaike desorden global bati begira.
Urgentzia identifikatua da
Biharko laborantza etikoa izanen da, edo ez da izanen! Biharko laborantza sinesgarria izaitekotan herritarren oinarrizko galdeeri erantzuteko gai izanen da, ekosistemen errespetagarri, kabale guzien zaintzale, aldaketa klimatikoari erantzun efikaza bilatuko diona eta azkenik lurralde jakin bati egokitua izan beharko zaiona.
Laborantza modelo berritu bat, nun laborariak harro izanen diren elikadura kalitatezkoa eta segurua eskeintzea kontsumitzaileari ingurumen zaindu batean.
Urgentzia identifikatua dugu argiki. Araberako erabaki politikoak hartzeko tenorea da. Alta, ez goaz bide onetik, laborantzarako eskola edo formakuntza eskema aldetik. 2020 urterako frantses gobernuko finantza lege proiektuak erakasle postuen apaltze eta gainbehera lanjerosa baieztatzekotan da. 2018tik, argiki gainbehera hori ikusten ari gira. Ordu da alta Pariseko Legebiltzarrak eta Senatuak finantzaketa publikoa segurtatzea eta indartzea laborari berriak instalatzeko, hauen etxaldeen autonomia eta balore gehitua segurtatuz, lotura sozialean oinarrituz. Laborantzarako erakaskuntza publikoari ahalmen ainitzez gehiago eman behar zaio, egiazki nahi bada modelo agroekologiko edota biologiko bat suspertu.
Ahoa beteka hitz ederrekin ibiltzeak finitu behar du orain. Hitzez haratago, ekintzak, plangintzak eta diru publiko gehiago ezarri behar dira mahain gainean.
Gisa hortako dei publikoa zabaldu dugu duela gutti Akitania Berriko Eskualde Kontseiluko hainbat ezkerreko hautetsik. Joan den buruileko sartzetik laborantzarako eskola edo formakuntza ezberdinetako ikasle kopurua berriz goiti abiaturik, uste apala dugu gure aldarrikapenak funtsa baduela eta interes orokorrari erantzuten diola. Hala izan bedi.