Koronamugikortasuna
Koronamugikortasuna –
Iragan astean Erroman izan nintzen, eta ez, ez dizuet koronabirusaren inguruko deus kontatuko, ez eman matrakarik. Mugikortasunaz hitz egin nahi dizuet. Edo desmugikortasunaz. Edo antimugikortasunaz.
Erroman egona nintzen lehenago, bai eta Italiako bertze toki batzuetan ere, eta oraingo bisita hau arte grazia egiten zidan italiarren mugikortasun ereduak. Baina oraingo honetan tokatu zait Erroma erdialdeko karriketan paseatzea haur aulkitxo bat bulkatzen, eta orain konturatu naiz oinezkoek kale askotan ez dutela nondik ibili, autoek sistematikoki zebrabideen gainean aparkatzen dutela, espaloiak etengabe mozten dituztela portaletatik ateratzen diren errepide zatiek, semaforoek oso segundo gutxi ematen dizkietela oinezkoei, elbarriak ezin direla kale anitzetan ibili, eta abar. Alegia, hiria, batez ere, ibilgailu pribatu motordunendako antolatua dagoela.
Eta halako batean konturatu nintzen hagitz bizikleta gutxi ikusten nituela autoen artean ibiltzen. Eta halako batean bizikletazaleen protesta batekin egin nuen topo: auto batek harrapaturiko azken ziklistaren heriotzagatik protesta.
Eta pentsamendu egoista bat izan nuen: Iruñeko mugikortasun eredua negargarria izanagatik ere, eta guk ere mugikortasunaren biktimak izanagatik ere, bertze toki batzuetan are negargarriagoa dela egoera eta, hartara, zorionekoak garela bizi garen tokian bizitzeagatik. Bai, badakit ez dela oso pentsamendu polita. Baina huraxe izan zen burua bete zidan gogoeta.
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2020 martxoaren 3koa]