L.A. Lakers, NBAko txapeldun
Joko ikaragarria eginez irabazi zuen atzo L.A. Lakersek aurtengo NBA liga. Orlando Magic-en aurka, eta etxetik kanpo, finaleko bosgarren partidan 86-99 gailenduz eskuratu zuten kaliforniarrek garaikurra. 15. urrezko eraztuna da Lakers taldearentzat, NBAren historian bigarren talderik onena bihurtuz, Bostoneko Celtics-en atzetik, hamazazpi eraztun dituena.
Kobe Bryant, Lakerseko izarrak, bere maila gorenenari eutsi zion atzoko partidan. 30 puntu, 6 errebote, 5 asistentzia eta 4 txapel lortuta, finaletako jokalaririk onenaren titulua eman zioten. Ezin garai hobean heldu garaipen hau Bryantentzat, kinka larrian baitzebilen azken boladan, eskuin eskuan zuen lesioarengatik eta Shaquille O’Neal-ek erretiroa hartu zuenetik ez baitzuen erakutsi berak eman zezakeen guztia.
Bryantentzat laugarren eraztuna izan zen atzokoa, eta oraindik bi falta ditu Michael Jordan-en errekorra parekatzeko. Baina Philadelphiako jokalaria ez zen izan atzo historia egin zuen bakarra; taldeko entrenatzailea den Phil Jacksonek hamargarren liga titulua lortu zuen, NBAren historian liga gehien irabazi dituen entrenatzailea bihurtuz.
Pau Gasolek ere jauzi ikaragarria egin zuen atzo bere karrera profesionalean. Kataluniako pibotak lehen aldiz eskuratu zuen urrezko eraztuna (berau lortzen duen estatu espainiarreko lehen jokalaria bihurtuz), eta era ezin hobean zarratu egin ditu Los Angelesen daramatzan 18 hilabeteak. Gasolek arnas barik utzi zuen Dwight Howard, Orlando Magiceko izarra, eta beste behin ere, erabakigarria izan zen bere taldeak irabaz zezan. Howard oztopatu bakarrik ez, 14 puntu lortu zituen ere San Boi de Llobregateko jokalariak; bere taldeko bigarren saskiratzailerik onena.
Garaipena zelan ospatu?
Liga titulu honekin, Los Angeles Lakers NBAko izen handien artean kokatzen da 7 urte antzuren ostean. 2002. urtetik ez zuen talde kaliforniarrak txapelketa garrantzitsurik irabazten, eta atzokoarekin, zaleek baretu egin dute aspaldi zuten titulu egarria.
Baina ospatzeko era asko daude, eta atzo, Los Angelesen, taldearen garaipenaren ostean, dendetako beirateak eta bestelako hiri-altzariak apurtzeagatik, bi sute eragiteagatik eta ABC telebista katearen furgoneta bat apurtzeagatik 25 lagun atxilotu behar izan zituen poliziak.
Garai txarrak bizi ditu, gainera, aingeruen hiriko Udalak. Krisi ekonomikoan erabat murgilduta, langile asko kaleratu behar izan dituzte udaletxetik azken hilabeteotan, eta garaipena ospatzeko txakur txikirik ere ez dutela adierazi du Antonio Villaraigosa alkateak. Udalbatzaren iritziz, NBAk eta Lakers taldeak berak pagatu beharko lukete ospakizuna, 2002ko titulua ospatzeko gastatu zuten milioi bat dolareak ezin baitituzte horrela xahutu. Ikusiko da azkenean zer egiten duten.