Kontziente izatea

Kontziente izatea –

Aintzane Urrutiak Arabako Alea agerkarian.

Oporrak… garai atsegina guztiontzat. Atsedenaldi sasoia. Agintari moduan erlojua eta betebeharrak dituen egunerokotasunetik ihes egiteko aukera. Hemen eta orain egoteko abagunea. Parada hori aprobetxatzeko baina, beharrezkoa dugu horretaz jabetzea.

Kontziente izateaBetiko itzulera deritzona, lehen aldiz estoizismoak aldarrikatu zuen denboraren kontzepzio filosofikoa da. Munduaren errepikapena planteatzen du, berriro sortu eta gertakari guztiak berdin errepikatzeko helburuarekin iraungiko den mundua. Filosofia orientalak ere gertakari zikliko moduan ikusten du izatea. Alabaina, pentsamendu honen arabera, betiko itzulerak unibertsoaren perfekziora gerturatuko gaitu. Ekintza, une eta gertaera bakoitza betiko errepikatu egingo dira, bai, baina berrabiaratze bakoitzean aurreko jazoera horiek orraztu, leundu edota hobetu egingo dira. Oporrak ere denbora edo aldi konkretua dira guztion bizitzetan, eta nolabait ziklikoa hau ere.

Urtero errepikatzen diren jazoera dira oporrak. Batzuek estoizismoari jarraiki urtero berdina errepikatzeko hautua egiten dute. Beste batzuek aldiz, pentsamendu orientalaren hobetzeko helburuarekin, plan ezberdinak gauzatzen dituzte. Modu ezberdinean, baina beti aurreikusita eta planifikatuta.

Bada, larunbateko gau giroa aprobetxatuz egin nuen ibilalditxoan… aspaldi ikusten ez nituen eta horren magikoak iruditzen zaizkidan hainbat ipurtargi ikusi nituen, haurtzarora eraman ninduten bueltan. Horrela, egunerokotasunetik benetan ateratzeko beharra daukadala ikusi nuen, hemen eta orain egoteko beharraz jabetu nintzen. Jabetu, kontziente izateak ematen duen boterea. Esanguratsua, ederra eta zoriontsu bizitzeko beharrezkoa.

Horrenbestez, izan zaitez zu ere irakurle benetako beharren kontziente eta Covid-ak plan guztiak hankaz gora jarri baldin badizkizu ere, bueltatu zaitez une batez haurtzarora eta gozatu benetan oporrak, merezi dituzu eta!

Kontziente izatea

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.