La ofensa
Antza denez, best seller horietako bat irakurri berri dut: LA OFENSA, Ricardo Menéndez Salomón (Seix Barral). Ordu t’erdi aski da Kurt Crüwell izeneko jostun gazte eta alemaniarraren istorioa ezagutzeko: gerrara daroate, gerrako izugarrikeriaren aurrean gorputzak sentitzeari uzten dio, ihesa eta erredentzioa daude, memoriaren itzulera… Gustura irakurtzen da eta, finean, Literatura Handian ezagunak diren gaiak erabiltzen ditu: mina, izugarrikeria, giza-izaera… Kafka eta Conrad gogora, besteak beste. Baina, esango nuke, artifiziosoegia ez ote den. Iruditzen zait istorio irakurterraz salgarri bat idatzi duela Menéndezek, gidoi komertzial baten hariak zirriborratu dituela lehenbizi eta haren zerbiztura josi dituela gero folio apur batzuk (letra handiko 142 orrialde baizik ez). Liburu-dendakoaren aholkuz erosi nuen: “-Ez duzula oraindik irakurri? Denen ahotan dabil, kritikak oso ondo hartu du, irakurri beharrekoa duzu, hainbat hizkuntzatan jarria dute…”. Hara, ba irakurri dut, baina esango nuke hura gabe ere asmatuko nukeela bizitzen. Areago, pare bat egun barru ahaztuta edukiko ditut, egilea, liburua eta istorioa. Horrelaxe dira gauzak, kamarada. Zuzenegia iruditu zait, buenistaegia… Forma aldetik ez diot batere graziarik ikusi… Ez dakit nola adierazi.