Koronabirusa eta mugak
Koronabirusa eta mugak –
Sare sozialetan ikusten diren petizioen arabera, gero eta gaizkiago ikusita dago Iparralde eta Hegoaldearen arteko muga itxia geratzea. Azken hiru mendetako Euskal Herriaren Historiari begira, ez da lehengo aldiz hori gertatzen dela: Gerla Karlisten denboran eta Espainiako Gerla Zibilaren denboretakoak izan ziren gogorrenak; gure gizartea dezente inarrosi zuen azken aldia, frankismoaren bukaeran gertatu zena, 1974 udazkenekoa izan zen: Madrilen gertatu eta Iparraldeko «Santuario» delakoan omen prestatu atentatu batengatik, egun berean, Espainiako Estatura sartzeko pasaportea exijitu zuen Espainia frankistak, horren egiteko gutxienez aste bateko epea legez exijitzen delarik, hau baita normalki pasaporte bat egiteko administrazioak behar duen denbora. Askotan bezala, onartu zuen Frantziako Gobernuak… Horrek naski nahasmenduak eragin zizkien mugaren bi aldeetan ari diren pertsonei.
Korona birusa dela eta, gauza bera gertatzen zaigu orain. Uda hurbiltzen ari zaigularik, ez dute Hendaiako bizilagunek ulertzen zergatik Pauetar bat Hendaiara etor daitekeen eta bera Irunera ez. Frantzia eta Espainiako agintariek horren justifikatzeko, pandemiak Hegoaldea jotagoa dela esan diezagukete. Baina Frantziako gune gorritik berdeetarantz joateko baimentzeak izugarrizko jazargo bat erakusten digu. Andorrako kasua begira dezagun: Hego aldeko Katalunian pandemiak domaia asko egin arren, alde bietan irekita dago muga pandemia hasi zenetik, hau baita martxoaren hamaseiaren geroztik. Egiten den murrizketa bakarra erosketei buruz da; Andorrako biztanleek eta bertan egoitza bat dutenek bakarrik printzerriko dendetan erosketak egin ditzakete. Monakori dagokionez, Itsasaldeko Alpeetako departamentuan bizi direnak Monakora sartu daitezke maiatzaren hamaikagarrenetik. Orduan Monako eta Andorrara sartzea, kontrolpean naski, baimendurik badira, zergatik gauza bera ez egitea gure mugan?
Irungo auzotzat jotzen dute Irundarrek Hendaia. Hiri bien sistema ekonomikoak aspalditik lotuak daude, eta muga ekonomikoa ireki ondoren, askoz irekiago. Lanari dagokionez, Bidasoa Beheko jende andana batek interesak baditu ibaiaren alde bietan. Baita Irungo salerosketa guneek Iparraldeko jendeak eratortzen dituzte. Ahaideak mugaren alde bietan daudela kontutan hartu beharrezkoa da ere.
Dudarik gabe, pandemi kasu guztietan jendeen mugimenduak murrizten dira, birusa heda ez dadin, areago gaur gertatzen dena bezalako kasu batean, zeinetan birusa gaizki ezagutua den eta zeinentzat oraindik txertorik aurkitu ez baita. Baina orain deskonfinatze eta deseskalatze fase batean gaude, eta segurantza neurriak, hain zorrotzak ez, baina malguago izan behar dira, beti kontrolpean.
Hendaia ez da Coronabirusak zigortutako leku bakarra Euskal Herri bien arteko mugan: Pausu, Ibardin, Dantxarinea eta Arnegi ditugu ere beste muga pasa lekuen artean. Toki hauetan bentak daude, eta Nafarroa Garaiko bentak enplegu iturburuak dira Iparraldeko jende askorentzat. Hauek lan egitera joateko baimena dute, baina Iparraldetik muga itxita izateagatik bezero gutxiago etortzen bada, bentetako mozkinak gutxiago izanik, lanpostua galtzeko arriskuan aurkitzen dira langileak. Horregatik zilegi da jende kopuru bat behintzat pasatzen utzi dezaten muga pasa leku guztietan, noski osasunezko kontrolak utzi gabe.
Benten arazotik at, beste puntu minberatsu bat ere dugu Luzaide-Arnegi herri bikotea. Duela bi urte edo, lehen mailako eskolak partekatzen dituzte bi herri nafar horiek bietako bakoitzean eskolak ez ixteko. Orain arte esperientzia pedagogiko ona izan da eta euskararen aldeko aurrerapentzat jo dezakegu. Ez dakit zer erabakia hartu duten aurtengo eskolara itzultzerako. Baina pena handia litzateke koronabirusaren kontrako eraginkortasuna orain kritikagarria den neurri zorrotzegi batengatik, esperientzia horren ondorioen galtzea.