La derechona eta bidelagunak

La derechona eta bidelagunak –

Nafarroako muturreko eskuinak, Nafarroako jatorrizko hizkuntzaren aurkako gurutzadari eusten dio. Pirritx eta Porrotx, edo hedabide euskaldunak, Nafarroa españolizatutik bota beharreko deabrua dira, ez dadin gerta, abertzaletasunaren paralisi zorrotza gorabehera, haiek bakarrik euskara bere antzinako domeinuetara itzularazten dutela… Norbere gurasoen eta arbasoen hizkuntza, zure abizenei itxura, zure lurrari, mendiei, ibaiei, dermioei eta haranei izena ematen dien elea gorrotatzea ez dirudi oso zentzuduna, ez adimentsua, ez eta, batez ere, osasuntsua ere, baina horrelakoxe pizti multzo handia dabil inguruotan (ere).

Bien bitartean, eragile abertzaleek, batzuk besteak baino gehiago baina guztiak ere, pagoari begira jarraitzen dute, nagusiki españolez jardunez eta euskaldunak bazterrera utzita, ekimen ganorazkorik abiarazi gabe. Nafarroan (baita Iparraldean eta EAEko herri nagusietan ere) euskaldunok euskaraz bizitzeko zailtasun handiak eta unionistek ezarritako debekuak jasaten ditugun bitartean, alderdi, hedabide, bestelako talde eta norbanako abertzale asko, erdaraz bizi dira bapo, eta zirkinik ez dute egiten, nazionalista espainiarren erasoekin “biziki haserretzeaz” haratago.

Inork ez baititu behartzen hedabide abertzaleak ia erdara hutsez jardutera. Inork behartzen ez dituen bezala udal “abertzaleak” kultur programazioa ia erabat erdaraz osatzera, edo euskal taldeak erdaraz aritzeko kontratatzera, Altsasuko Iortia Centro Culturalak behin eta beste behin egiten duen gisan, udal “abertzalearen” oniritziarekin. Zein ongi datozkigun Espainiako muturreko unionistak gure kontraesanak estaltzeko. La derechona eta bere makulu “sozialista” ez lirateke ezer bidelagunik gabe. Barka eragozpenak.

La derechona eta bidelagunak

Oinezkoa

Zer duzu buruan “La derechona eta bidelagunak”-ri buruz

  • Espainol naziogintzan dihardute
    mingaina dantzan jartzen duten bakoitzean.

    Espainiar banderari gorroto diote, baina ezpainetan josita daramate piperpotorik handiena.

    Urteetan traidoreka ezker eta eskuin aritu ostean, nor eta abertzaleetan abertzaleenak ditugu Euskal Herriaren saltzaile txapeldunak.