Koronabirusaren beldur antzean!

Koronabirusaren beldur antzean! –

Ez dugu holakorik ezagutu gehienok. Gure aurrekoei entzun bai gerrako kontuak eta gose-urteetakoak (1940-1941), baina ikusten ez den birusagatik garbitasuna areagotzea, jende kopuru handiak saihestea, lanagatik edo janari edo sendagaiengatik ez bada, etxean gelditzea, establezimenduetan distantzia gordetzea, eta musu eta esku emate eta holakoak ekiditea gauza berria da, inoiz ikusi ez duguna eta inoiz egin gabea.

Koronabirusaren beldur antzean!
Elizabet Aibar.

J.M. Pastorrek Berria egunkarian plazaratu du Camusen Izurria irakurria dugunok egunotan gogoan erabilitakoa: Orango izurritea, eta bereziki nobelako protagonista nagusia den Bernard Rieux mediku kronikagilearen ahoz Camusek liburuaren amaieran adierazia: izurri garaietan ikusten da gizakiak mirestekoa gehiago duela mespretxatzekoa baino. Ez da ahaztu behar, bestalde, naziek Frantzia okupatua zutela idatzi zuela Aljerian jaiotako frantses idazleak liburu hori -kazetari gisa nazien aurkako erresistentzian aritu zen-, eta alegorikoki, erregimen naziak frantses gizartean sortutako izurrite moralaz ere ari zela, osasun larrialdiaren estalkipean.

Jeneralean, gure mendebaldeko gizarteotan, txoro-txoro bizi ohi gara aisialdian gutxiz gehienok: bazkaria hemen, kirol ekitaldi edo ikuskizunen bat han; horra edo hara bidaiatzen dugu edo bidaiatzeko pozean izaten gara; eta bat-batean hara non datorkigun Ekialde urrunetik, Italian barna, Gasteizera eta euskal herri guztietara lastertasun handiz mehatxu hedakor ikusezin hau, seriotasun airea ekarriz gure burmuinetara.

Nahiz eta norberak osasun ona izan, eta horregatik norberaren beldur handirik ez, kontziente gara nornahik noiznahi istripuren bat izan dezakegula eta osasun-etxeak gaixoak ezin artaturik egon daitezkeela koronabirusagatik. Ideia hori zabaldu da, eta ardura komunitarioa berpiztu digu.

Geure nartziso buruaren oskola pitzatzera ere etorri da koronabirusa, eta bizitzari seriotasuna eranstera, egoera ohiz kanpokoetan bezala.

Eta alde makurrak? Lehenik, gaixoei eragiten dien sufrimendua eta haien zaintzaile eta ahaideei ere.

Bigarrenik, osasun arloko langileek arrisku eta zama benetan astuna bizkarreratu behar dute, eta ez diegu merezi bezala eskertzen, inola ere. Beste hein batean, agintarientzat ere, estres handiko egunak bizi beharrean suertatzen dira eta.

Hirugarrenik, denok dakigu horrelakoetan aprobetxategiek beren negozioak egiten dituztela; beti dago jendea laguntzea zer den ez dakiena, baina egoeraz aprobetxatzea bai.

Azkenik, eztabaida politiko halamoduzkoa ere sorrarazi du: horrelako egoera ohiz kanpokoetan Txina bezalako alderdi politiko bakarrekoek beren eskumeneko lurraldean jokatu ohi duten bezala jokatu behar al da mendebaldeko demokrazia burgesotan? Txina eredu, eta Italia kontraeredu? Neurri drastikoak goitik hartuz ala herritarron ardura aktibatu eta indartu behar da nagusiki, neurri zorrotzak baztertu gabe?

Eztabaida horretan katramilaturik ginela, Espainiako gobernuburua agertu zaigu hedabide guztietan esateko izurriak Espainiako estatuan ez duela autonomien arteko bereizketarik egiten, ez dagoela Kataluniako eta Euskadiko naziorik, eta estatu zentralista bati dagokionez, larrialdiari aurre egiteko aginte bakarra jarriko dela indarrean. Politikak ez du zirrikitu askerik ezagutzen; estatuaren jabe denak agintzen du eta kito.

Politika zentralista gorabehera, koronabirusaren izurria eta harekin batera beldurra hasi baino egin ez diren egunotan, ederrena izango litzateke izurriaren amaieran, Albert Camus idazlearen Izurria liburuko Bernard Rieux mediku-kronikagileak bezalatsu, baieztatzeko moduan egotea gizakiok mirestekoa gehiago dugula mespretxatzekoa baino, komunitate sentimendu solidarioa gailendu delako gure egoismo indibidualaren gainetik.

Oroimenera ekarri dugun liburua izurria gainditu ondoko festarekin amaitzen da, baina ohar honekin: edozein momentutan aktiba daiteke berriro ere izurriaren birusa. Geurean dugu eta ez dakigu noiz arte!

Koronabirusaren beldur antzean!

Saiakera-idazlea

47 pentsamendu “Koronabirusaren beldur antzean!”-ri buruz

  • Peru_Gabiriko 2020-03-16 21:45

    Gureak ez du sendatzeko trazarik. Ez dago Nostradamus izan beharrik.Kutsua aspalditik estrukturala da hankabiko arrazaren baitan. Gaitz honen ostean beste bat eta beste bat etorriko dira jo ta denak arrabaskitu arte.

  • Bai tonu apokaliptikoa eman diozula; ez nizun alderdi hori ezagutzen Peru Gabiriko

  • Peru_Gabiriko 2020-03-18 14:34

    Baliteke, Pako, ez dizut ukatzen.
    Apokaliptikoa… Inork ez dit hemen halere kontrapunturik adierazten.

    Susmo sendo batek harturik nago, gure barrenetan ajeaturik gabiltzala pentsatzera, burdinak herdoiltzen eta egurrak hirutzen diren antzera… ez dakit beranduegi ez ote gabiltzan, gainera.

    Gure burmuinak, psikismo osoa, desinfektatu behar genuke lehenik, inolako neurririk hartzera jo baino lehen.

    Beno, Peruren ustea da hau, besterik gabe.

  • “Espainiako gobernuburua agertu zaigu hedabide guztietan esateko izurriak Espainiako estatuan ez duela autonomien arteko bereizketarik egiten, ez dagoela Kataluniako eta Euskadiko naziorik, eta estatu zentralista bati dagokionez, larrialdiari aurre egiteko aginte bakarra jarriko dela indarrean. Politikak ez du zirrikitu askerik ezagutzen; ESTATUAREN JABE DENAK AGINTZEN DU ETA KITO”

    Bai eta ez, Pako.
    Euskal nazioaren auzia ETBk ere ebazten du, esaterako. Hau da, estatu espainar guztiko datuak zehatz eta mehatz erakusten dizkigun bitartean (hildakoak, infektatuak, osatuak, hartutako neurriak, eta abar), BERRIA eta GARA irakurri behar dira Iparraldeko egoeraren berri orokorren bat jasotzeko (por zierto, BERRIAk Lapurdikoaz besterik ez du hitz egiten eta GARAk zehaztasunik gabeko Iparralde zabalaz).
    ETBk bitartean Espainia du xede, bihotz, erreferentzia, ortzimuga, neurgailu, aberri-patria…
    Ikuspegi hori ez du estatuaren jabe denak bakarrik eraikitzen.

  • Ados, Meredith, horretaz luze hitz egin daiteke. ETB1 eta ETB2ren arteko diglosiaz ere -beharbada, ez da hitz egokia-. ETB1en baino askoz gehiago lantzen da aktualitatea ETB2n; en jake-n eta; euskaldunok askotan ETBren ispiluan begiratuta, menditarrak, baserritarrak, arrantzaleak ematen dugu, herri people, eta hiria eta hiriko gauzak, eta gaurkotasuneko gaiak gaztelaniaz.
    Euskaldunok beti haurtzaro-nerabezaro betierekoan iraungo bagenu bezala, eguneroko bizimodu aldakorrari bizkarra emanda.
    Fikzioa gaztelaniaz gehienbat; kirola euskaraz batez ere.

  • Komunitate sentimendu solidarioa ari da indartzen konfinamendu honekin? Ez dakit ba. Agintariekiko menpekotasun sentimentua ez ote dabilen indartzen nago.Askotan gainera nahiko irrazionala…

  • Arrazoia ematen dizut Erramun. Artikulua joan den larunbatean idatzi nuen, eta lau egunotan ikusitakoa ikusita, ertzain eta oro har polizienganako beldurra autoan, askatasun indibidualen gehiegizko murrizketa…paseo bat bakarrik ematea bera ere, edo korrika bakarrik ibiltzea ere debekatua…

  • Peru_Gabiriko 2020-03-18 23:13

    Bale, orain konturatzen naiz nondik doazen zuen irakurketak.
    Pandemia baten aurrean gaude, eta gure etsai kolonoek horretaz baliatu nahi dute gure gainetik beren botere zentralizatzailea are gehiago bermatzeko. Hori da hemen iradokitzen ari zaretena, ezta?
    Hori da, ezta?

  • Zertara dator Peru Gabiriko liztor asiarraren gisako ezten hori? Zuzeutik -bestela ez- pixka bat ezagutzen zaitudalako jarri naiz erantzuten, nahiz eta ez dakidan ziur zer erantzun.
    Sanchezek esan du: birusak ez du lurraldeen arteko bereizketarik egiten, eta nik ere ez, Espainiako hamazazpi autonomien artean. Estatu zentralista. Ikusi nahi ez baduzu, ba, ez duzu ikusi nahi.
    Baina, oker ez banago, zu beste gauza bat esaten ari zara: gizadia galduta dago, giza balioak erreka jota, eta pandemia honek hori azaleratzen du inoiz baino argiago, eta zuek huskeria politikoekin ari zarete.
    Zein da zure ikuspuntua: garai bateko balio erlijiosoak berreskuratu behar genituzke; horixe izango litzateke pandemiari benetan irabazteko modua.

  • Benat Castorene 2020-03-19 11:56

    Hausnarketa eta deklarazio uholde honetan iduritzen zait absenteak badirela . Zuen aldian, gauza anitz aditzen ote duzue produkzioko enpresa tipi eta ertainetaz? Batez ere bertan ari diren teknikarietaz, eta esku langileetaz ?
    Badira horrelako enpresak zeinetan ofizinakoek etxetik lan egiten baitute,eta, besteek tallereran jarraitzen baitute ezin aplikatuzko osasun neurriekin. Anartean enpresariak erantzun behar diolarik azken hauen kezka ulergarriari.
    Bai osasuneko langileak heroiak dira bainan produkzioko langileak ez ?
    Macronek iradoki du pandemia honen ondoren mundua ez dela lehen bezala izanen.
    krisi honi esker, emanen ote diegu produkzioko langileei, landetan eta talleretan ari direnei, gizartean merezi duten inportantzia ?
    Arrazoi nabarmenak daude horretarako
    Adibide bakar bat emaiteko :
    Horrenbeste falta zaizkigun eta txinoek aski fite ekoiztu ezin dituzten maskei eta birusa detektatzeko testei aski da erreparatzea, frantziar politakarik ari zaizkigularik orai konbentzitzen ez direla hain beharrezkoak. .

  • Alde honetan, sindikatuek eta aipatzen dute produkzioko ezinbesteko arloak edo sektoreek bakarrik egin beharko luketela lan lantegietan. Askotan, lanaldi murriztuarekin ari dira, edo ariko dira astelehenetik aurrera. 10.000 langile EAEn aldi baterako espediente erregulazioarekin.
    Bide batez, lan zail bat jarriko dizut -ez da beharrezkoa erantzutea-, Frantziako Iraultza Uztaritzen plaza honetan argitaratuko duzularik -zorionak!-, egungo Euskal Herri kontinentalak zertan ezagun du Frantziako Iraultzaren ondorengo dela? Bai, oso galdera orokorra da. Jakobinismoaren berri badugu. Baina, demagun, interesatua denarentzat, Frantziako Iraultzaren eragin handia zertan nabari da soziologikoki, psikologikoki, mentalitatean?

  • “Pandemia baten aurrean gaude, eta gure etsai kolonoek horretaz baliatu nahi dute gure gainetik beren botere zentralizatzailea are gehiago bermatzeko”.
    Ba bai Peru Gabiriko, uste dut bete betean asmatu duzula. Agian estatu espainiarra ez da izango zuretzat “etsai kolonoa” baina ezin da ukatu baliatzen ari dela egoera estatua indartsuagoa egiteko: armadaren presentzia, estatu polizialaren eraikuntza, manipulazio emozionala…
    Eta españolismoa ere indartu nahi dute (funtsean estatalismoa), adibidez neurri arrazista bat dekretatu dute: inbertsore atzerritarrek ezin dute Ibexeko enpresen akzioak erosi.
    Beraz euskaldunok, ez daukagu zergatik txalotu behar politika hau. Politika txarra estatu osoko biztanle gehienentzat gainera.

  • Benat Castorene 2020-03-19 16:57

    Milesker Patxi, bainan ba ote dakizu ian birusa kontrako maskak eta testak herrian ekoizten ditutzuen ala hemen bezala Txinatik etor arazi behar ditutzuen?
    Bestetik
    “Frantziako Iraultzaren eragin handia zertan nabari da soziologikoki, psikologikoki, mentalitatean?”
    Justuki galdera honi erantzuteko da garrantzitsua lehenik ulertzea zer pasatu zen hemen Iraultza garaian. Sobera presatua zara!.

  • Benat Castorene 2020-03-19 17:22

    Oraiberetik erran dezaket eragina itzela izan dela eta ezin dugula gure egoeran deus ulertu ezbadugu garai horren oroitzapena buruan beti atxikitzen. bainan Patxi hori badakizu nik bezain untsa…

  • Peru_Gabiriko 2020-03-19 18:42

    Patxi, errespetu handiegia dizut desadostasun-puntu batzuetan zurekin katramilkatzeko. Uste dut nik baino gehiago dakizula alde guziz ere. Orain dela hamabost bat urte zure artikuluen ehizan ibiltzen nintzen Bilbo inguruko liburutegietan. Aurkitu nituen batzuk eta gogotik irakurri. Beraz, zurekin ez naiz eztabaidan sartuko. Maisu onari bakea emaiogun.

    Baina zera esan nahi nizuke: zuk hemen erdeinu-antzean edo irri-doinuz “erlijio” aipatzen duzun hau kontu serioa da niretzat. Ez dut ikusten opiazeo moduan, zenbait marxistek ohi duten bezala. Hiru seme-alaba ditut eta kristautasunetik abiatuz, heziketa erlijioso zaba bat eman nahi nieke.

    Nik erlijio deitzen dudan hau, hizkuntza ez berbala da. Punto.

    Oraingo pandemia honek atera dezala gugandik daukagun zatirik onena, eta Makron azeriaren iragarpen hori beteko ahal da balinba. Aro berri baten atetan jar gaitzala alegia guztiok.

  • Mila bat esker Peru Gabiriko, eta osasuna!

  • “askatasun indibidualen gehiegizko murrizketa…paseo bat bakarrik ematea bera ere, edo korrika bakarrik ibiltzea ere debekatua…”, hau idaztea errespetu falta iruditzen zait, Patxi. Baina norbaitek azaldu beharko dit zer gertatzen ari den hasieratik: mendebaldean koronabirusa ez da serio hartzen, irri egin zaio/diozue, ekialdeko gizarteetan ez bezala. Zergatik da hau? Norbaitek badaki? Eta hori guztia, bagenekienean pandemia bat etorriko zela, zientzialariak esan eta esan ari ziren: ez zekitela noiz baina etorriko zela ziur. Aurreko urteetan SARS eta beste batzuk ikusi ditugu, azkenean ez ziren pandemia bilakatu. Eta nik ez dakit horrek eragina izan duen, hau da, “lehen ere alarma faltsu asko” izan da. Ba hori horrela bada, begira orain… atzeko atetik sartu zaigu. Birus honek arrakasta izan du “katarrito” itxura eman duelako edo itxura hori saldu digutelako, beti ere mendebaldean. Baina zergatik? Zergatik entzun behar izan dut hamaika aldiz “adinekoei eta gaixo kronikoei soilik eragiten die”? Eta horiek ez al dira pertsonak? Irakurri ondorengo artikulua, ezinegona sortzen duen arrikulua: https://www.google.com/amp/s/www.berria.eus/paperekoa/1881/021/002/2020-03-04/koronabirusa.amp.html

    Zer gertatzen da mendebaldean? Eta bide batez esan, Arnaldo Otegiren erreakzioak, krisi honetan, txunditu nauela, hau esatean: “guretzat hauteskundea amaitu da, ez dugu jada horretan pentsatzen, jar ditzagun indar guztiak krisi honi erantzuna emateko”. Txapela kentzeko moduko erreakzioa. Baina beste erreakzio mota horiek ez ditut ulertzen. Azalduko didazue?

  • Patxi, eta zuk esandakoa errespetu falta iruditzen zait, “paseo bat bakarrik” zuk egin nahiko duzulako, nik ere bai eta besteak ere bai, azkenean kaleak beteta. Hemen denok pentsatzen dugu “ni garbi nago eta paseoa bakarrik eman dut, ni ona naiz eta ez dut kutsadura arriskurik sortu”. Denok gara onak, baina gaitzak aurrera egiten du. Patxi, badakizu gauzak ezin direla horrela egin. Eta gauza bat gehituko dizut: hobe da zuk diozun “gehiegizko murrizketa” hori egitea, ahalik eta lasterren krisiarekin amaitu eta berriro kalera itzultzeko. Dena birala izan behar duen honetan, osasun arloko langileei txalo zaparradak… baina langile horiek esan dute: “nahiago dugu txaloak baino, jendeak isolamendua zorrotz betetzea”. Zergatik? Lan gehiago eta beraien osasunarentzako arrisku gehiago ez dutelako nahi. Ekialdean ulertzen dute, zergatik hemen ez?

  • Niri ere errespetu falta iruditzen Zuhaitz, idatzi dudan artikuluari kasurik ez egin, edo azaletik irakurri onenean, eta nire komentario txatxu samar bat hartzea aitzakia gisa, idatzi duzun paragrafo histeriko hori idazteko. Segur aski gaztea zara -heldua bazara, heldu erretxina, beraz, okerrago-, eta horretxek desenkusatzen zaitu neurri batean.
    Ez da denbora asko kalera atera naizela erosketa-poltsarekin erosketatxo batzuk egitera. Aitortzen dut aitzakia bat nahi nuela kalera ateratzeko eta oso ondo etortzen zait erosketak egin beharra.
    Gaizki jokatu dut?, ez dut uste. Denda barruan beste bat zegoen. Hura atera arte zain egon naiz. Txartelarekin ordaindu dut. Ezagun batekin hitz egin dut distantzia batera.
    Kalean, nik uste, oro har, ongi jokatzen ari garela. Eta benetako gudua ez dela hor jokatzen, nahiz eta hor ere jokatzen den, jakina.
    Benetako gudua enpresetan dago, ekonomiari, patrikari, diru santuari ukitzen dion horretan.
    Iturri onetik jakin dut Jaurlaritza bera Lakuan langileekin ez dela fin jokatzen ari. Langileen osasunerako arrisku gehiegi onartzen dituela.
    Enpresa pribatu askotan beste horrenbeste gertatuko da. Osasun segurtasuna eta lana ongi uztartzea oso zaila izango da.
    Bestalde, bizi garen gizarteaz, ditugun balioez hausnartzeko balioko digu.
    Goizean entzun dut Euskadi Irratian, Hego Korean dagoen euskaldun baten ahotik, hango maxima morala dela lagun hurkoa ez kutsatzea. Zein polita! Zenbat ote du mitotik?, zenbat ote du egiatik? Kasu honetan oso ondo datokigu maxima zahar hori aplikatzea: ez besteri egin zeuretzat nahi ez duzunik. Jatorri erlijiosoa ere badu, baina moral naturala ere bada, gizatiarra, zentzu komunetik oso hurbilekoa.
    Baina, hori esanda, beste ahots batek esaten dit beste arrisku bat ere badagoela gurean orain: oposizio politikorik kasik ez dagoen honetan -denak koronabirusaren aurka buru-belarri- eta hedabideen kanpaina lagun, espiritu kritiko guztia haizea hartzera bidaltzekoa.
    Erreparatu ekonomia eta osasunari!
    Eta bai, egoera zaila da, eta denon erantzukizuna beharrezkoa da. Histerismorik gabe.

  • Beno, “egoera zaila” da onartzea, ez da gutxi. “Histerismorik gabe”… nik uste dut histerikoak hasiera, hasieratik “lasai egon, kontrolpean dago, gure osasun sistema prestatuta dago” esan eta esan aritu direnak izan direla. Zenbat aldiz entzun behar izan dugu “lasaitasuna”. Jendea lasai zegoen, ez dakit zergatik errepikatzen zuten hainbeste. Agian beren buruak lasaitu nahi zituzten prestatu gabe zeudela bazekitelako. Zeren, berehala ikusi da prestatu gabe zeudela, berehala egin dute gainezka. Hortxe egin ziren iñauteriak, ni ez nengoen batere ados. Hortxe egin ziren 8Mko martxak, ni ez nengoen batere ados. Eta ordurako Italia gori-gori zegoen. Laburtuz… mendebaldeak huts egin du, erabat. Eta soziologoek edo ez dakit nork azalpenak eman beharko dituen, baina gizarte honek huts egin du. Hego Koreari buruz, “benetakoa zenbat den” ez dakizula diozu. Huts egin duenaren erresumina dirudi horrek. Askoz hobeto egin dute, askoz. Agian SARS eta horiekin prestatuagoak zeuden jada. AEBek ere huts egin dute erabat, Martera robotak bidaltzen dituzte eta maskararik ez daukate, fabrikatzeko gai ere ez dira. Hainbesteko ejerzitoa dute… Hollywooden hainbatetan ikusi dugun ejerzito ahalguztiduna, eta maskararik ez dute. Mendebaldea krisian dago, mendebaldarrak autogorrotoz bizi direlako.

  • Argi dagoena da pandemia aitzakiatzat hartuta herritarren gaineko kontrol soziala estatu totalitarioenen gisan estutu dutela bai Espainiak eta bai Frantziak.

    Askatasun politiko-sozialak ikaragarri mugatu dituzte eta langileon lan-baldintzak askoz gehiago murriztuko dituzte datorren krisiaren aitzakiarekin. Hau dena herritarroi egia ezkutatuz, zuzenean gezurra esaten ez digutenean. Vox populi da datu guztiak manipulatuta daudela sistemaren ahultasuna disimulatzeko, ezagunen bat osasungintzan duen edonork daki ongi. Agerian geratu da “autonomia estatutua” delakoa paper bustia dela eta azkenean gobernu zentralek agintzen dutela egitan.

    Salbuespen egoera ezarri digute muturren aurrean, eta horren aurrean herriaren ustezko ordezkariek txiton egin dute burua sumisoki makurtuz. Lotsagarriak EAJ eta EHBren adierazpen eta ekintzak funtsean berdinak izan dira, herria zapaltzaileen menpean bere zortera utziaz.

    Edo elkar hartzen dugu edo jai dugu sistema politiko-ekonomiko honekin

  • Peru_Gabiriko 2020-03-20 15:51

    Joer, Mikelats, a ze txapa, a ze txapa…

  • Peru_Gabiriko 2020-03-20 15:57

    Estatu kolonizatzailearen asmo maltzurrekin beti obsesionatuta

    Irakur zak Adolf Hitler-en Mein kampf eta Deuschland ipintzen duen guzietan Euskal Herria jar zak… hor aurkituko dituk hire alpha eta hire omega…horrela gauean lo gozo-gozo egin ahal izango duk, joder.

  • Peru_Gabiriko 2020-03-20 16:02

    Ostia bedeinkatua ya. Beti txapa berarekin bueltaka

  • Eta hik zergatik ez duk irakurtzen Mein Kampf, Peru Gabiriko? Uste duk hik hainbeste maite duan Estatu Espaniarra egia esaten dabilela?Uste duk estatu espainiarra politika egokiena jarraitzen dabilela? Uste duk montaje mediatiko propagandistiko emozional hau beharrezkoa dela? Uste duk estatau espainiarra espainiar izateari utzi eta gehiagogo barik “humanoa” bihurtu dela? Hik eskubidea daukak estatu espainiarrarekiko maitasuna adierazteko baina errespeta zak estatu horrekiko mesfidatiak garenok. Ze hi baino txapaemaile handiagorik ez dakit dagoen foro honetan.
    Estatu espainiarrak zergatik debekatu die ez-españolei Ibexeko akzioak erostea? Nor da hitlerianoagoa? horrelako dekreto arrazista bat babesten duzuenok arrazistak zarete eta zuen españoltasuna eta zuen estatu horrekiko menpekotasuna eta maitasuna osasuna eta ekonomiaren gainetik jartzen duzue.

  • Erramun, nik batzutan besteei irakurtzen diedanean besteek baino gutxiago dakidanaren sentsazioa izaten dut eta horixe gertatu zait zurekin. Erantzun ahal didazu:
    “… Estatu Espainiarra egia esaten dabilela?” – Zein da gezurra?
    Zergatik da montaje mediatiko propagandistikoa? Telebistetan gai berarekin dabiltzala… telebistak horrelakoak dira, baina gobernuak esaten al die horrela ibiltzeko? Beste estatuetako telebistetan ez da gauza bera? Zure ustez nola kudeatu beharko litzateke guztia?

  • Telebista ez dut gehiegi ikusten, youtuberrenak adierazkorragoak dira baina ez dut youtuber euskaldunik ezagutzen. Adibidez zer dakigu Txagorritxuko egoeraz? Zenbat hil dira aurten gripe normal batekin? Politikoek zergatik egin dute Covid 19aren froga edo testa? eta non egin dute froga? ospital publikoan edo pribatuan? Publikoan egin badute prebarikatu egin dute eta pribatuan egin badute gezur politikoa esaten ari dira.Egoera hain larria baldin bada eta Arnaldo hain ondo baldin badabil jokatzen “euskal sindikatuek” zergatik ez dute greba orokorrera deitzen? Zergatik egiten da osasun publikoaren aldeko kanpaina mediatiko hau, covid19ko zabalkunde fokoa EAEn Txagorritxuko ospital publikoa izan bada?
    Zergatik debekatzen da bakarrik paseatzea? nahi badute mobiletan aplikazioak jarri daitezke frogatzeko ez duzula kontaktorik izan inorekin.
    Zergatik ez da informatzen Covid19ak hildakoen patologiaz? Zergatik bultzatzen dira lapikokadak eta horrelako pitokeriak?
    Teleberrietako tono lakrimogenoaz ere nazkatuta nago. Eta tertuliano, politiko eta abar komunikabideetan birusari garrantzia kentzen ibili zirenek lasai asko jarraitzen dute eta jendeak ere apal apal sinisten dizkie bai, aurreko txorradak eta oraingo emozionalkeriak.Eitben ikusi nuen tipo bat esaten maskarillek ez zutela ezer egiten…Barkamena eskatu dute berri kaltegarri hau zabaltzeagatik?
    Frogatuta baldin badago sauna bero batek birusa akatzen duela zergatik itxi dituzte polikiroldegiak?
    Gauza ez da nik asko dakidala, ezdakit ia ezer, baina EAEko osasun sailburuak zer daki? Zer zekien Esapiniako gobernuko Fernando Simonek? Zer zekiten Noticias de Alabako kazetariek Martxoaren 9an “Vitoria se vacuna contra el machismo” titularra atera zutenean? Humorezko titularra eta astelehenean bertan ikastetxeak itxi zituzten. Zergatik botatzen zaio errua kapitalismoari noiz eta ekonomia kapitalistena duten herrialdeak, Singapur eta Korea, krisia ondoen kudeatu dutenean,
    Zergatik ez dira testak egiten?

  • Jakin dut, ustez behintzat iturri onetik, hil den galdakoztar erizaina, 52 urtekoa, goian bego, asmatikoa zela eta kortikoideak hartzen zituela. Ez dut hedabideetatik jakin.
    Duela egun batzuk, Nafarroako gobernuko lehendakariorde kutsatua azaldu zen hedabideetan, eta, etxean konfinatua agertzen zen, baina, osasun onean eta esanez katarro bat bezala edo zela.
    Duela egun batzuk lasaitasun mezua zabaltzen zen batez ere.
    Gaur egun, bestela da.
    Ez dut ondorio azkarregirik atera nahi.
    Apuntatuta uzten dut.

  • Erramun, lehen bezala gelditu naiz. Nik ere egiten ditut zuk egiten dituzun galdera asko. Zure testua irakurrita, zu ere ni bezala, nahastuta zaudela ikusten da. Patxi, 52 urteko erizaina asmatikoa zela komunikabieetatik jakin dut. Baina zer gehitzen edo kentzen du horrek? Ez dut ulertu inoiz. Beti esaten da “adinekoei eta gaixotasunak dituztenei eragiten die”, nolabait hori aringarri bat da, gainerakook ez dugu arduratu beharrik… ez al da jarrera zikoitza? Gripearen pareko hilkortasuna esaten zen, baina berehala ikusi zen ez zela hala, gaixotasuna Txinan zelarik neuk ere ikusten nuen ezetz. Estatistika garbirik ezingo da egin agian, zenbat kutsatuta dauden ez dakigulako, baina datu ofizialak ikusi besterik ez dago: %5 eta %8 hilkortasun tasak ateratzen zaizkit. “Baina adinekoak dira” esango dit norbaitek. Baina horrek zer axola dio? Azalduko didazue mesedez zergatik hartu behar den kontuan adinekoak izatearena? Badakit etxean egote gogorra dela baina Erramun… zeure onetik aterata somatzen zaitut. Zergatik ezin den bakarrik paseatzera atera diozu. Erramun, zuk eman jendeari eskua eta besoa hartuko dizute, ala ez? Txinatarrak flipatzen omen daude hemengo konfinamendu klasea ikusita. Italiara laguntzera etorri diren medikuek errieta egin omen diote Italiako gobernuari Milaneko konfinamendua ikusita. Hoteletan oraindik festak egiten ari omen dira, kalean jendea ikusten omen dute… Jaunak! Zer gertatzen da mendebaldean? Garbi dago portaera hauen guztien atzean beste zerbait dagoela, soziologoek badute lana.

  • Peru_Gabiriko 2020-03-20 18:51

    Erramun eta aialdeko beste zenbaiti erantzunez
    (Patxi kanpo uzten dut kontsiderazio hauetatik, lehen esan bezala, tipo zentzuduna izateaz gain, ni baino jantziagoa dela badakidalako)

    Erramun, Mein Kampf hori nahiko liburu gomendagarria da denontzat, zuretzat eta niretzat, hor azaltzen diren amets erromantikoak, poesia musikalak… eta abar gero zertara eman zuten ikus dezakegulako. Datozen belaunaldien hezibiderako ez legoke gaizki liburu hori dibulgatzea.

    Auden poeta ingelesaren hitzaldi batetik ateratzen dut honako beste ikaskizun hau, nire ustez esaten ari garenari nahiko hertsiki lotua:

    Lehen Mundu Gerraren ostean Alemania depresio gogor batean murgildurik zegoen. Ekonomikoki eta abar. Emakume xahar batzuk, alargun amultsuak, atseginak une haietan eltxetxo txikiak hartu eta jendeari pegatak jartzen zizkioten paparrean, sos batzuk “partidu berriarentzat” ateratzeko. Orduan esperantza-bide moduan zetorren alderdi nazional-sozialistarentzat alegia. Proyecto Hombre edo Domum-ekoak bailiran. Alargunak, sinpatikak, gaixoak…

    Haiek orduan sortzen zuten errukiaren atzean inork ez zuen pentsatuko zer nolako munstro kriminala elikatzen ari ziren. Mundu osoa kolokan jarriko zuen alderdia !

    Eta gauza hauek madarikapen biblikoak bezalakoak dira. Historiatik ikasi beharra dago, Erramun, bestela behin eta berriro beldurrezko pelikula berbera errepikatzen ibiliko gara… Ok? Bahiza?

    Horregatik zuen adierazpen maximalistak irakurtzen ditudan bakoitzean, txanponaren beste aldeari erreparatu nahi izaten diot, ez dut bistatik galdu nahi zuek bultzatu nahi duzuen gizartearen astindu berri batek nolako kostuak izango lituzkeen gure artean, gure seme-alabengan eta abar…
    Gauzak ez dituk hain errazak, hi!

  • Lasai, Peru Gabiriko, krisi hau estatu espainiarraren menpean jarraituko duk, eta krisi ostean ere bai.Hire zoriontasuna ez zegok arriskuan.Baina nik behintzat zuen pitokeriak ez dizkist txalotuko eta hire historia klaseak ere ez dizkiat aintzat hartuko. Azkenean española izateko Alemaniako historia jakin beharrik ez zegok…

  • Ah Peru Gabiriko beste gauzatxo bat: euskal abertzaletasuna eta nazismoaren arteko lotura Francoren garaian ere egiten zuten, beraz historia jakitea ere oso ondo dago. Eta munstroa elikatzen ari zaretena zuek zarete.

  • Beno, Erramun. Eta orduan zure ustez zer egin behar da? Birusari zirkulatzen utzi eta populazioa inmuniza dadila Boris Johnsonek dioen moduan (gero atzera egin badu ere) ala Txinako neurri zorrotzak aplikatu?

  • Peru_Gabiriko 2020-03-20 22:32

    Erramun:
    Euskal abertzaletasunaren historiak (XX. mende osoan, adibidez) ez du zerikusirik Alemaniako nazismoarekin. Hori denok ikusten dugu eta ergelenak ere badaki. Nik beste norabait apuntatzen nuen.

    Patriaren exaltazio guztiak (guztiak, espainiakoa barne) gogaikarriak zaizkit. Oro har -ismo guztiak, ideologiak denak oro har. Zergatik? Beti pelikula bat montatzen dute on eta gaiztoen artean. Sentitzen dut baina ez dut nire bizitza zentzu horretan artikulatu nahi. Ideologiek XX mende desastroso horretan ikaragarrizko triskantzak eragin dituzte.
    Hori zen, xinpleki, adierazi nahi nuena.

    Dena den, oker ez banaiz, hemengo eztabaida koronabirusaren ingurukoa zen.

    Egunotan, alarma egoeran egonda, jende askoren inpultso (=barne bulkada) irrazionalak ikusi behar izan ditugu han eta hemen. Hori ere ez dut maite. Okituta nago, egia esan.

  • Peru_Gabiriko 2020-03-20 22:43

    Gure beheko solaituko bizilagunak, Bilboko udaltzain buru-soila bera, arratsaldeko zortziak emanez gero, megafoniatik “Resistiré” ozen-ozen ipintzen du auzo guztiak entzun dezan. Jendea horrela animatzen da paraje hauetan. Athletic-en partidurik ez daukagunez, auzo guztia diskoteka bihurtu behar dugu, gure ergelkeriaek nonbaitetik aterabide bat izan dezaten.

  • Peru_Gabiriko 2020-03-20 22:54

    Eta horrelako jende pardela edonon dago, zoritxarrez. Alemian eta hemen. Batzuek euskaraz dakite, beste batzuek ez. Einsteinek esango lukeen moduan: inutil-tasunak ez du mugarik, infinitoa da.

  • Oilar-joko gogorraren erdian, beste zelai batera igaro da Peru, autoterapiara. Eutsi goiari Peru! Zaildu egingo gaitu egoera honek! Osasuna tonaka!

  • Peru_Gabiriko 2020-03-20 23:26

    jua jua

  • Peru_Gabiriko 2020-03-21 03:18

    Ez Patxi, benetan: nazka-nazka eginda nago jende exaltatu honekin.
    Nire gaztaro gehiena halakoen artean eman nuen. Sasoi batean asko agintzen zuten. Beren zintzarri hotsarekin lepotik gora naukate.

    Oilar-joko hauetan aurrera sartuko banintz ez nuke finean ezer garbirik aterako.

    Nire Orixe eta nire Bitoriano Gandiagarekin gelditzen naiz, kito.

    Plazer bat izan da zurekin hitz bakar batzuk trukatu ahal izatea. Zure iruzkinak irakurtzen jarraituko dut. Jo aitzina, lagun!

  • Eta Sansomendiko kuarteleko atarian eskua babestu barik guardia zibilei bostekoa ematen jardun duten ertzainak dira eredugarriak edo jende pardelaren multzoan sartu behar ditugu? holakoekin nazka nazka eginda egoteko aukerarik edo behinik behin erreserba mentalik izateko eskubiderik badaukagu? Edo hauek ere euren patriotismoa lehenesten dute osasunaren gainetik? Identifikatuta daude horrela jokatu duten bi funtzionario publiko horiek?Zer egin behar diete?
    Gure arteko autogorrotoa bultzatzen jarraitu behar dugu/te?

  • Peru_Gabiriko 2020-03-21 12:39

    Erramun: zurekin adostasun puntu bat bilatzearren, esango nuke oraingo paniko egoera zabal honen atzean badaudela beste hamaika interes izkutu ere. Uste dut horretan bat egingo genukeela biok.

    Badaude bai, egoera baliatuz poliki aberastuko direnak (farmazeutikak, supermerkatu kateak, enpresari batzuk.., besteak beste). Baina hori mundu mailan gertatzen da. Ez da gure gaitza bakarrik. Beste COronavirus mota bat da hori…

    Eta kito honenbestean. Agur Peru Gabiriko, ez haiz hemendik berriz ageriko!

  • Gainera bostekoa emate hori eredugarri gisa edo agertu da, kritika izpirik gabe.
    Nire txokoño honetan (ez nago bakarrik) , etxepekorik apenas ikusten dudan, eta hogeita hamabi bizitegiko ( zortzi solairu lau bizitegidunak; gehienak beteak) bloke batean bizi naiz. Birusa baino azkarrago hedatu da beldurra, hedabideak lagun. Egitate bat da nire etxepean eta auzoan.
    Gauzak hola, pozbide gertatu zait Mexiko eta AEBetako kontuak entzutea Euskadi Irratian. Badakit ez dutela balio deus konpontzeko, ezpada une bateko erlaxabiderako.
    Mexikon, konfinamendua ezinezkoa da hogeita hamar milioi langile eta euren familiak egunero irabazten dutenarekin bizi direlako. Lanik ez, ahora jatekorik eramaterik ere ez! Konfinamendua ezinezkoa. Osasun zerbitzurik onena militarrek omen dute, eta gobernuak haien esku utziko omen du neurri sanitarioak hartzea.
    AEBetan dagoen euskaldunak esan du hango kutsatuen datuak ezin direla sinetsi, ez gezurra esaten dutelako agintariek baizik eta eurek ere ez dakitelako. Ezaguna da AEBetan osasuna, beste arlo asko edo gehienak bezala, pribatizatua dagoela, eta gizarte basatia dela alde horretatik. Munduko multinazional aberatsenak, eta horrenbestez norbanako aberatsenak ere, baina jende xehea bigarren munduan edo bizi omen da, eta “ahal duena salba dadila” bide da maxima moral nagusia.
    Erositako prezioan saldua.
    Urrunekoen larritasuna norberaren lasaigarri gertatzea ez dela oso zuzena? Ez nuke ezetz esango, baina hala sentitu dudala bai.

  • Espainiako gobernuak errekisatzeko beldurragatik gobernu txinatarrak miloi bat maskarilla bidali gabe utzi ditu.
    Supermerkatuak eta farmazeutikak aberasten? alde batetik kontsumoko produktuen prezioak ez dira aldatu, eta bestetik sare sozialetan zabaltzen diren komunikazioen arabera botika pilo bat ezin dira hartu…

  • Benat Castorene 2020-03-21 16:20

    Eguneroko soldata behar duten .mexikar horientzat lehentasuna da nahitaez lana..
    Europan, estatu “probidentzialei” esker, denek ez bainan gehiengoak pentsatzen du eguneroko jatekoa gisa batez edo bestez segurtatua duela. Lehentasuna emaiten ahal zaie osasun neurriei eta lan egitetik gera daiteke.
    Noiz arte egonen da probidentzia lana ez bada egiten eta zergak ez badira sartzen?.Ala guk ere kondatzen dugu mexikar pobreen lanaren gainean?

  • Berrian gaurko alean datorren informazioa “Atharratzeko kasuen kontrol falta, ageriko” ez da lasaigarria, Beñat, osasun aldetik. Frantziako estatuaren laguntza probidentziala ez du sobera famatzen.

  • Benat Castorene 2020-03-21 18:48

    Patxi iduritzen zait ez nauzula ulertu.Beharbada erran behar nuen:
    . “Lehentasuna emaiten ahal zaie osasunari eta lan egitetik gera daiteke”
    Ene xedea ez zen Frantzian hartutako neurriak gorestea..baizik eta lehentasunaren erlatibitateaz Herrien eta sozial klaseen araberan.

  • Estatu bakoitza mundu bat, eta Europa eta Amerika ere biga, eta hamaika ñabardura