LABek uste du Eusko Jaurlaritzak ateratako zahar egoitzen dekretu berria ez dela nahikoa sektorean dauden beharrak asetzeko

LABek uste du Eusko Jaurlaritzak ateratako zahar egoitzen dekretu berria ez dela nahikoa sektorean dauden beharrak asetzeko –

Azterketa sakonago bat egiteko beharrean egonik ere, sindikatuak argi adierazi du beste behin ere Eusko Jaurlaritzak alde batera utzi dituela langileen aldarrikapen historikoak.

LABek uste du Eusko Jaurlaritzak ateratako zahar egoitzen dekretu berria ez dela nahikoa sektorean dauden beharrak asetzeko

Planteatzen diren neurriek ez dituzte sektoreko langileen beharrak jasotzen; izan ere, ratioetan egin diren aldaketak ez dira nahikoa izango sektorean gaur egun dauden lan kargak baretzeko. Langile eta egoiliarrei tratu txarrak ematen jarraituko duten ratio batzuk aurrerapen gisa saldu nahi dituztela salatu du LABek. Langile falta ez da konponduko eta lan kargak ez dira gutxituko, horrek dakarren guztiarekin.

Aurrerapen handi gisa saldu nahi dute 50 egoiliarreko langile bat egotea gaueko ratioan; hala ere, 2000. urteaz geroztik, Katalunian jada badago 35 egoiliarreko gaueko langile bat eta eskuragarri egongo den beste bat egotea jasotzen duen ratioa. Gaueko ratioaz gabiltzanean, postura-aldaketez, hezetasun-aldaketez, sendaketez, erortzeko arriskuez… ari gara. Jakina, aipatutako neurria LABen proposamenetik oso urrun dago. Izan ere, sindikatuaren ustez 15 egoiliarreko 2 langile beharrezkoak dira.

Dekretuak, teorikoki, erdigunean jartzen du pertsonengan zentratutako arreta. Zuzeneko arreta hori eman ahal izateko, ezarritako ratioa ez da nahikoa, eta, beraz, sektoreko langileen lan- eta bizi-baldintzek okerrera egingo dute berriro. Pertsonengan zentratutako arretan sakontzeko dekretua hobekuntza arkitektonikoei buruzkoa da, eta langileen lan-baldintzak bigarren mailan uzten ditu.

Dekretuak mugarik gabeko kontratu partzialak ahalbidetzen ditu, hau da, mota honetako kontratuei ez dizkie mugak ezartzen. Bada, ezagun den moduan, sektore honetan milaka langile miseriazko kontratu partzialekin ari dira lanean.

LABek ez du inolako zalantzarik: dekretu honek ez die sektoreko beharrei erantzuten. Egoiliarren beharrak erdigunean kokatzen direla azaltzen dute, eta honekin ere zalantza asko ditu sindikatuak, ez direlako mendekotasunak eta egoitzetan dauden egoiliarren profil anitz guztiak kontutan hartzen.

LABek salatzen du dekretu hau adinekoen egoitzetako pribatizazio-sistemaren aurpegi garbiketa bat dela, eta honek langileengan eta egoiliarrengan dituen ondorio larriak gaitzesten ditu. Dekretu hau langileen eta zaintza- sistema gizatiarrago batean alde inplikatuta eta interesatuta dauden kolektibo eta gizarte-eragileen bizkarrera egin da.

Sindikatuak dekretua sakonki aztertuko du eta ez ditugu mobilizazioak baztertzen.

LABek uste du Eusko Jaurlaritzak ateratako zahar egoitzen dekretu berria ez dela nahikoa sektorean dauden beharrak asetzeko