LABek lantokietan eta kalean mobilizazioarekin bildutako indarra baliatu nahi du instituzioetan politika aldaketak lortzeko
LABek lantokietan eta kalean mobilizazioarekin bildutako indarra baliatu –
Ikasturte hasierako agerraldia egin du LABek gaur Bilbon. Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak helburu nagusi bat jarri dio kurtsoari: langileen lan eta bizi baldintzak hobetzen jarraitzea. Lan baldintzak eta soldatak duintzea eta langileei kalitatezko zerbitzu publikoak ziurtatzea izango dira LABen lehentasunak.
“Bizitza duina bermatzeko langileen aldeko neurriak, adostasunak, akordioak nahi eta behar ditugu eta horretarako, aurtengo ikasturtean, azken urteetan egiten ari garen moduan, ahalik eta dinamika eta borroka sindikal eta sozial gehien, pizten, hauspotzen jarraituko dugu”, adierazi du Aranburuk.
Erreforma eta politika neoliberalek, urte luzez inposatuak izan direnek, aberastasunaren banaketan desoreka, langileen arteko arrakalak, zaintza lanen kolektibizazio eza eta zerbitzu publikoen ahultzea ekarri dute. Hari horretatik tiraka, Aranburuk salatu du orain patronalak topatu duela beste bide bat “langileak zukutzen jarraitzeko eta lan eskubideetan murrizketa berriak inposatzeko”. Absentismoaz aritu da: “Absentismoa kontrolatu behar dela diote. Hau guztiz mespretxagarria da, eta are larriagoa, EAJren Jaurlaritzaren aldetik, marko diskurtsibo hori ontzat ematea”.
“Patronala da absentista, ez baitu prebentzio legea betetzen” salatu du, lan istripuei eta hildako langileei erreferentzia eginez. Lan istripu kopuruak eta hildako kopuruak onartezina izaten jarraitzen du. 39 langile hil dira dagoeneko aurten, azkena, larunbatean. Laneko gaixotasunak “ezkutatu” egiten direla salatu du LABeko bozeramaileak, “patronala lan kostuak murriztu eta enpresen irabaziak handitzeko helburuz dihardute, langileon osasuna bost axola zaie”. Hala, langileak osatu gabe eta gaixorik daudenean ere lanera joan daitezen mutualitate patronalen aldetik enpresek duten laguntza deitoratu du eta hori ere “osasungintza pribatizatzeko bide bat” dela gehitu du.
Borrokarik gabe langileen aldeko neurririk ez dagoela eta, konfrontazioa alboratzeko eskatzen dutenen aurrean ezezko argia eman du Aranburuk: “Bizi dugun garaian, langileoi, sindikatuoi, borrokari uko egiteko eskatzea, prekarizazioa ontzat emateko eskatzea da eta LABek ez du hori inoiz onartuko”. Eta, Cementos Rezolako borroka jarri du adibide gisa, “borrokari esker ari gara trantsizio energetikoaren aitzakian egin nahi den enplegu suntsiketen ondorioak arintzen”.
Borrokaren bidezko beste hainbat lorpen ere ekarri ditu gogora: “Sindikalismo feministaren bidetik zaintza eredua eraldatu beharra mahai gainean jarri dugu, emakumeak ahaldundu eta zaintzako langileek urratsa eman dute, gaur etxeko langileen lan eskubideez hitz egiten da. Edo, intersindikalaren eta Osasun Plataformen borrokari esker, Osakidetzaren gainbehera agerian utzi eta gaia agenda politikoan kokatzea lortu dugu”.
“Presio sindikal eta sozialik gabe, ez da posible izan eta ez da posible izango langileen aldeko akordiorik. Ez patronalaren aurrean negoziazio kolektiboan ez eta arduradun politikoen aldetik, politika publikoek eskatzen dituzten aldaketetan ere”.
Lantokietan eta kalean, aktibazioaren bidetik lortutako indarra baliatuko du sindikatuak politika publikoen aldaketak borrokatzeko, instituzioetan eragiteko. Zentzu honetan, aste honetan bi hitzordu garrantzitsu daude.
1. Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailburuarekin bilera. Enpleguren eta lan osasunaren inguruan honako eskariak helaraziko dizkio LABek.
Lehenik, enpleguaren kalitatea hobetzea eskatuko dio LABek, soldatak duindu eta 1.600 euroko gutxieneko soldatak ezartzea. Baita lanaldia murrizteko beharra ere.
Enpleguari dagokionez, halaber, etxeko langileen egoerari azpimarra: langile kolektibo horri negoziazio kolektiborako eskubidea bermatzeko urratsak eskatuko ditu LABek. Arrazismo laborala eta horri lotuta gertatzen diren abusuak, eta langile migranteen bizi dituzte egoera babesgabeak mahai gaineratuko dituzte sindikatuko ordezkariek bileran.
Bigarrenik, lan osasunari dagokionean, lan istripuei eta laneko gaixotasunei aurre egiteko politikak exijituko ditu LABek, eta sailburuari galdegingo diote patronalak, absentismoa aitzakia hartuta, ezarri nahi dituen murrizketa berrien aurka egin dezan, eta interpelazioa egin diezaion, prebentzio legea betearazteko.
2. Osasun Mahaiaren bilera. Osasun Itunik lortuko bada langileen gehiengoaren babesarekin izan behar du. Bost gai edo neurritan aldatu behar dira politikak
- Pribatizazio eta kontzertazio politikarekin amaitu eta pribatizatutako zerbitzuak publifikatzeko plana.
- Langile gehiago, egonkorrak eta baldintza duinekin.
- Urgentziaz Lehen Arretaren egoera hobetzea.
- Osasun mentaleko arazoak prebenitzeko eta artatzeko bitarteko gehiago.
- Osakidetza euskalduntzeko plana.
Enpleguari dagokionean bezala kalitatezko zerbitzu publikoei begira, langileen aldeko akordioak lortzeko langile antolakuntza eta borroka hauspotzen jarraituko du LABek ikasturte honetan.
LABek lantokietan eta kalean mobilizazioarekin bildutako indarra baliatu nahi du instituzioetan politika aldaketak lortzeko