Kultura komuna elikatu

Kultura komuna elikatu –

Jatorriz Berrian argitaratua

 

Jean-René Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria eta Iñigo Urkullu EAEkoa bildu ziren joan den martxoaren 4an, Gasteizen. Oraingoz, argazkia eta zenbait zertzelada baizik ez dira agertu prentsan, eta beharbada hobe da horrela. Elkarlanean ari direlako seinalea eman nahi izan dutela ulertzen da. «Elkar Aditze Memorandum» bat iragarri dute udarako. Orduan ageriko da zer dioen txosten horrek, zein izanen diren elkarlanaren ardatzak eta zenbat sakonduko diren.

Kultura komuna elikatu
Amestoi, Etxegarai, Elorza, Urkullu eta Anton, atzo, Ajuriaenean. MIKEL ARRAZOLA / IREKIA (Berria)

Xehetasun gutxi dagoenez eta oraindik txostena idazten ari direnez, une egokia izan liteke hastapenetan dagoen elkarlan proiektu horretarako proposamenak plazaratzeko. Euskara, kultura, turismoa, laborantza, garraioa, lurralde-politika eta migrazioa dira aipatu dituzten gaiak. Bakoitzetik balegoke zer sakondu, baina Etxegarairen adierazpenean dago muina, egunkari honetako albistean agertu zen bezala: «muga juridikoak eta burukoak gainditzeko» beharra aipatu zuen, eta azpimarratu ordezkari politikoek badituztela erantzukizun «kulturalak» ere, ardura instituzionalaz harago, kultur komun hori gabe «ezerk ez lukeelako zentzurik».

Hain zuzen, kultura komun hori elikatzea eta indartzea izan behar da elkarlanaren helburua. Etxegaraik badaki zertaz ari den ardura instituzionalez ari denean. Euskal Elkargoak dauzkan eskumenak eta aurrekontuak ez dira inondik ere Euskal Autonomia Erkidegoak dauzkanak. Badaki bere karguari «lehendakari» deitzea onartzen duela hiztegiak; baina badaki ez dela gauza bera EAEko lehendakari izatea edo Euskal Elkargokoa. Alde horretatik, komeni da Gasteizko argazkiak eragin lezakeen ilusio optikoa zuzentzea (azpimarratuta argazki horretatik falta direla Nafarroa Garaiko ordezkariak): Euskal Elkargoa ez da «Iparraldeko» EAE. Eusko Jaurlaritzak ere hartu beharko du kontuan aurrekontu eta eskumen desoreka hori, kultura komuna tiratuko duen gurdiko zaldi gehienak berak ezarri beharko baititu.

Etxegarai «ardura instituzionalaz harago» lan egiteaz mintzo denean, uler daiteke Euskal Herriko erakundetzearen mugetatik haragoko lanak egiteaz ere ari dela. Eta muga horiek handiak badira ere Euskal Elkargoarentzat, EAEk ere badauzka bereak. Zer egin, beraz, kultura komun horren alde?

Euskararen «erabileraren aldeko ekimenak sustatuko» dituztela iragarri dute. Kanpainak baino zerbait gehiago beharko da horretarako: beste hainbat neurriren artean, lan mundua euskaldundu behar da, hori gabe, nekez bermatuko delako euskararen prestigioa eta erabilera. Bidasoaren alde bateko eta besteko herritarren arteko gurutzatzeak harreman ekonomikoen bidez areagotuko dira, eta harreman horiek errazagoak izateko giltza da euskara.

Ekonomiaren bi ardatz aipatu dituzte: laborantza eta turismoa. Harremanak bultzatzeko bi arlo estrategiko dira (ez bakarrak). Laborantzari dagokionez, «euskal produktuen marka propioa» sortu nahi lukete. Adibidez, ona litzateke euskal txerriaren sor-marka nazionala sortzea edo euskal sagardoaren jatorri izena Euskal Herri osora zabaltzea, izenarekiko leial egon nahi bada. Gogoeta eta elkarlan horrek eragingo ahal du «Basque Country», «Pays Basque», «Pais Vasco», «Euskadi», «Euskal Herria», «Vasconia» eta gainerako hitzen erabilerari buruzko argitze bat. Laburbilduz: hitz horiek guztiak, berez, Euskal Herri osoarentzako direla onartzea.

Marka horretan argi eta irmo egotea estrategikoa da «euskal turismo jasangarria eta kalitatekoaren aldeko apustuan». Oraingo turismo politika «jasangarria» den ala ez aztertzen hasi gabe, turismo horrek Euskal Herria bere osotasunean aurkeztu behar luke, erakundeen eskutik. Eta «kalitatean» sartzen da lurraldeaz gain, hizkuntza eta euskal kultura erakustea. Gastronomiaz harago doan kultura, bistan da.

Kultura politika da, preseski, elkarlan horren beste ardatz bat. «Euskal kultura sustatzen duten kalitatezko proiektuak» bideratzeko xedea erakutsi dute. Ez da ongi ulertzen proiektu espezifiko batzuk bultzatu nahi dituzten ala dagoeneko daudenen promozioa lagundu. Kalitatezko kultura ekoizpenak badaude, bistan da, antzerkian, musikan, zineman edota, literaturan. Zailtasuna dago kultura ekoizpen gehienentzat, Bidasoa zeharkatzerako orduan (alde batetik edo bestetik).

Erakundeetatik etor litekeen sustapen egokiena da kulturaren zabalkundea eta programazioa laguntzea. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan antolatzen diren kultura ekitaldi gehienak elkarteek (ikastolek eta abar) antolatzen dituzte. Haren berri heltzen zaienean ere, nekez ausartzen dira antzerki profesional bat ekartzera, dirua galduko duten beldurrez. Erakundeen elkarlan horrek bermatu behar luke euskal kulturaren programazio nazional bat, ardura hori ez uzteko diruz larri dabiltzan elkarteen bizkar. Gero ere, elkarte horiei utz dakieke aukera taberna zabaltzeko edo taloak saltzeko.

Laburbilduz, uda hasierarako iragarri duten «memorandum» horri eska dakiokeena da euskal esparru nazionala eraikitzea, bai ekonomian, bai kulturan, bai hizkuntza politikan. Eta baita ere garraio publikoan, kirolean eta beste hainbat arlotan. Ea argazkitik eta muga (fisiko eta legal) administratiboetatik harago doazen.

Kultura komuna elikatu
Kultura komuna elikatu
Kultura komuna elikatu
Kultura komuna elikatu

5 pentsamendu “Kultura komuna elikatu”-ri buruz

  • Marketin hutsaren itxura guztia dauka tamalez. Ez dago aurrekaririk, argazki horretatik egitasmo sendorik irtengo dela pentsatzeko. Politikari profesionalek argazkialdi etengabekoan dihardute, eta horretan adituak dira EAJkoak, adibidez. Euskara, gainera, pagotxa handia da gisa horretako antzezkizunetarako. Edozer iragarri daiteke, ez baitago igarkizun horren jarraipenik egingo duen erakunde edo talderik. Soufflé puztu handi huts-hutsa eraiki dute EAEko agintariek euskararen inguruan, euskalgintzaren paralisi latza lagun. Horra beste kapitulu bat, Urkulluk dioen bezala, “Euskadi eta Iparraldearen” arteko elkarlana. Izendapenetik beretik iruzurra: izan ere, Euskadi EAE baino ez bada (ai, si Sabino viviría…), “Iparraldea” nongo iparraldea da ba???

  • Kultura komuna = kultura-komuna = the culture toilet.

  • Ados JJrekin.

  • Eneko Bidegain 2019-03-22 08:40

    Osoki ados zurekin JJ

  • Benat Castorene 2019-03-22 13:09

    Luzaz, Hegoaldetik, euskal gobernutik, confebasketik edo historiaz
    deus ez zakiten beste batzuengandik entzun behar izan ginuen
    horrelako farisaukeriak :
    “…problema da zuekin, aurrean ez dugula interlokutore ofizialetik…”
    Orai bai kontent izan daitezkeela denak!
    Izan ere, gu euskaldunak ordezkatzeko, badugu hiri frantses baten
    auzapez frantses bat, gu preso atxikitzeko frantziak berak
    eraikitako “elkargo” erakundearen buru.
    Dakidanez Etchegaray jaunak euskara ezdaki eta ofizialki bere burua
    frantziartzat dauka. Ez da deus normal ez denik horretan.
    Egiazko problema gure aldetik dator, hau da: guk gure ordezkaritzat eta gure lehendakaritzat hartu nahi dugula gure amets iratzarrian.
    Nola ez ados izan JJrekin?
    Zerbait zinez on atera baledi euskal herriarentzat, mirakulua izango
    litzateke